Saltatu nabigazioa

7.4.1.- Txakolingintza

Txakolingintza (argazkia I / argazkia II)

Historikoki mahatsa izan da Lekeitioko herrian landu izan den labore nagusia. Izan ere, Lekeitiok nekazaritzara bideratu ditzakeen lurrak harritsuak eta eskasak dira, eta mahatsondoekin –parretan jarriz– leku txiki eta aldapatsuenetan ere etekin handia atera zitekeen. Gainera, klima ere egokia da. Lursail ezberdinetan lantzen zen mahatsa: ortuetan, soloetan eta baita bereziki mahastizaintzarako ziren lurretan ere, parra edo enborrekin ipinitako mahastietan.

Santa Katalinatik Arropainerainoko lurretan, eta Gardata eta Kurtziaga inguruan zeuden mahastiak. Notario agiri eta testamentuek mahastiak zeuden hainbat toki aipatzen dituzte: Kakueta, Arbiatx, Goraburu, Isuntza, Antzoris, Karraspio, Artadi, Larrotegi, Tala, Alostorre, Iturrioz, Magdalena, Elexatea, Lanitis eta abar. Baina, agiriotan ikus daitekeenez, egun Mahasti izenez ezagutzen dugun eremukoak ziren lur on eta garestienak.

Mahastizaintzaren inguruan ezagutzen diren lehen aipamen idatziak XIV. mendeko agirietan ditugu. Esaterako, Maria Diaz Harokoaren hiri-gutunean (1325) zigorrak ezartzen dira inoren mahastiari kalterik egiten zietenentzat. Horrez gain, 1338ko agiri batean Lekeitioko biztanleek mahastiak parretan igotzeko erabiltzen zituzten zuren zergen salbuespen neurriak finkatzen dira, besteak beste. Baditugu, halaber, mahastiak aipatzen diren XIV. mendeko testamentu eta salerosketa agiriak ere.

Txakolinak, historikoki, garrantzi handia izan du Lekeitiorentzat maila sozial zein ekonomikoan. XV. mendearen azken aldera, gero eta garrantzia gehiago hartzen joan zen, eta XVI. menderako, ia 90 dolare zeuden hiribilduan. Pixkanaka, txakolingintza, herriaren euskarri ekonomiko garrantzitsuenetako bat bihurtu zen, itsasoko jarduerekin batera.

Dolare horien artetik batek, Sosoaga jauregian aurkitu zenak, gure egunetara arte iraun du. Lopez de Sosoaga kapitain, merkatari, mailegu-emaile eta ontzi-jabe ospetsuak 1644. urtean dolare bat jarri zuen bere jauregian. Modu horretan, txakolin propioa ekoiztera igaro zen, Lekeitioko hiribilduaren erdigunean bertan. Dolare hori presio zuzenekoa zen, XVII. menderako guztiz teknika berritzailea, eta 2.000 kilo mahats zanpa zitzakeen aldi bakoitzean. Sosoaga jauregiko dolarea pieza paregabea da. Aurreko mendeetan horrelako hamaika izan baziren ere, gaur egun, Euskal Herrian egoera onean kontserbatzen den prentsarik zaharrena da.

XVIII. mendera arte, gutxi ziren txakolina ekoiztetik soilik bizi zirenak. Kasu gehienetan, txakolingintza bestelako lanekin uztartu behar izaten zuten bizimodua ateratzeko. Hala ere, ardogintzak izen ona zuenez, hainbat herritarrek aipatutako muztioa ekoizteko gogoa izan zuten. Izan ere, Erdi Arotik, mahastiak izatea aristokraziaren bereizgarri bihurtu zen, eta jabeari prestigioa eta onarpen sozial handia ematen zion.

Mahatsa udal intereseko laborea zen. Hori dela eta, Lekeitioko Udala arduratzen zen mahatsa zaintzeaz eta batzeko nahiz saltzeko egunak zehazteaz. Hor ikusten da txakolingileek indar politiko eta ekonomiko handia zeukatela herrian. Adibidez, 1829an herriko Udalbatzak mahatsondoa lurraldeko aberastasun eta onuren iturri nagusienetakoa zela aldarrikatu zuen.

Badakigu, XVIII. menderako mahastietan izaten ziren kalteak eragozteko hainbat neurri hartu zituela Udalak. Izan ere, mahastien jabeen lurretan sarritan egoten ziren kalteak: lapurretak, ganadua sartzea, arropak eguzkitan lehortzen jartzea, egur gutxi zegoenean mahastiekin egurra egitea, ganaduarentzako belarra batzea eta abar. Jarduera horiek guztiek mahatsondoa kaltetzen zuten, eta hori ekiditeko asmoz, Udalak zaindariak izendatzen zituen uztak jagoteko.

Neurri horiez gain, txakolina sustatzeko bestelako bideak ere erabili zituen Udalak. Adibidez, plazaren ertz batean zegoen bolatokian, dirua jokatzen zutenen aurrean, edaria jokatzen zutenek izaten zuten lehentasuna.

Horrez gain, herrian ekoitzitako txakolin erreserbak amaitu arte, kanpoko ardoak saltzeko debekua ezarri zen. Antza, Erdi Arotik, agintariek produktu hau babesteko neurri protekzionistak gehitu zituzten behin eta berriro. Izan ere, betidanik izan dute ospe handia kanpoko ardoek –Ribadaviako ardoak (Galizia), Jerezekoak (Andaluzia), Bordelekoak, Nafarroakoak edo Errioxakoak–, eta hori, konpetentzia kaltegarria zen bertoko txakolinarentzat.

Antza denez, debeku hori da herriaren irteera guztietan taberna bat sortu izanaren arrazoia. Beste lurretako ardoa edan edota erosi nahi zutenek, herriaren mugetatik kanpo egitea baino beste erremediorik ez zuten, eta horregatik sortu ei ziren Arropaingo, Isuntzako zubiko edo Gardatako tabernak.

Urteko txakolin ekoizpena amaitu arte ezin zitekeen herrian bestelako ardorik kontsumitu. Alabaina, behin hori amaituta, kanpoko ardoa saltzeko, enkantean ateratzen ziren bospasei taberna. Auzoka zeuden banatuta taberna horiek: bi Arranegin, bi Atean eta beste bi erdigunean. Gainera, Elizako kabildoak ere hamarrenetan jasotako txakolina saltzeko taberna bat izaten zuen.

Taberna horiez gain, urte osoan zabalik egoten zen kanpoko ardoa sal zezakeen beste taberna bat ere. Taberna hark gaixoen taberna zuen izena, izan ere, bertan kanpoko ardoa edan ahal izateko medikuaren agiria eta alkatearen baimena behar izaten ziren.

Neurri protekzionista horiek alde txarrak ere izan zituzten. Mahatsa lantzen zutenen eta Arrantzaleen Kofradiaren artean hainbat istilu izan baitziren. Txakolinaren salmentak irauten zuen bitartean kanpoko ardorik ezin zitekeenez sal, eskabetxea edo arrain freskoa barnealdera eramaten zuten mandazainak ez ziren herrira hurbiltzen, joan-etorri hutsik ez egitearren. Alabaina, Kofradiak behin eta berriro eskatu ostean, 1826an indargabetu zuten neurri protekzionista hori, txakolingintzak osasun ona zuen seinale.

Gainera, egoera lasaitzeko edo, ardotik ateratako zergak kaiak konpontzeko erabiliko zirela adostu zuten Kofradiak eta Udalak. Era berean, arrantzaleak herriko txakolina kontsumitzera konprometitu ziren, honen salmentatik lortutako zergak kaiak konpontzeko baitziren azken batean.

Aipatu ditugun neurriez gain, Udaletik bestelako neurriak ere hartzen ziren urte sasoi jakin bakoitzean:

Martxoan, solo eta mahastietako itxiturak konponduta eta ondo ote zeuden begiratzen zuten udal langileek. Denbora tarte horretan debekatuta zegoen mahastietan belarra ebakitzea; nahi gabe bazen ere, sarri, aihenaren kimuak apurtzen baitziren bestela. Lursailak zarratu eta konpondu gabe zituztenei isuna jartzen zitzaien.

Maiatzaren 9an, Arcosera (Nafarroa) bidaltzen zen herritar bat urtero, bertako San Gregorioren ermitatik ur bedeinkatua ekartzera. Ur hori herritarren artean banatzen zen eta, parrokoen laguntzarekin, zelaiak bedeinkatzen ziren mahastiak zomorroetatik libratzeko.

Abuztuan, San Bartolome eta San Agustinen egunean mahastiak jagoteko zaindariak izendatzen ziren –jurau eta kaboak–. Horien kopurua uztarenaren araberakoa izan ohi zen, urteko hartako uzta handia bazen hamasei jurau eta bi kabo ere egon zitezkeen. Oro har, kargu horietarako mahastien ugazabak hautatzen ziren. Zaindari horiek lehenengo Aita Pieleko ermitan, eta gero udaletxean bertan, egiten zuten zina. Handik aste betera zaintzak egiten hasten ziren gau eta egunez.

Zaintzaile horietako bat Miguel Uribarren izan zen; Jose Javier Uribarren bankari eta dirudunaren aita. Berau ere, bere semea bezala, negozio gizona izan zen, besteak beste, ontzigile eta ontzi jabea, eta hainbat udal kargutan aritutako. Hala ere, 69 urte zituela txakolingintzan hasi zen. Horrela, mahastiak zituenez, 1822an mahastizain izendatu zuten. Horrez gain, badakigu hurrengo hamarkadan ere txakolingintzan jardun zuela.

Mahats-bilketa ere Udalak gidatzen zuen. Uzta batzeko puntuan zegoenean, alkateari jakinarazten zioten mahastizainek. Orduan, alkateak sei edo zortzi jakitun izendatzen zituen, mahatsa aztertu ostean, noiz batu erabakitzeko. Aukeratutako egunean, udal erregimentua –alkate eta zinegotziak–, kaboak eta jurauak San Juan Talako ermitan batzen ziren mahatsa biltzeko ordu egokia erabakitzeko. Ondoren, danbolin doinuz lagunduta, udal erregimentuak eta mahastizainek herriari itzulia ematen zioten. Horrela jakinarazten zitzaien herritarrei mahatsa biltzera joan behar zutela.

Mahatsa bi txandatan batzen zen: lehenengo egunean ortu eta soloetakoa, eta bigarren egunetik aurrera beste lursail guztietakoa. Uzta batu eta kontatutakoan, mahatsa lantzen zutenei udaletxera joateko deia egiten zitzaien. Urteko txakolin produkzioa aurreikusi ondoren, guztien artean adosten zuten mahatsaren prezioa eta produktuari ezarri beharreko zerga. Hurrengo domekan herri guztiari jakinarazten zitzaion adostutako salneurria. Prezioen lekukotasunik zaharrenak 1530ekoak dira. Urte hartan, Elizak 17.237 marabedi lortu zituen hamarrenetan jasotako txakolin litroak saldu ostean.

Mahatsa batzeaz batez ere emakumeak arduratzen ziren, sasoi horretan herriko gizon gehienak itsasoan baitzeuden. Hala ere, ekoizpena handia zen urteetan, kanpoko jornalariak ere kontratatzen ziren. Mahatsa biltzeko garaian elkartzen zen jendetza zela-eta, gauez erregimentua herria zaintzen ibiltzen zen inolako ika-mikarik egon ez zedin. Antza, garai batzuetan –XVIII. mendeko aldi batzuetan adibidez–, ez zen izan mahatsa eta bestelako uztak –artoa, esaterako– batzeko eskulan nahikorik, eta horrek ekoizpena murriztea ekarri zuen.

Elizako dokumentuak eta, batez ere, Santa Maria elizak jasotako hamarrenak (1700-1853) dira Lekeitioko txakolinaren ekoizpenaren bilakaera ulertzeko iturri nagusia. Izan ere, uzta hain oparoa izanda, txakolin hamarrenak oso garrantzitsuak izan ziren Lekeitioko Elizarentzat. XIX. mendeko erdialdetik aurrerako datuetarako, berriz, badira mahatsaren produkzioa, kontsumoa eta salerosketa biltzen duten bestelako erregistroak.

XVIII. mende hasieran beherako joera egon zen arren, 1718ko matxinadatik aurrera produkzioak gora egin zuen. Izan ere, matxinadaren ostean kanpoko ardoari zergak jarri zitzaizkion herriei ipinitako isunak ordaintzeko, eta horrek bertoko txakolin ekoizpena igotzea ekarri omen zuen, hau zergetatik salbuetsita baitzegoen. Gainera, garai hartan zilar kopuru handia hasi zen sartzen herrira, emigranteek Ameriketatik egiten zituzten bidalketak zirela eta. Diru hori, burdingintza eta merkataritzako mozkinekin batera, lursailetan inbertitu zen. Errukizko dohaintzak hartzen zituzten komentuak ere herri lurrak erosi eta errentan ematen hasi ziren, tartean mahastiak.

Baina, XVIII. mendeko lehenengo urte horietan, ez zen erraza izan mahastietarako langile edo maizterrak topatzea. Dena dela, Lekeition berrogeiko hamarkadara arte jarraitu zen mahatsondo berriak landatzen eta mahatsari eskainitako lurrak hedatzen. Beste herri batzuetan lehenago eten zen ekinbide hori. 1735. urteko deskripzio anonimoak[1] urte horietako mahats uztak gorakada itzela izan zuela dio.

1745etik aurrera produkzioa beheraka hasi zen, eta ez zen joera hori ez zen eten 1780. urtera arte. Unerik txarrenak 1760ko hamarkadako nekazaritza-krisialdia (1764-1766) eta hirurogeita hamarreko aldia (1776-1779) izan ziren.

Ordutik aurrera, produkzioak onera egin zuen eta aurreko hamarkadetako balioak erraz gainditu ziren. Gorakada horrek frantsesen okupazio garaian (1810-1812) etenaldi bat izan zuen arren, 1820. urtetik aurrera, ekoizpen maila berreskuratu eta aurreko mendeko balio onenen gainetik ere jarri zen. Garai horretan jo zuen goia Lekeitioko txakolingintzak: urteko 480.000 litro ekoizten ziren –iturri batzuen arabera, 980.000 litro–. Hau da, gutxi gorabehera, mila upel edo pipa urtero (grafikoa).

Hamarkada horretan hasi ziren mahastien jabeak txakolina babesteko lehen aipatu ditugun araudiak zehazten. Protekzionismoa zorrotza ezarri zen ordutik aurrera, bai mahastiak babesteko, bai kanpoko ardoaren kontrabandoari aurre egiteko; eta horrek, ezbairik gabe, gorakada horretan lagundu zuen.

Baina gorakada horrek izan zituen bere alde txarrak ere. 1780tik aurrera populazioa hazi egin zen, itsasoz haraindiko arrantza gainbeheran zegoen, eta ondorioz, herritar xumeak geroz eta zor gehiago pilatzen joan ziren. Ondorioz, jabe txikiek euren lursailak saltzea beste erremediorik ez zuten izan, eta horrela, mahastiak lur-jabe handi batzuen eskuetan geratu ziren. Esan bezala, horiek produkzioa igotzea lortu zuten, baina horrek ez zuen produktuaren kalitatea hobetu.

Lehen Gerra Karlistak (1833-1839) produkzioa eten egin zuen. Gerraren ondorioz egoera oso txarra zen, eta Udalak egur falta ikusita, baimena eman zuen erregai bezala eraikinetako eta mahastietako egurrak erabiltzeko. Horren ondorioz, ez zen berrogeiko hamarkada amaierara arte mende hasierako maila berreskuratuko. Gerraren kolpea nahikoa ez, eta 1853-1859 bitartean, oidioak[2] mahasti gehienak suntsitu zituen eta ez zen uztarik izan.

Santa Mariako agirietan dakarrenaren arabera, 1854ko azaroaren 30ean Francisco Erkiaga parrokoak mahastiak usteltzen zituen gaixotasun hori gizakion harrokeria zigortzeko Jainkoak bidalitako gaitza zela esan zuen. Honela deskribatu zuen egoera hitzez hitz:

“Jaungoikoak ahalguztiduna dela erakusteko eta gizakion harrokeria zigortu eta nahastatuta uzteko, errauts antzeko zer edo zer erabili du; errauts hori mahatsondo eta mahats-mordoetan eransten da eta asko sikatu eta usteldu egiten ditu, mahats-garauak ere arrakalatuta eta gogortuta uzten dituela. Honek alperrik galduko du herri honetako eta Kantauri Itsasoko kostako mahats-uzta guztia”[3]

Antza, Mingorri deritzon irudia, plaga horren oroigarri bezala edo ustezko sorginkeriari aurre egiteko egin zen. Irudi hori Aste Santuan ateratzen da prozesioan, eta sega bat duen eskeleto batek eta bere azpian dagoen dragoi batek osatzen dute. Dragoiak mingain gorri luze-luzea dauka eta bere buztanak mahats adar baten itxura du.

1861ean hemezortzi lur-jabek kontrolatzen zuten Lekeitioko mahastien produkzioa. Ordurako 2.500 litro txakolin baino ez zen ekoizten, kantitate ezdeusa oidioa agertu aurretik ekoizten ziren litroen aldean. Behin izurri hori igarota, Bizkaiko beste lekuetan legez, Lekeitioko txakolinak onera egin zuen apur bat, baina ez zen sekula lehenagoko mailetara iritsi.

XX. mendeko ekoizpena beherakada horren erakusle da. 1921ean 48 hektolitro lortu ziren herrian eta 1924an, berriz, 98. Kopuru hori Bizkaian urte bi horietan produzitu zen txakolin guztiaren %0,7 baino ez zen izan, eta herrian kontsumitu zen ardoaren %1. 1924an, Lekeition 3,4 hektarea hartzen zuten mahastiek, Bizkaian zeuden mahastien azaleraren %0,5 baino ez. XX. mendeko 30 eta 40ko urteen artean desagertu ziren ia mahasti guztiak eta, horiekin, baita txakolinaren industria ere.

Hala ere, tradizioa ez da guztiz galdu. Pipas familiak gaur egun ere txakolina ekoizten jarraitzen du. Santa Katalinara bidean lau hektareako lur sail txiki bat daukate, eta bertako mahastietatik, urtero, 2.000-3.000 txakolin botila merkaturatzen dituzte. 1994. urtetik Bizkaiko Txakolina jatorri deitura darama, eta behinola gure herrian izandako tradizioaren azken arrastoa da.

[1] 1735. urteko deskripzio anonimo izenez ezagutzen duguna, XVIII. mendeko lehen erdialdean, idazle anonimo batek Lekeitioko herriaren inguruan egindako deskripzio lan bat da. Idatzi horretan Lekeitiori buruzko informazio baliotsua dator. Erreferentzia: Rodriguez, A. 1970. Descripción sumaria de la villa de Lequeitio de (1740). Transcripción, prólogo y notas. RSVAP.

[2] Oidioa: hainbat landarek izan ohi duten gaixotasuna da, eta onddo mota batek sortzen du. Zurina ere esaten zaio.

[3] Prado, A. I. 2004. Bizkaiko herrien monografiak. Lekeitio II. Lekeitioko monografia historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia. 70.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia