Saltatu nabigazioa

6.7.- Bizitza familiarra: familia-egitura, kideen rolak eta ogibideak

Ondo dokumentatuta geratu zen Ezkutuko amandrea (2015) lanean XX. mendeko lekeitiarren bizitza familiarra. Lan horretan familia-egiturak, bertako kideen rolak, ogibideak, amatasuna eta bestelako gaiak jorratzen dira, ezbairik gabe, bizitza familiarraren zutabe izan den emakumea ardatz hartuta. Atal hau osatzeko batez ere liburu horretako pasarteak erabili dira, kasu batzuetan moldatu edo laburtuta:

XX. mendeari errepasoa egiten badiogu emakumearen rola asko aldatu dela ikusiko dugu. XIX. mendeko azken urteetatik aurrera emakumeak euren eskubide politiko eta sozialen aldeko borrokari ekin zion. Europa eta Estatu Batuetan lehenengo mugimendu feministak sortu ziren horrela, eta emakumeen hiritartasuna, ongizatea eta onarpen soziala izan zuten xede. Hasieran, aldarrikapenok amatasunarekin oso lotuta egon ziren. Etxeko andrearen inguruan eraikitako diskurtso tradizionalaren oinarrian, emakumeen lana eta amatasuna ez zirela bateragarriak ulertzen zen, nahiz eta garaiko familia gehienentzat eguneroko ogia izan emakumeek bi funtzioak uztartzea. Izan ere, gehienetan, etxeko egoera ekonomikoak ez zute beste aukerarik uzten.

Nahiz eta Espainiako II. Errepublika garaian, emakumeei hiritar kategoria eman, sufragio pasibo nahiz aktiboa onartu, eta ezkontza zibila, dibortzioa, amatasun asegurua eta abar ahalbidetu, neurri horiek urte gutxiren buruan deuseztatuak izan ziren. Erregimen Frankistaren garaian, berriz ere, emakumea etxean gelditzeko saiakera egin zen, bizitza publikotik atera eta inguru pribatura mugatuz. Emakumearen papera familia zaindu eta umeak munduratzera bideratu nahi izan zen, horretarako Eliza bezalako instituzioak erabiliz.

Ildo horretatik, hezkuntza mistoa debekatu zen, emakume ezkonduari soldatapeko lana ukatu nahi izan zitzaion, jarduera liberalak burutzeko debekua ezarri zuten, eta dibortzioaren gaineko legea bertan behera bota zen. Gainera, abortuaren, adulterioaren eta konkubinatoaren inguruko legedia ere gogortu egin zen. Ondorioz, emakumea senarraren edo aitaren autoritatearen menpe geratu zen berriz ere. Hala ere, egoera ekonomikoak bultzatuta, emakumeek gogotik egin behar izan zuten lan, sarri gizonen lan bera burutuz eta gutxiago kobratuz. Horrez gain, kanpoko lanaren ostean, etxeko jardun luzeari egin behar izaten zioten aurre.

1960ko hamarkadan Espainiak zabaltze eta hazkunde ekonomiko azkarra bizi izan zuen, nazioartearekin ordura arte izandako isolamendua partzialki hautsi eta kanpoko ohitura eta bizimoduak sartzen ziren bitartean. Emakumea, ofizialki, lan mundura eta ateak ia erabat itxita zituen goi mailako hezkuntzara sartzen hasi zen. Franco hil ostean, erregimenaren amaierarekin, garai berri bat ireki zen arlo horretan, eta gutxika, hezkuntza, lana, berdintasun juridikoak eta gainontzeko eskubideak lortuz joan zen emakumea.

Horiez gain, beste aldarrikapen batzuk ere indartsu azaleratu ziren: sexualitatea, etxeko lanen sozializazioa, parekidetasuna, abortuaren legalizazioa eta ordura arteko ideologia patriarkalarekin identifikatzen ziren zenbait ideiekiko mespretxua. Hala nola familia tradizionalarekiko, birjinitatearekiko, amatasunaren mitoekiko eta abar. Ezbairik gabe, urteen joan-etorrian izandako aldaketa horiek guztiek bizitza familiarra eta kideen rolak baldintzatu zituzten.

XIX. mendeko eta XX. mendeko azken herenera arteko familia ereduan, ama eta amonaren ardura izaten zen umeak mundura ekartzea eta handik aurrerako guztia. Etxeko kide guztien ondo beharrez lan egiten zuten etxeko emakume nagusiek. Jatorduak prestatu, arropa garbitu, etxea txukun eduki, umeak zaindu, hezi, adineko eta gaixoak zaindu eta abar. Emakumearen zeregina zen, halaber, balioen eta izaeraren transmisioa ere.   

Hori guztia garai hartako baliabideekin, gehienak eskuz eta sarri askotan zeregin batzuk aurrera eraman ahal izateko etxetik kanpora irteteko beharrarekin: ur bila joan, txabonadura egin eta abar. Gehienetan, gainera, lan horiek guztiak etxetik kanpo soldata baten truke egindako lanarekin uztartu behar izaten zituzten, baina betiere emakumeen elkarren arteko ezinbesteko laguntzarekin.

Ama kanpoan lanean ari zenean, amona arduratzen zen amak egin ezin zituen zereginez. Batez ere, umeen heziketa eta sukaldeko kontuak izaten ziren amonak bere gain hartzen zituenak. Sarri askotan, amona alabaren etxe berean bizi zen, baina hala ez zen kasuetan ere, hola edo hala, asko laguntzen zuen. Belaunaldiz belaunaldi, ama-alabak elkarren laguntzaile finak izan ziren euren harremanetan.

Aita eta gizonek, aldiz, kanpoan egiten zuten lan. Lekeitioko familia gehienetan gizonezkoek itsasoan lan egiten zuten, eta ondorioz, denboraldi luzeak egiten zituzten etxetik kanpo. Gizonaren soldata ezinbesteko diru-iturria zen etxean. Hala ere, arestian esan bezala, ez zen nahikoa izaten eta emazteak ere kanpoan egin behar izaten zuen lan. Soldata etxeratzea izaten zen gizonezkoen etxeko betebehar nagusia. Baina partila emazteak edo amak kudeatzen zuen. Etxeko ekonomiaren arduradura, beraz, nolabait emakumea zen.

Etxeko zereginetan eta haurren heziketan ezinbestekoak ziren arreba nagusien eta etxeko txikienen ekarpenak. Sarritan, nagusiak neba-arreba txikien zaintzaz arduratzen ziren. Txikienak hazitakoan, aldiz, etxeko lanetan lagundu behar izaten zuten, eta eurak arduratzen ziren abereentzako janaria bildu, egurrak batu, jatorduak prestatu edo garbiketa lanak egiteaz. Horrez gain, ohikoa zen auzokoen artean elkar laguntzea ere. Auzokideen arteko harremana estua izaten baitzen.

Eskolari dagokionez, mutil eta neskak ikastetxe ezberdinetara joaten ziren. Behin adin batera helduta, emakumearentzat eta gizonezkoarentzat ikasketa aukerak ez ziren parekoak. Etxean dirurik egonez gero, mutilei ikasten jarraitzeko aukera ematen zitzaien. Ez zuen axola zein seme-alabak zuen ikasteko gaitasun hobea. Emakumea, emakume izateagatik, ikasketen esparrutik alboratuta geratzen zen. Aukera eskuragarriak oso mugatuta zituen: irakasle, erizain edo jostun. Lekeition, jostun ikasketak egitea zen ohikoena.

Lan munduari dagokionez, emakumeak arrantza-munduari lotutako hainbat lanbidetan jardun zuten. Txikienak arrain-fabrikan edo antxoa-garaian antxoei burua kentzen aritzen ziren. Zortzi edo bederatzi urterekin hasten ziren zeregin horretan. Horrela, gaztetatik hasi eta askok erretiroa hartu arte kabanan lan egiten zuten. Gizonezko gutxi batzuk baino ez ziren egoten arrain-fabrikan; latak ixten zituztenak. Gainerako zereginak emakumeen esku zeuden, sarri arduraduna ere emakumea izaten zen. Horrez gain, zamaketari lanetan ere aritzen ziren portuan, lehengaiak itsasontzietatik atera eta banatuz (argazkia).

Arrantzarekin lotutako beste lanbide bat dei egitekoena zen. Lanpostu horretan emakumeak aritzen ziren gehienbat, eta euren zeregina ontzia itsasoratu orduko barruan beharrezkoa zen guztia zegoela ziurtatzea eta arrantzaleei abisua ematea zen. Arrain-saltzaile lanetan ere emakumeak ibili ohi ziren, inguruko baserrietan edo Lekeition bertan arraina salduz. Arrantzari lotutako lanbideekin amaitzeko sareginak aipatu behar dira, orduak eta orduak sareak konpontzen ibiltzen ziren emakumeak (argazkia).

Itsasoak Lekeition lan-esparru zabala bete arren, lehorreko hainbat lanetan ere jardun zuten Lekeitioko emakumeek. Denda eta okindegietan, hornitzaile gisa, txokolategian, tabernetan (argazkia), neskame, inude, jostun eta abar.

Arestian esan bezala, emakumeak lan-esparruan zeuzkan baldintzak gizonezkoenak baino okerragoak ziren sarritan, etxeko lanekin uztartzeaz gain, lan beragatik gutxiago kobratzen baitzen. Etxetik kanpo egindako lana gizonaren lanaren osagarri gisa ulertzen zen, beraz beti ziren bigarren mailako lanak. Modu horretan independentzia ekonomikoa izatea oso zaila bihurtzen zitzaien, eta gizonaren menpe jarraitu beste erremediorik ez zuten izaten.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia