Saltatu nabigazioa

9.3.1.- Juan Antonio Aboitiz

Juan Antonio Aboitiz (1751-1824) abade eta bertso-jartzaile lekeitiarra izan zen. Berak jarritako bertsoak ahoz aho ibili ziren XIX. mende osoan zehar eta, beraz, aldaera ezberdinak iritsi zaizkigu. Batzuen ustez herri-poeta, besteen ustez bertsolaria; ez dago argi bertso paperak idazten zituen ala bat-batean abesten zuen. Hala balitz, ezagutzen dugun lehen abade bertsolaria litzateke.

Garaikide izan zituen euskal letretako hainbat izen garrantzitsu. Besteak beste, Juan Antonio Mogel (1745-1804) idazle markinarra eta Peru Abarkaren (1801) sortzailea, Pedro Añibarro (1748-1830) bizkaiera idatziaren aitzindaria, edo Pablo Pedro Astarloa (1752-1806) apologista eta hizkuntzalari durangarra.  

Aboitizen dozena erdi bat bertso-sorta edo kantu iritsi zaizkigu, gehienak umoretsuak: Peru Dubakoa, Txanton Pipirri, Matxango, Mendi altu orretan, Zugana nator Pedrotxu, Ezaguna naiz neu Velasquillo, Trakamailgo erregiña, Elantxobeko atso iletariak eta Bedaronako neskatila bati eskaini ziona.

Bertso sail horretatik Txanton Pipirri eta Peru Dubako azpimarratu behar dira, horiexek izan baitziren herritarren artean ospe handiena lortu zutenak eta tradizioak gehien bildutakoak.

Beharbada Txanton Pipirri da bertso-sorta guztietan maila handiena duena. Aboitizek, bertso horietan, Txanton Pipirri izeneko eskale tripontzi baten berri ematen du, euskal gargantua izango balitz bezala karikaturizatuz. Kantu hori bertso-paperetan zabaldu zen, eta hainbat bertsio ezberdin sortu ziren. 2001. urtean Oskorri musika taldeak musikatu eta argitaratu zuen Vizcayatik Bizkaiara diskoan.  

Bestalde, euskarazko lehen operak ere Chanton Piperri izena hartu zuen. Toribio Altzagaren letrekin eta Buenabentura Zapirain lekeitiarraren musikarekin ondua, bere garaian opera famatua izan zen, eta 1899. urtean estreinatu zen Donostian. Opera horretan oinaztar eta ganboatarren gorabeherak aipatzen dira, eta Chanton Piperri oinaztar umezurtz bat da. Eskale tripontziaren istorioarekin zerikusirik ez duen arren, badirudi, izena Buenabetura Zapirain berak hartu zuela Juan Antonio Aboitizen bertsoetatik. Kontuan izan behar da, garai hartan, abesti hori bizi-bizi egongo zela Lekeitio eta inguruetan.

Peru Dubako pertsonaiaren inguruko bertsoek XIX. mende hasierako Bilboko kaleak marrazten dizkigute, oraindik euskara bizi-bizi entzun zitekeen aldikoak. Peru eskale moduko bat da, aprobetxategi eta alfer samarra, eta Bilboko bakailao saltzaile batekin hika-mikan azaltzen zaigu bertsoetan. Bi pertsonaiek hika hitz egiten diote elkarri, garai batean, Lekeition ere lagunarteko erregistro horrek bizitasun handia izan zuen adierazle.   

Bi kantu horiez gain, aipatzekoa da, Matxango edo Audiencia del Mono izenez heldu zaigun bertso-sorta ere. Uriosolo izeneko abade batek zeukan tximinoari buruzko koplak dira. Lekeitioko abade hori Aboitizen garaikidea izan zen eta, antza, tximinoa etxeko balkoian izaten zuen lotuta. Inolako zalantzarik gabe, XVIII. mende amaieran, etxe-animaliatzat tximino bat zuen apaiza ezin zitekeen oharkabean igaro, eta gai aproposa bihurtuko zen bertsotarako. Kantu hori ere Oskorri taldeak musikatu eta argitaratu zuen arestian aipatutako album berean.

Bertsoek diotenez, Urisoloren tximinoaren izen propioa zen Matxango. Beraz, pentsa daiteke hemendik datorrela Lekeition tximinoei modu horretan deitzeko ohitura. Izan ere, “matxango” Ameriketako espainieraren hitz berezi bat da, gaur egun, Kanarietan ere erabiltzen dena.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia