Saltatu nabigazioa

9.2.1.- Bi jibosoen ipuina

Bi jibosoen ipuina[1]

Lekeition bi jiboso edo konkordun bizi ziren. Bata arotza zen eta bestea errementaria, baina biak ziren oso ezagunak herrian. Arotzari Antzoris muturrean arrantzan egitea gustaten zitzaion, bertan ematen zituen arratsaldeak, eta sarritan arrainen bat ere ekartzen zuen afaritarako.

Egun batean, beti bezala arrantzan ari zela, orduak aurrera zihoazen, baina ez zuen arrainik harrapatzen. Ez zuenez etxera esku utzik joan nahi, saiatu eta saiatu, ohartu orduko, gaua heldu zitzaion. Lekeitiorako bidea ilun zegoenez, beldur zen bakarrik joateko eta gaua pasatzera Eluntzetako baserrira joatea bururatu zitzaion. Eluntzeta Antzorisetik gertu zegoen eta, gainera, bere lagun batzuk bizi ziren bertan.

Baserrira bidean euria hasi zuen eta euritik babesteko hango gaztainondo baten barrura sartu zen. Gaztaina arbola handi hark barrua ustelduta zuen eta aise sar zitekeen gizon nagusi bat ere bertan. Euri eta euri, bertan lokartu zen.

Bat-batean, gauerdi aldera, ohiu batzuk entzun zituen. Emakumeen ahotsa zen. Zuhaitzaren barrutik begiratu eta sorginak zirela konturatu zen. Barrezka, dantzan eta abesten ari ziren: “Astelehena, martitzena, eguaztena, hiru”, errepikatzen zuten behin eta berriz. Beti abesti berbera. Denbora bat zelatan egon ostean, zuhaitzaren barrutik abestiari jarraipena ematea otu zitzaion jibosoari: “Eguena, barijakua, zapatua, sei”. Sorginei abestiaren jarraipena asko gustatu zitzaien eta euren ohiko abestira gehitu zuten: “Astelehena, martitzena, eguaztena, hiru”, zioten batzuek; eta “eguena, barijakua, zapatua, sei”, erantzuten zuten besteek.

Gizonaren abestia gogo onez hartu zutenez, bere bila hasi ziren. Zuhaitz barrutik atera eta konkorduna zela ikusitean, alkandora kendu eta igurtziak egiten hasi zitzaizkion. Bat-batean, konkorra kendu eta gaztainondoaren adarrik garaienean zintzilikatu zuten.

Hurrengo igandean, mezatara joan zenean, herri guztia ohartu zen arotzak, jada, ez zeukala konkorrik. Harro-harro igaro zen guztien aurretik. Beste konkorduna, errementaria zena, galdezka gerturatu zitzaion eta arotzak gertatutako guztia kontatu zion.

Hurrengo egunean errementaria ere Eluntzetako gaztainondora joan zen, eta hantxe egon zen sorginen zain. Gauerdia heldu orduko, han somatu zituen dantzan eta kantuan: “Astelehena, martitzena, eguaztena, hiru; eguena, barijakua, zapatua, sei”. Halako batean, arbolaren barrutik irten eta: “Domekia, zazpi”, ihardetsi zien. Baina arotzaren kasuan ez bezala, sorginei ez zitzaien domekaren kontua gustatu. Haserretu eta bere konkorra kendu beharrean, arotzaren konkorra zuhaitzetik jaitsi eta paparrean jarri zioten errementari koitaduari.

[1] Ipuin hau istorio berberaren bi bertsio uztartuz idatzita dago: Lea Artibaiko ipuinak. (Kaltzakorta, 2016)  liburuan Rufo Atxurrak (Lekeitio, 1911-2002) 1998an kontatutako bertsioa, eta Bittor Txakartegiri (Lekeitio, 1932) 2012an jasotakoa.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia