Saltatu nabigazioa

1.2.2.- Migrazio mugimenduak

XX. mendean, eta batez ere mende horren 1960 eta 1970eko hamarkadetan, Lekeitiok immigrazioa estatuko beste herrialde batzuetatik jaso zuen gehienbat: Gaztela, Extremadura, Andaluzia, Galizia eta abar. XXI. mendearekin, ordea, estatu mailako immigrazioa hori baretu, eta etorkinak beste estatu batzuetatik hasi ziren heltzen.

Nazioarteko mugimendu berri hori Latinoamerikatik, Afrikatik, Europa ekialdetik eta Asiatik dator batik bat, eta ez da Euskal Herrira mugatzen. Mundu mailan gertatzen ari den fenomeno berri bat da. Etorkin horien helmuga ez da eskualde edo probintzia zehatz bat, ezta estatu bat ere. Pobreziak edo gerrak sortutako ondorioak direla-eta, migratzaileak txirotutako herrialdeetatik Mendebaldeko herrialdeetara datoz. Nahiz eta horietako asko tituludunak izan, lanpostu gogorrenak eta soldata baxuak izan ohi dituzte: tabernetan, kale-saltzaile, zaborrak jasotzen, eraikuntzan, adinekoak zaintzen, prostituzioan eta abar. Gainera, kasu gehienetan ez dute legezko kontraturik edo gizarte segurantzarik izaten.

Azken hamarkadan, gero eta etorkin gehiago etorri dira Lekeitiora. Jaioterriari dagokionez, honako hau zen 2017. urtean Lekeitioko biztanleriaren banaketa: berton edo Bizkaian jaiotako 5.928, Gipuzkoan eta Araban jaiotako 248, estatuko gainerako herrialdeetan jaiotako 394 eta estatuz kanpo jaiotako 622. Azken horiek 2001ean 145 ziren eta 2017an, berriz, 622.

Datu horiek erakusten dutenez, urtero, bataz beste estatuz kanpoko 30 etorkin gehiago daude. Zalantzarik gabe, faktore horrek herriko demografian eta biztanleriaren nolakotasunean eragin nabarmena izan du. Herriko biztanleriaren beherakada geldotzeaz gain; oro har, etorkinak gazteak izanik, biztanleriaren zahartze progresiboa atzeratzea eta ugalkortasun tasa igotzea ekarri dute.

Hizkuntza, kultura eta bilakaera historikoa direla eta, Hego Euskal Herrira eta Lekeitiora datozen etorkin gehienak Latinoamerikatik datoz, eta hauek osatzen dute etorkinen komunitate handiena. 2016ko datuak erreparatzen baditugu, kontinente horretan jaiotakoak 269 direla ikus dezakegu. Herrialdeei dagokionez, honako hau da banaketa: Paraguai 69, Peru 30, Ekuador hamazazpi, Kuba 22, Kolonbia 26, Brasil bost, Bolivia hamabost, Argentina hamasei, Dominikar Errepublika bat, Uruguai lau, Venezuela 27 eta Txile zazpi. Kontinente horretako etorkinen artean ez dago apenas iparramerikarrik.

Espainiako lehengo kolonietako etorkinak alde batera utzita, hurbiltasun geografikoagatik, afrikarrak dira etorkinen bigarren multzo nagusia: 109 guztira. 20 Afrika iparraldekoak, Aljeria eta Marokokoak batik bat; eta 73 Afrika beltzekoak, gehienak senegaldarrak. Azken horien immigrazioa da azken urteetan gehien hazi dena.

Bi talde horien ostean, Europa ekialdekoak eta portugaldarrak dira ugarienak. Ikusi, bestela Europako beste estatu batzuetan jaiotakoen datuak: Frantziako hamabost, Alemaniako bat, Portugaleko hemeretzi, Italiako sei, Poloniako bi, Erresuma Batuko bost, Errumaniako 31, eta Europako Batasunetik kanpo jaiotako hogei, gehienak errusiar eta ukraniarrak.

Azkenik, Asia eta Ozeanian jaiotakoak ditugu. Lehenengoak hamalau dira, sei txinatar eta bi pakistandar. Bigarrenek, berriz, hogei dira guztira, gehienak euskal jatorriko arbasoak dituztenak.

Etorkin horien artean 246 dira emakumezkoak eta 272 gizonezkoak, beti ere 2016ko datuak aintzat hartuta. Hala ere, kopuru hori ezberdina da komunitate bakoitzean. Amerikarren eta asiarren artean gehiago dira emakumeak: 147/122 eta 8/6 hurrenez hurren. Europa eta Ozeanian jaiotakoen artean gizonak gehiago izan arren, muga oso estua da: 52/54 eta 9/11. Afrikarren artean, ordea, emakumeak erdia baino gutxiago dira, hau da, 30/74. Muga are handiagoa da afrika beltzetik etorritakoen kasuan: 9/64.

Atzerrian jaiotako biztanle horietako askok espainiar nazionalitatea eskuratu dute azken urteetan. Gaur egun, atzerrian jaiotako guztietatik 321 baino ez dira espainiar nazionalitaterik ez dutenak: Europako 80, Afrikako 90, Amerikako 141, Asiako zortzi eta Ozeaniako bi. Kopururi horiei begiratuz gero, espainiar nazionalitatea lortu duten herritar gehienak amerikarrak direla ikus daiteke, komunitate horretako 269 atzerrian jaio arren, horietatik 128k espainiar nazionalitatea baitute.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia