Saltatu nabigazioa

7.1.4.1.- Euskaldunen balea

Balea ez da arraina, ugaztuna da. Horzdunak (odontecetes) eta bizardunak (mistacocetes) daude. Euskaldunen baleak bi ziren, Gran Bayko balea (Balaena mysticetus) eta gehien harrapatzen zutena, hasieran Balaena biscayensis bataiatua eta geroago Balaena glacialis birbataiatua, bizardun motakoa. Azken hori, Balaena motakoa zen, hau da, ez zeukan hegatsik, ez gizen hanturarik bizkarraldean ezta larruazalean tolesdurarik ere. Burua zetazeoaren luzera osoaren bosten bat zen, eta  hezurduraren laurden bat; goi baraila nahiko okertua; fanon horixkak, 250 inguru alde bakoitzean, mystecetus motakoek baino lodi eta motzagoak, gainazal lazdunak, eta bizar gorri nabarrak. Gorputza larruazal urdin ilunez estalia, beltzagoa bizkarraldean eta berdeagoa ertzetan. Coromula eta Cyamus motako bizkarroiak, batez ere burualdean; hegats torazikoak, nahiko motzak. Bizkarrezurrean 56 orno: zazpi garondo-bertebra, hamalau bizkar-bertebra, hamaika gerrialdeko-bertebra eta 24 kaudal.

Balea mota horiek, migratzaileak izanda, neguan Ipar Atlantikoko itsasoetatik Afrikako uretaraino bidaiatzen zuten. Euskal arrantzaleek migrazio mugimendu horiek baliatzen zituzten Bizkaiko Golkotik igarotzean ehizatzeko. Izan ere, balea espezie horiek gure inguruetan urte osoan bizi direnak baino errentagarriagoak eta harrapatzeko errazagoak ziren. Otzanak izateaz gain, gorputz-masaren ia erdia gantzez osatua zuten, eta horrek, baleari dirutan balio handiagoa emateaz gain, hil ostean ur azalean hondoratu gabe mantentzea suposatzen zuen. Horrela, hainbat tona izan arren, arrantzaleek erraz garraia zitzaketen lehorrera. Horrez gain, beste zetazeo askok ez bezala, bizarrak ere bazituzten, Europako merkatuetan balio handia zuen produktua.  

Beranduago, ordea, gure kostaldean balea kopurua urritzean, euskal arrantzaleek balearen bizilekuraino joan behar izan zuten ehizara; bizilekuan taldean biltzen zirela konturatzean Sardako balea goitizena jarri zioten. Kantauri Itsasora banan-banan etortzen ziren, nahiz eta batzuetan kumearekin edo bikotearekin etorri.

Ehizatzeko teknikaren aurrerapena dela eta balea mota hori desagertu egin da Labradorren eta, oro har, guztiz desagertzeko zorian dago. Gaur egun, ontziak motordunak dira, arpoian dinamita jartzen da eta kanoien bidez jaurtitzen dute. Hasieran, ostera, banan-banan ehizatzen ziren kostaldean. Urte luzeak behar izan ziren balea harrapatzeko eta bere produktuetatik onura ateratzeko beharrezkoa zen ehiza-teknika asmatzeko eta hobetzeko. Lehendabizi harrapatu eta kostalderaino ekarri behar izaten zen. Lehorrera igo, ataletan ebaki, koipea urtu, gorde eta saldu. Lan neketsu eta astuna, baina herri guztiarentzako irabaziak zekartzana.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia