Saltatu nabigazioa

4.1.1.- Euskal hirien sorrera Erdi Aroan

Garai hartako testuingurua aintzat hartzen ez badugu, ezin uler daiteke Lekeitioren bilakaeran, hiri-gutuna jasotzeak izan zuen garrantzia.

Euskal Herriko lehen hiriak Donejakue bidearen inguruan sortu ziren XII. mendean zehar. Hispania kristaua, pariei[1] esker aberatsa zen arren, arabiarren aurkako konkistei ekin aurretik Pirinioetatik Galiziaraino zihoan zerrenda luze bat baino ez zen. Garai hartan, Europan merkataritza eta artisautza goraldian zeuden, eta Donejakue bidea zen zonalde hau Europarekin lotzen zuen ardatza. Egunero ehunka gizon pasatzen ziren bertatik –erromesak, merkatariak, soldaduak–, eta ibilbide horrek baldintza ezin hobeak sortu zituen hirigintza –hirien sorrera– garatzeko.

Merkatal komunitate berri hori erregulatzeko erregeek foruak eman zizkieten hainbat populamendu estrategikori. Horrela, bi foru familia sortu ziren, Logroñokoa –Gasteizen bidez Araba eta Bizkaira zabalduko zena– eta Jakakoa –Nafarroan eta Gipuzkoan nagusituko zena–. Euskal hirigintzaren lehen fase horretan Nafarroa eta Araba izan ziren garrantzitsuenak, esan bezala, Hispania kristauko ardatz ekonomiko, sozial eta politikoa, Donejakue bideari jarraituz, ekialdetik mendebaldera baitzihoan. XIII. mendera arte ez zen ia hiririk sortu Gipuzkoan eta Bizkaian.

Errekonkistak aurrera egin ahala, ardatz horrek iparralde-hegoalde norabidea hartu zuen. Kristauen esku geratu ziren arabiarren hiri handi aberatsak eta bertako landa eremu zabalak. Eremu horiek ardien bazkaleku ezin hobeak zirenez, artzaintzaren garapena ahalbidetu zuten, eta manufakturen hazkundearen ondorioz Europa iparraldean goraka zihoan artile eskariaren hornitzaile nagusi bilakatu zen Gaztela.

 Horrela, merkataritza ardatz berri bat eratu zen eta Kantauriko portuek paper ezin garrantzitsuagoa bete zuten bertan. Aurrerago, burdingintza eta balearen ehizak ere lagunduko zuten garapenean, baina merkataritzaren ardatza aldatzea izan zen benetan garrantzitsuena. Testuinguru horretan sortu ziren lehen hiribilduak Bizkaia eta Gipuzkoan.

Bizkaiko jaunek XII. mendean, fideltasuna gorde zioten Gaztelako erregeari Nafarroaren aurka, eta horren ondorioz, Gaztelako arkitektura politikoan gora egin zuten, batez ere Haro etxeak. Bizkaia azken horien jaurerri bihurtu zen, eta hirien fundazioak erregeak beharrean, Bizkaiko jaun edo andereek burutu zituzten. Era berean, XI. mendetik aurrera, Bizkaiko jaun txiki gehienak Haroko etxearen ondora hurbildu ziren, eta horrela, Bizkaiko kapareen kohesioa mantentzea lortu zuen familia nagusi horrek.

Begia merkataritzaren goraldian jarriz, Bizkaiko jaun eta andereek jaurerriaren hiritartze prozesua bultzatu zuten, baina jaun txikien fideltasuna ez galtzeko, sortutako hiriak ez ziren hain handiak izan. Ondo zehaztu zen, alde batetik, zer zen hiria –Logroñoko foruaren esparru juridikoa– eta, bestetik, zer lur laua –aitonen semeen esku zegoena, Bizkaiko usadio zaharrak mantenduz–. Horrela, nolabaiteko oreka mantendu zen aldeen artean.

Bizkaiko hirigintzak hiru fase izan zituen. Lehen fasean (1199-1285), Urduña, Bermeo eta Balmaseda sortu ziren merkatal bideen leku estrategikoenetan. Lekeitiok bigarren fasean (1285-1327) lortu zuen hiri-gutuna, garairik oparoenean hain zuzen. Garai horretan, kostaldean eta barrualdeko bide estrategikoetan fundatu ziren hiriak, merkataritzaren dinamismoaren eraginez. Besteak beste, Lekeitio, Ondarroa, Lanestosa, Portugalete, Plentzia, Bilbo, Ermua, Otxandio edo Durango dira aldi horretakoak, gehienak aurretik habitat bat zegoen tokian eratuak. Azken fasean (1338-1376), Bizkaiko hiri sarea osatu zen, Gernika, Ugao, Mungia, Larrabetzu, Markina edo Elorrio bezalako hirien fundazioarekin. Hala ere, azken horiek gehienbat defentsarako hiriak ziren, gehienak garapen sozioekonomikorik izango ez zutenak, jada, atzeraldi ekonomikoan murgildurik baitzegoen zonaldea.         

[1] Pariak: taifek erresuma kristauei ordaintzen zizkieten zergak.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia