Saltatu nabigazioa

5.4.1.5.- Bigarren mailako erretratuak

Gurutzaduraren besoetan egun erretaula nagusian dauden San Inazio eta San Frantzisko Xabierkoaren erretaula zaharrak daude. XVIII. mendeko 40ko urteetan eraiki ziren eta 1755-1757 urteen artean urreztatu. Azken horien adierazgarri rokokoak ditugu zutabe salomonikoak eta landare apaindurak. Gaur egun, Jesusen Bihotz Sakratuaren eta Sortzez Garbiaren omenezkoak dira eta historia garaikideko irudiak dituzte.

Gurutzaduraren aldameneko kaperetan erretaula gehiago aurki daitezke, arte rokokoaren adierazgarri ezin hobeak eta agerraldi ezberdinen omenezkoak. Ezkerrean, San Estanislao Kostkakoarena, eta eskuman, San Inazio Loiolakoarena. Leku gutxi izanik, egiturak estuak eta kale bakarrekoak dira, eta bertako irudiak errezel batzuen azpian daude. Errezel horiek antzerki izaera nabarmena ematen diete irudiei, gainera, perspektiba bortitzek indartu egiten dute sentsazio hori. Denak ere kalitate handiko tailuak dira, espresioari zein oihalen trataerari dagokionez oso zuzenak. Baliteke gorteko tailerren batean eginak izatea. Hala ere, mazoneriak tokiko artista entzutetsu baten lana dira, Gregorio Ibarretxerenak hain zuzen. San Estanislaoren erretaula eraikitzeko intxaurrondo batzuk erosi ziren, eta lanak ordaintzeko Jose eta Teresa Beingolearen babesa izan zuten besteak beste.

Bi irudi horiek gaitegi kontraerreformistaren adibide argiak dira. Inazio Loiolakoari, Iruñeko erasoaren ostean zaurituta dagoela, San Pedro azaltzen zaio eta ordutik aurrera bere bizitza norabidez aldatuko du. San Estanislaori, berriz, Ama Birjina agertzen zaio. Pasarte horiek azpimarratuz sinestunen moralean eragin asmo zuen Elizak.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia