Saltatu nabigazioa

2.5.4.- Armintxe

Lekeitioko herria kareharrizko eremuan kokatuta dago eta badira hogei harpetik gora katalogatuak. Armintxeko haitzuloa da horietako bat, baina hainbat urtez urbanizazio lanen ondorioz estalita egon da. 2016. urtean, haitzulorako sarrera aurkitu zuen ADES espeleologo taldeak (argazkia), eta barruan, Paleolitoko hainbat grabatu.

Armintxen, 14.000 urte dituzten grabatuak agertu ziren, eta dozenaka animaliak osatutako konposizio erraldoia da guztien artean azpimarragarriena (argazkia). Teknika bereziz egindako irudiak dira, grabatu teknikaz bi dimentsiotan irudikatuak, eta efektu ia piktoriko bat dute. Gainera, konposizio horretan, badira zenbait felido ere. Orain arte, Kantauri aldean agertu gabekoak eta benetan bitxiak. Horietako batek tente dauka isatsa, argi eta garbi, lehoi bat dela erakutsiz (argazkia). 

Konposizioan badira, halaber, inguruan tamaina txikiagoko animalia irudiak dituzten zaldi eta bisonte handi bana. Besteak beste, hemezortzi zaldi, bost ahuntz, bi bisonte, aipatutako bi felidoak eta beste lau animalia zehaztugabe (argazkia).

Gainera, haitzuloan hainbat irudi ideomorfo azaldu dira. Besteak beste, zirkulu erdiak edo lerro abstraktuak. Horien artean, bereziki esanguratsuak dira, bata bestearen kopia diren irudi klabiformeak. Lehen biziko aldia da, Bizkaian nahiz Iberiar penintsulan, Frantziako Pirinio aldean azaldu diren ikur berberak agertzen direla. Aurkikuntza honek, ezbairik gabe, garai hartako komunitateen artean harremanak egon zirela defendatzen dutenen teoria indartzen du. 

Laburbilduz, aurkikuntza berri hau oso garrantzitsua da. Erabilitako teknikek, grabatuen kalitateak, aipatutako konposizio handiak, eta orain arte azaldu gabeko animalia eta zeinuak izateak berezi egiten dute Armintxeko aztarnategia. Adituen esanetan, grabatu multzo hori Iberiar penintsulan ezagutzen direnen artean harrigarri eta garrantzitsuena da.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia