Saltatu nabigazioa

7.1.10.- Emakumeen lana. Sareginak, dei egitekoak eta neskatilak

Emakumeen lana. Sareginak, dei egitekoak eta neskatilak[1]

XX. mendearen hasieran, emakume gehienak eskola amaitu orduko hasten ziren lanean. Oro har, etxekoen zaintzaz arduratzen baziren ere, sarritan etxeko gizonen soldata nahikoa ez eta etxetik kanpo ere lan egiten zuen. Hala ere, gizonen aldean gutxietsita egon da beti emakumeen lana, maiz, lan beragatik soldata baxuagoak izateraino. Horrez gain, oso gutxi izan ziren ugazaba moduan lan egin zuten emakumeak, eta are gutxiago, gizonezkoen agintari gisa aritu zirenak.

Lekeitio herri arrantzalea izanda, emakumeek arrantza-munduari lotutako hainbat lanbidetan jardun zuten. Aurreko atalean ikusi dugun moduan, asko txikitan arrain-fabrikan hasten ziren lanean.

Horrez gain, zamaketari lanetan ere aritzen ziren portuan (argazkia), lehengaiak itsasontzietatik atera eta banatuz. Kontuan izan behar da portuan arraina ez ezik merkantziak ere mugitzen zirela. Baporeak garraiobide gisa erabiltzen ziren herritarrek behar zituzten hainbat lehengai eta elikagai ekartzeko. Eta askotan emakumeak arduratzen ziren merkantzia horiek baporetik atera eta banaketa-lan astuna burutzeaz. Pisu handiko otzarak buru gainean garraiatzen zituzten orduko emakumeek.

Arrantzarekin lotutako beste lanbide bat dei egitekoena zen. Lanpostu horretan emakumeak aritzen ziren gehienbat, eta normalean familiatik etorritako beharra izaten zen. Dei egiteko gehienak amaren edo amonaren oinordetzan hartzen zuten kargua.  Ontzia itsasoratu orduko barruan beharrezko guztia zegoela ziurtatzea eta arrantzaleei abisua ematea zen euren zeregina. Telefonorik ez zegoen garaietan, kalerik kale ibiltzen ziren arrantzaleak banan-banan esnatzen. Horrez gain, arrain-kaxak prestatu, garbitu, itsasorako janaria ontzira eraman eta bestelako zereginak ere euren ardura izaten ziren. Ordutegirik gabe eta baldintza gogorretan egin beharreko lana zen dei egitekoena.

Dei egitekoek pasa den mendeko 60. hamarkadara arte ikusi ahal izan genituen lanean, gutxi gora behera telefonoaren erabilera orokortu zen arte. 1990. urtean, 60. hamarkadara arte dei eittekuak izandako emakumeek, jarduera antzesten hasi ziren San Pedro egunean, goizeko 7:00etan hasita. Orain 10 urte, beste emakume talde batek hartu zuen erreleboa. Eta urtero-urtero ateratzen dira.

Arrain-saltzaile lanetan ere emakumeak ibili ohi ziren, inguruko baserrietan edo Lekeition berton arraina salduz etxerik etxe. Otzarak buru gainean hartuta ibiltzen ziren asko. Kalerik kale zebiltzanetatik aparte, plazan edo arrandegi-postuetan arraina saltzen zutenak ere baziren. Gaur egun bizirik dago arrain-saltzailearen lana. Arranegitik portura aldatu arren, oraindik ere kalean arraina saltzen jarraitzen dute emakume batzuek Lekeition.

Arrantzari lotutako lanbideekin amaitzeko, sare-konpontzaileak eta neskatilak aipatu behar dira. Sare-konpontzaileak orduak eta orduak pasatzen zituzten sareak konpontzen (argazkia I / argazkia II). Sareen zabalerak Lekeitioko plaza, moila eta Tala hartzen zuten garai batean. Emakumeek trainak prestatzen aritzen ziren, neguan zein udan, eguraldi gogorrenetan ere, lurrean eserita eta begiak saretik aldendu gabe orduak eta orduak pasatzen zituzten josten.

Familiaren barruan, esan bezala, lana sexuaren arabera banatzen zen. Txalupa zuten familietan gizonak arrantzara joaten ziren eta etxeko bi edo hiru emakume aritzen ziren sareak konpontzen. Etxean ez baldin bazegoen lan hori egiteko gai zen inor, kanpokoren bat kontratatu behar izaten zen. Sarea konpontzen ez zen eskolan ikasten, emakume zaharragoek irakasten zieten gazteei eta, horrela, belaunaldiz belaunaldi igarotzen zen teknika eta lanbidea. Taldean egiten zuten lan, arduradun maistra bat edo bi zituztela. Horrek asko errazten zuen euren arteko lan-banaketa. 

Batez ere baxurako arrantzontzien sareez arduratzen ziren emakumeak. Alturako sareen tamaina handiagoa denez, horiek konpontzea gizonen lana izaten baitzen. Horrez gain, portua zen sareginen lantokia. Portuko edozein espaziotan aritzen ziren sareak josten, horixe zen euren topagunea eta hartu-emanerako lekua.  

Eguraldiaren menpe egonda, sare-konpontzaileen lana oso gogorra zen, eguzkia, euria, hotza ala beroa egin, leku berean jardun behar baitzuten. Lehenago, tokia zegoenean, bodegetan, frontoian edo tinglatu azpian biltzen ziren, eta sartzen ez baziren moilan josten zituzten sareak. Horrez gain, estres handia suposatzen zuen lan honek. Izan ere, 1960ko hamarkadan esaterako, portuan ontzi asko zeuden garaian, sare-konpontzaileak estu ibiltzen ziren txalupa guztien beharrei erantzun ezinda. Denek nahi izaten zuten euren sareak azkar konpondu eta lehenbailehen itsasora atera.

Emakume horien lana ezinbestekoa zen, sareak prest egon ezean itsasontziek ezin baitzuten arrantzara atera. Hala ere, badirudi lanbide honek ez duela merezi zuen aitortzarik izan. Sare-konpontzaile gehienek gizonezkoek baino soldata eta erretiro sari baxuagoak zituzten eta.

Gaur egun ia desagertuta dago lanbide hau. Gerra aurretik herrian dozenaka saregin zeuden arren, gaur egun apenas geratzen da bakarren bat. Gainera, arrantza beheraka doanez, badirudi lanbidea galdu egingo dela. 

Sareginez gain, neskatilak aipatu behar dira (argazkia). Hauek, batez ere, arrainaren deskargan aritzen ziren, arraina egurrezko gurdietan kargatu eta portutik kamioi nahiz fabriketara eramanez, baina baita arraina sailkatzen eta pisatzen ere. Txalupak portura ailegatzen zirenean zenbat arrain zekarten jakitea zen euren zeregina, gero enkantera eramateko. Itsasontziak portura sartzen zirenean lanerako prest egon behar zuten emakumeok. Sarri askotan, ordu luzez hotzari eta gaueko iluntasunari aurre eginez. Gainera, gaur egun pentsaezina bada ere, lanerako egokiak ziren arroparik gabe lan egin behar izaten zuten garai batean, prakak erabiltzea txarto ikusita baitzegoen.

Portuko lana oso gogorra zen, salerosteko baldintzek gorabehera handiak izaten zituztelako enkantearen ondorioz. Gainera, irabazten zuten soldata ez zen eurentzako izaten, dirua gehienetan etxeko multzora joaten zelako. Gizonek, berriz, soldataren zati bat eurentzako har zezaketen. Horrez gain, neskatilek marinelek baino askoz gutxiago kobratzen zuten. Emakume bakoitza ez zen arrantzale baten hiru zortziren irabaztera heltzen. Horrez gain, bestelako prestaketa lanak ere egiten zituzten: sareetatik basa eta harriak kendu, kateatutako arrainak batu, tretzak egin, karnata prestatu eta abar. Oro har, baxurako arrantzan emakumeen presentzia eta lana ere garrantzitsua izan dela azpimarratu behar da.

[1] Atal hau egiteko batez ere “Goikoetxea, A. eta Izagirre, A. 2015. Ezkutuko Amandrea. XX. mendeko emakumea Lekeition. Lekeitio: Lekeitioko Udala.”  laneko testua hartu dugu oinarritzat, zenbait kasutan moldatuta edo laburtuta, eta beste batzuetan informazio osagarria gehituta.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia