Saltatu nabigazioa

5.3.4.- Santa Elena eta San Rokeren ermita

Santa Elena eta San Rokeren ermita (argazkia)

Baseliza hau bolumen kubikoko eraikin soil bat da, ertzetan harlanduak ditu eta harlangaitz luzitua gainerako aldeetan. Estalki gisa lau isuriko teilatua dauka, eta sarreraren gainean bao erdizirkular bat. Bao hori korapilo erraboilduneko burdin hesi batek babesten du. Antza, garai batean, ermitauarentzako etxe bat ere izan zuen aldamenean. Bertan Santa Elena, San Roke eta belodun egurrezko gurutze bat gurtzen ziren, hala ere, jada ez du bere funtzio erlijiosoa mantentzen. XXI. mende hasieran ermita zaharberritu zenez geroztik, Sosoaga Jauregian aurkitu zen dolarea dago bertan. Euskal Herrian gorde den dolarerik zaharrena da berau, XVII. mendekoa. 

Jatorrizko ermita 1523koa zen arren, egungo eraikina neoklasikoa da, eta XIX. mende erdialdean eraiki zen. Gaur egun kontserbatzen ez den inskripzio baten arabera, Juan Esteban Axpe merkatariak agindu zuen jatorrizko ermita eraikitzea, bera eta Maria Perez Zatika emaztea bertan lurperatzeko. Horrez gain, 1979an baseliza erre egin zela aipatu behar da.

San Rokeren ermita horrek garrantzia berezia izan zuen XVIII. mendearen hasierara arte. Antza, Martin Garzia Yarzak Sebastian Puertori elizan egindako erasoaren ostean, Santa Maria kulturako itxi zuten, eta ermita horixe erabili zen parrokia bezala. Gainera, ordura arte, San Antolinekin batera, San Roke izan zen hiribilduko patroi santua. Baina, jai bi izateak gastu handiak zekartzanez, hortik gutxira San Roke baztertu eta patroi bakarrarekin geratu ziren lekeitiarrak.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia