Saltatu nabigazioa

4.2.- Harresia eta hiribilduaren bilakaera

Lekeitioko hiribilduaren eta harresiaren bilakaeraren gainean interpretazio bat baino gehiago egin dira. Cembellin[1] da beharbada, bilakaera horrek izan bide zituen gorabeherak zehatzen azaltzen saiatzen dena. Jarraian azalduko dugun moduan, bere ustez, Lekeitiok hiru harresi izan zituen, bakoitza fase batean eraikia. Beraz, egokiagoa deritzo harresiaz barik harresiez hitz egitea. Balizko bilakaera hau, gaur egunera arte iritsi diren harresiaren arrastoak aztertuz, eta dokumentu idatzietan dugun informazioa baliatuz proposatu da. Hala ere, hipotesi bat baino ez da oraingoz.

Belen, Cajigas eta Peredak[2] egindako ikerketa arkeologikoek Dominiken komentua inguratzen duen harresiaren oinarria 1369-1379 urteen aurrekoa dela, eta egun zutik dirauten harresi zatiek kronologia antzekoa dutela frogatu dute. Ikerketa horietan oinarrituz, Cembellinek proposatutako plano edo trazatu hipotetikoak zuzenak izan daitezkeela adierazten dute (argazkia).

Hala ere, etorkizunean ikerketa arkeologiko sakonik egin ezean ezinezkoa izango zaigu ildo horretan aurrera egitea.

Hipotesietatik haratago, ordea, ziurtzat jo dezakegun bakarra zera da, Lekeitiok gutxienez XIV. mendetik harresia izan zuela eta, XVI. mendean finkatu zen arte, Erdi Aro osoan zehar eraldatuz eta moldatuz joan zela.

Ikus dezagun, jarraian, autore ezberdinen iritziak kontuan hartuz, Lekeitioko hiribilduak eta harresiak Erdi Aroan izan bide zuten bilakaera:

[1] Gonzalez Cembellin, J. M. 1992. “Hiribilduaren hiri-bilakaera. La evolución urbana de la villa”. In Askoren artean. Lekeitio. 145-171. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia.

[2] Bengoetxea, B., Cajigas, S. eta Pereda, I. 1995. Estudio histórico-urbanístico de la villa de Lekeitio (P.E.R.I.). Evolución histórica del urbanismo de la villa. Argitaratu gabea.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia