Saltatu nabigazioa

9.3.6.- Karmele Jaio

Karmele Jaio Eiguren Vitoria-Gasteizen jaio zen 1970. urtean. Alabaina, familia-sustraiak Lekeition izanda, lotura estua izan du betidanik herri honekin. Informazio zientzietan lizentziatu zen EHUn eta kazetari aritu zen, besteak beste, Euskaldunon Egunkaria eta Gara egunkarietan. Beste hainbat komunikabidetan ere kolaboratu izan du: Diario de Noticias de Álava, Deia, Diario de Noticias de Gipuzkoa, El País… Gaur egun Emakunderen komunikazio arduraduna da.

Horrez gain, literatura idazlea ere bada, eta genero ezberdinak landu ditu, narrazioa, poesia eta eleberria tartekatuz. 2004an argitaratu zuen Hamabost zauri bere lehen narrazio liburua, eta ordutik beste bi kaleratu ditu: Zu bezain ahul (2007) eta Ez naiz ni (2012). Hala ere, 2006an ateratako Amaren eskuak eleberriak egin zuen ezagun.

2004an Igartza Sariari eskuratu zuen, eta hari esker idatzi zuen azken liburu hori, eta arrakasta handia lortu zuen. Zilarrezko Euskadi Saria, Zazpi Kale Saria eta Beterriko Liburu Saria jaso zituen. Gainera, Jaiok berak itzuli zuen gaztelaniara Las manos de mi madre izenburupean, eta alemanezko bertsioa ere bada: Mutters hände. Eleberri horren arrakasta ikusita Mireia Gabilondok zinemara eraman zuen istorioa eta 2013an estreinatu zen Donostiako Zinemaldian.

Bitxikeria bezala, aipatu behar da, nobela horren azalean agertzen den argazkia Lekeitioko Santi tabernan ateratakoa dela. Argazkian Karmele Jaio agertzen da haurra zela, eta ondoan dituen emakumeak Miren Eiguren ama eta Karmele Eiguren izeba dira. Biek lan egin zuten taberna horretan eta eleberriko hainbat pasadizo bertako kontuetan oinarrituta daude. Liburuan ez da aipatzen Lekeitioko taberna horren izena, baina txikitatik amari entzundako hamaika kontu erabili zituen Karmele Jaiok eleberria idazteko. 

Amaitzeko, 2009an Musika airean eleberria kaleratu zuen, eta 2015ean Orain hilak ditugu poesia bilduma. Halaber, zenbait ipuin antologietan ere parte hartu du: Historias del 8 de marzo (2008, BBK), Ametsen baratza (2005, Elea), Adiskide maitea (2005, Txalaparta), Ametsetarako hitzak (2007, Hitza), Haginetako mina (2008, Txalaparta) eta GVERO (2009, El País).

 

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia