Saltatu nabigazioa

9.1.1.- Lekeitioko euskararen egoera soziolinguistikoa

Lekeitio Bizkaiko kostaldeko udalerria da eta Lea-Artibai eskualdean dago. Bilbotik 56 kilometrora eta Donostiatik 72ra, Bizkaia eta Gipuzkoaren mugatik gertu dago. Bi kilometro karratu ditu eta 7.192 bizilagun daude erroldatuta, nahiz eta udan kopuru hori hirukoiztu. Izan ere, gaur egun, turismoa da lehenago herri arrantzale izandakoaren honen diru iturri nagusia.

Lea-Artibai eskualdea Euskal Herriko eskualde euskaldunenetakoa da. Lekeition bertan, esaterako, %80 inguru dira euskal hiztunak eta beste %10 euskaldun hartzaileak, hau da, hitz egin ez, baina euskara ulertzen dutenak. Eskualde hau euskararen arnasgunetzat jo izan da, eta Lekeitio nahiz bertako udalerri gehienak Udal Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) kide dira. Euskara da herriko komunikazio hizkuntza nagusia, eta belaunaldiz belaunaldi hizkuntza modu naturalean igarotzen da. Horrez gain, udalerrian ikasten duten ume guztiak D eredura doaz.

Alabaina, azken hamarkadetan euskararen erabilerak nabarmen egin du behera. EUSTATen arabera, 1991. urtean 5.726 lekeitiarren etxeko hizkuntza euskara zen. 2011an, ordea, 4.653ra murriztu zen kopurua. Kaleko datuak are okerragoak dira, azken hamarkadan erabilerak behera egin du. 2001ean kale erabilera %70 ingurukoa zen arren, azken datuen arabera, gaur egun, %53 ingurukoa da. Joera horren erantzuleak, batez ere, 25-55 urtekoak dira, horien kale erabilera %43 baino ez da eta. Haurrak aurrean daudenean, berriz, %75era igotzen da.

Hala ere, oraindik, Lekeitioko euskalkia bizi-bizirik dago eta, Bizkai kostaldeko herri gehienetan bezala, nahiko berezia da. Mendebaldeko euskalkiaren barruan kokatu behar dugu Lekeitioko berbeta. Orain dela urte batzuk arte bizkaiera deitu izan zaio euskalki horri, baina izendapen hori ez da hain egokia, Bizkaian ez ezik, Gipuzkoako mendebaldean eta Arabako iparraldean ere hitz egiten baita.

Mendebaldeko euskalki honek hiru azpieuskalki ditu: sartaldekoa –Uribe-Kosta, Mungialdea, Txorierri, Nerbio ibarra, Zeberi, Arratia eta Orozko–, sortaldekoa –Lea-Artibai, Durangaldea, Aramaio, Deba ibarra– eta bien tartekoa –Busturialdea eta Zornotza–.

Hurrengo orrialdeetan Lekeitioko berbetaren ezaugarri fonologiko, morfologiko eta sintaktiko nagusiak eta lexikoa aztertuko ditugu. Lekeitioko berbetaren bereizgarriak hobeto ulertzeko Bittor Txakartegi Arrindari (Lekeitio, 1932) egindako elkarrizketa eta bertako adibideak txertatu ditugu. 

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia