Saltatu nabigazioa

1.1.3.- Klimatologia. Itsasoaren eragina

Iberiar penintsulako iparraldeko kostalde guztian bezala, Lekeitioko klima ozeanikoa da. Itsasoaren eragin nabarmena du eta, ondorioz, klima epela eta euritsua da. Oro har, klima berbera aurki dezakegu Euskal Herriko iparralde osoan. Hau da, Gipuzkoan, Bizkaian, Nafarroa iparraldean, Lapurdin eta Zuberoan. Alabaina, itsasoa hurbilago ala urrunago izan, tenperaturak hotzagoak ala beroagoak izan ohi dira.

Lekeitio itsasoaren mailan egonda, tenperaturak are epelagoak dira eta, esaterako, 0ºC neurtzen diren egunak ez dira urtean hamar baino gehiago izaten. Normalean, tenperaturak epelak eta gorabehera gutxikoak dira urte osoan zehar; 14,5ºC-ko bataz bestekoarekin. Udak leunak dira, 20ºC-ko bataz bestekoarekin. Neguan ez du hotz handirik egiten, tenperaturak ez baitira 9,5ºC-ko bataz bestekotik jaisten.

Ipar-mendebaldeko haize hezeen eraginez, prezipitazioak erregularrak eta ugariak dira; eta urte guztian zehar giroa hodeitsua izaten da. Hala ere, urtarorik euritsuenak udazkena eta negua dira, nahiz eta, sarri asko, apiril eta maiatzean ere euri nahikotxo egin. Bataz besteko prezipitazioa kopurua 1.250 mm ingurukoa da, eta ez dago urtaro lehorrik. Hori dela eta, Lea ibaiaren emaria oparoa da urteko sasoi guztietan, eta nahiz eta urtaro batetik bestera aldaketak izan, ez da sekula agortzen.

Bizkaiko Golkoko berezitasun klimatiko bezala galarrena aipatu behar dugu. Fenomeno hori egun beroetan sortzen da, bat-batean fronte hotz bat agertzen denean. Denbora gutxian, haizearen norabidea eta indarra aldatu egiten dira. Galarrenarekin haizea mendebaldetik ipar-mendebalderako noranzkoan mugitzen da eta 100 km/h inguruko abiadura hartzen du. Gainera, tenperatura nahiz presio atmosferikoa bat-batean jaisten dira. Zerua hodeiz betetzen da eta, normalean, euria egiten du. Horrez gain, itsasoa zakartu egiten da eta olatu handiak sortzen dira. Galarrena udaberri eta udazken bitartean izaten da, bereziki uda sasoian.

Historian zehar hainbat ezbehar gertatu dira fenomeno atmosferiko horren ondorioz, horietan gogorrena 1912. urteko abuztuan. Harako hartan, 143 arrantzale bizkaitar galdu ziren itsasoan, tartean hamasei lekeitiar.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia