Saltatu nabigazioa

8.0.- Kokapena

Lekeitiok jai eta ospakizunen egutegi oparoa izan du azken mendeetan. Batzuk bidean galdu diren arren, gaur egunera arte iraun dutenak ere baditugu. Horien artean, esanguratsuenak, beharbada, aratusteak, antzar jokoa, kaxarranka edo emakumeen aurreskua dira.

Erritu eta ospakizun horiek gaur arte iraun duten arren, badakigu jatorrian bestelako esanahi eta sinbolismo bat zutela. Belaunaldiz belaunaldi elementu berriak bereganatuz eta zaharkituak baztertuz joan dira, finean, garai berrietara egokituz.

Horietako erritu askok, zalantzarik gabe, erlijio eta kultura aurre-kristauan dituzte euren sustraiak, eta oraindik ere iragan horren zantzu batzuk gorde arren, kristau kutsu nabarmena jaso dute azken mendeetan.

Izan ere, batez ere Trentoko Kontzilioaz (1545-1563) geroztik, Eliza behin eta berriz saiatu zen jaiak kontrolatzen, moldatzen edo mugatzen. Erlijio kristauarekin lotura zuzena zuten ospakizunetatik gustuko ez zituen elementuak kentzeaz gain –mozorroak, dantza eta abar–, profanotzat jotzen zituen bestelako erritu eta ikuskizunetan ere esku hartze handia izan zuen. Lekeition, adibidez, ilunabarretik aurrera, dantza eta musika debekatzeko ahaleginak egin zituen. Bere hitzetan herritarrek bekatuen tentaldian erortzeko arriskua zuten. Antza, lekeitiarrek San Pedro, San Antolin eta beste egun batzuetan, gau osoa ematen zuten, kalerik kale, dantzan, kantuan eta jai giroan.

Aurrerago ikusiko dugun moduan, azken mendeetan, Lekeitioko jai garrantzitsu guztiek jasan dute Elizaren eragin nabarmena. Besteak beste, kaxarranka, emakumeen aurreskua edo aratusteak ezin dira ulertu kristautasunak beraietan izan duen esku hartzea aintzat hartu gabe. Bestalde, azken hamarkadetan, jai batzuk, jatorriz zeukaten zentzuaren edo gerora bereganatutako kutsu kristauaren gainetik, kontsumorako masa-espektakulo bihurtu dira; herriko patroiaren jaiak edo Antzar Eguna kasurako. 

Hori dela eta, jai eta ospakizunak aztertzean, beharrezkoa da izan duten bilakaera eta eraldaketa historikoa kontuan hartzea.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia