Saltatu nabigazioa

0.3.- Herriko ondarea ezagutarazteko beharraz

Egungo jendartea ulertzeko ezinbestekoa dugu gure historia eta kultura ezagutzea. Jendarteak mendeetan izan duen garapena, egituraketa eta ezaugarriak ezagutu beharrekoak baitira errealitateaz ondo jabetzeko. Garrantzitsua da, halaber, giza jarduerak gertatzen diren ingurunea, bertako baliabide naturalak, eta horiek izan duten erabilpena ezagutzea ere.

Izan ere, historia eta ondarea giza komunitate baten jatorria aitortu eta komunitate horren loturak estutzeko tresna ezin hobeak dira; norbanakoari, herri nortasuna indartzen eta harekiko jarrera kontziente bat izaten laguntzen diotenak. Horra, tokiko historiaren balioa eta ekarpena.

Ildo horretatik, belaunaldi berriek euren herriarekiko eta ingurunearekiko interesa eta jarrera kritikoa garatu dezaten, behar-beharrezkoa da herriko ondarea balioan jarri eta dibulgazio lan egokia sustatzea. Ondare hori zaindu eta errespetatzeko, bere garrantziaren jakitun izatea baino bide hoberik ez baitago. Eta ezinbestean, dibulgaziorako egon litezkeen bide ezberdinen artetik, garrantzia berezia dauka hezkuntza arautuak.

Hala ere, eta salbuespen batzuk izan arren, tokiko historiari lotutako kalitatezko material didaktiko gutxi izan ohi dute eskura ikastetxeek. Lan hau, lehen urrats gisa, aukera egokia izan daiteke herriko ondarea irakaskuntzaren eskura jarri eta ikuspegi didaktiko batetik ondare horrek duen ahalmena aprobetxatzeko.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia