Saltatu nabigazioa

7.3.2.- Pedro Bernardo Villareal de Berriz

Pedro Bernardo Villarreal de Berriz (1669-1740) (argazkia)  Arrasaten jaio zen familia noble batean. Oinarrizko ikasketak Arrasaten bertan, Bergaran eta Iruñean burutu ostean, hamabost urte zituela Salamancako Unibertsitatera joan zen. Urte beteren buruan, bere jaioterrira bueltatu zen, batxilerra izateko ez baitzen denbora gehiagorik behar. Ordutik aurrera, familiak Berrizen eta Arrasaten zituen negozioak kudeatzen hasi zen. Horrez gain, gortean ere denboraldi batzuk igaro zituen, bere asmoa Santiagoko Ordena militarrean sartzea baitzen. Bizkaian herritar guztiak kapare izanda, horrelako ordena baten parte izateak, abantaila ekonomikoez gain, prestigio handia zekarren. Azkenik, 1690. urtean izendatu zuen Carlos II.ak Santiagoko Ordenako kide.

1694. urtean, Mariana Rosa Bengolea lekeitiarrarekin ezkondu zen, eta fase berri bat zabaldu zen Villarreal de Berrizen bizitzan. Bengoleatarrak Hernan Perez de Yarzaren ondorengoak ziren eta jabetza handiak zituzten Leako ibarrean. Beste baserri, ola, lursail eta errota batzuen artean, Bengolea dorretxea –bere errota eta burdinola biekin–, eta Lekeitioko Uriarte jauregia 4.4.2.(1). Horrela, 25 urte eskas baino ez zituela, Pedro Bernardo Villarreal de Berriz, bere emaztearen bitartez, bengoleatarren jabetzak kontrolatzera eta kudeatzera igaro zen.

Horrez gain, politikan ere buru-belarri murgildu zen. Lekeitioko alkate izan zen 1696, 1699 eta 1703. urteetan, eta Bizkaiko Batzar Nagusietan Lekeitioko hiribilduaren eta Mendexa, Gizaburuaga eta Amorotoko elizateen ordezkaria 1696 eta 1722. urteetan. Lekeitioko Udala zuzendu zuen bitartean, herriko azpiegituren eta ingurumenaren gaineko kezka handia erakutsi zuen, urte luzez zirauten hainbat arazori irtenbidea ematen saiatuz: Lazunarri moila, basoen gehiegizko ustiaketa eta abar. Bestalde, zenbait urtez, Nautika Eskolan ere aritu zen irakasle lanetan.

Izan ere, ezkondu ostean, bikotea Lekeition jarri zen bizitzen, Uriarte jauregian bertan (argazkia). Bederatzi seme-alaba izan zituzten, eta Pedro Bernardo Villarreal de Berriz bertatik arduratu zen Bengoleako burdinolaz eta bere beste jabetzez. 1694 eta 1707. urteen artean 31.460 erreal inbertitu zituen konplexu industrial hori zaharberritzen eta errentagarriagoa izateko moldaketa teknologikoak egiten. Bengolea dorretxea zimenduetatik bertatik berreraiki zuen, eta errota berria ere egin zuen. Garai hartan Felipe V.aren zerbitzura aritu zen lanean, eta bere burdinolek urtero 6.000 kintal munizio egin zituen erregearentzat.

1707 eta 1727. urteen artean Magdalenako etxea eraiki zuen Arropaingo auzoan. Gune horretan itsasoz ekarritako mea gordetzeko eta lantzeko biltegi eta barrunbeak zeuden. Garraioaren kostua murrizteko, lehendabizi, arragoa batean kiskaltzen zuen burdin mea, horrela pisuaren heren bat galtzen baitzuen. Magdalenan, ontziak ondo igarotzeko ubidea eta karga-deskargan aritzeko kai pribatua ere egin zituen. Bere asmoa, gune hori Bengoleako burdinola hornitzeko eta burdin landua errazago itsasoratzeko instalazio gisa erabiltzea zen. Obrak belloizko 50.000 errealeko kostua izan zuen. Portu propio horretaz gain, bere baso eta ikaztegiak ere bazituen eta baita, esportazio eta inportazioak errazteko, berak diseinatu eta eraikitako ontzidia ere.

Zalantzarik gabe, bere ondasun zabalen artetik, baso eta burdinola horietan jarri zuen arretarik handiena Villarreal de Berrizek. Bi sektore horiei buruz idatzi zuen bere lanik ospetsuena –Máquinas hidráulicas de molinos y herrerías y gobierno de los árboles y monte de Vizcaya (1736)–, eta buru-belarri jardun zuen burdingintza sektorea modernizatzeko lanean. Lan handia egin zuen presa hidraulikoak, burdinolak eta errotak diseinatzen eta, arestian aipatu bezala, presa tradizionalak baino iraunkorragoa, eraikitzeko errazagoa eta merkeagoa zen sistema berria asmatu zuen, hots, kontrahormez eta arkuz osatutako arku-presa.

Sistema berri hori aurrerapauso handia izan zen Europako ingeniaritza hidraulikoan eta, Lea ibaian eraikitako ereduei esker, arku-presak erruz zabaldu ziren Bizkaia eta Gipuzkoan. Gainera, estetika aldetik ere ederrak ziren. Proportzio zaindukoak, harlanduzko paramentudunak eta eraikuntza-kalitatea handikoak.

Izan ere, Pedro Bernardo Villarreal de Berrizek bere bizitza osoan izan zuen zientzia eta ingeniaritzarekiko zaletasuna eta jakin-mina. Bere kezka nagusietako bat burdingintza eta bestelako sektoreei ahalik eta errentagarritasun handiena ateratzean zegoen eta bazekien zientziak eta teknologiak ahalbidetu zezakeela hori.

Villareal de Berriz jaio zen garaian Unibertsitateak zientzia bertan behera utzia zuen eta administrazioak berrikuntza orori errezeloa zion. Testuinguru horretan, beste intelektual gutxi batzuekin batera, geroago mugimendu ilustratu bezala ezagutuko denaren aitzindari izan zen. Akademia ofizialetatik kanpo, Uriarte jauregian tertuliak antolatzen zituen, beranduago Peñafloridako kondeak, Azkoitiko zalduntxoek edota Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak berak egingo zuten antzera. Tertulia horietan gai ezberdinak jorratzen zituzten –literatura, zientziak, artea– eta Lekeitioz kanpoko hainbat intelektual hurbiltzen ziren. Tradizionalistek, tonu ezkorrean, novatore bezala izendatu zituzten pertsonaia aurre-ilustratu horiek.

Laburbilduz, esan dezakegu, Pedro Bernardo Villarreal de Berriz irudimen eta jakin-min handiko pertsona izan zela. Idazteaz gain, irakurri ere asko egin zuen, batez ere autore modernoak. Horietatik edan zuen, baina beti bere irizpideak mantenduz. Ez zen teorian geratu eta diseinatutako berrikuntzak bere burdinoletan txertatu zituen, baita kanpora zabaldu ere. Berrikuntza horiek etekin ekonomiko ederrak eman zizkioten. 

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia