Saltatu nabigazioa

2.5.3.- Atxurra

Atxurrako haitzuloa Berriatuan dago, Lumentxa, Santa Katalina edo Armintxeko aztarnategietatik kilometro gutxi batzuetara. Lea ibaiaren adar batean kokatua, bostehun metro baino gehiago dituen kobazuloa da, eta Armina haitzuloarekin konektaturik dago

Aztarnategi hau 1929. urtean aurkitu zuen Jose Miguel Barandiaranek, eta 1934 eta 1935. urteetan induskatu zen. Hala ere, 2014. urtean Diego Garateren zuzendaritzapean haitzuloa berrikusi zuten arte, ez ziren Paleolitoko margoez ohartu (argazkia). Izan ere, margoak gordetzen dituen galeriara iristea ez da lan erreza. Goiko sarreratik hirurehun metrora dago, eta irudi gehienak lurretik lau metro baino gorago daude.

2014ko ikerketan, guztira hamalau multzo baino gehiago aurkitu ziren, 14.000 urte inguru lituzketen ehun irudi ingururekin. Batez ere suharriz egindako grabatuak dira, baina margo beltzaren arrastoak ere agertu dira. Euskal Herrian grabatu gehien dituen aztarnategia da Atxurrakoa.

Pintura eta grabatuetan animaliak dira nagusi. Batez ere bisonteak eta zaldiak, nahiz eta, ahuntz, orein edo uroak ere badiren. Tamaina ezberdinetako irudiak aurkitu dira, zaldi erraldoietatik figura txikietaraino. Animalia gehienak alboz irudikatuak dauden arren, badira aurrez margotutako ahuntzak ere. Baina ziurrenik, guztien artean,  hogei bat gezi marka dituen bisontea da bereziena (argazkia). Adituen esanetan Europa osoan ez da horrenbeste ehiza marka dituen besterik agertu.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia