Saltatu nabigazioa

5.3.7.- Horma-hobiak

Horma-hobiak, oro har, herriko ateen gainean egon ohi ziren eta guruztokien funtzio bera zuten. Trinitate kalean izen bereko horma-hobi bat dago (argazkia). Izatez, horma-hobi hori 1490. urtean herri erdian eraiki zen suhesiko ateetako batean zegoen. Jatorrizko irudia Santa Maria elizan dago gaur egun, Santa Anaren kaperan. XV. mendeko lehen hamarkadako izan daitekeela uste da eta alabastrozko irudi bat da (argazkia).

Oso gertu, udaletxearen atzeko fatxadan, duela oso gutxira arte igeltsu polikromatuzko Pilarreko Ama Birjinaren erreplika bat izan duen horma-hobia dago. Gaur egun, tailu horren lekuan Antiguakoaren erreplika bat ikus dezakegu. Izan ere, aurrekoa desagertu egin zen 1980ko hamarkadan, udaletxea berritu zutenean.

Bergara eta Arranegi kaleak gurutzatzen diren lekuan Alejandriako Santa Katalinaren horma-hobia dago harrizko drosel kubiko baten azpian (argazkia I / argazkia II). Drosel hori estilo gotikokoa da eta pinakuluekin nahiz floroiekin apainduta dago. Gaur egun toki horretan ikus dezakegun irudia ere kopia bat da, jatorrizkoa Santa Maria elizan baitago. Eskultura berezia da, Lekeitiora 1500. urtea baino zerbait lehenago iritsi zen alabastro ingelesezko tailua. Erreplikak ezpata eta aiztodun gurpila ditu, jatorrizkoak galdutako ezaugarriak, eta baita bere polikromiaren zati bat ere. Belaunaldietan zehar ahoz aho igarotako informazioari esker berreraiki ahal izan zen erreplika jatorrizko ezaugarri horiekin.

Arranegi eta Ezpeleta kaleetan aurrera jarraituz gero, Arrantzaleen Kofradiaren egoitza zaharrera iris daiteke. Bertan San Pedro Apostoluaren horma-hobia dago (argazkia), arrantzaleen patroiarena. Santuaren egunean bere aurrean kaxarranka dantzatu ohi da, erakundearen artxiboa gordetzen zuen kutxaren gainean. San Pedro pontifize eseriaren tailua du horma-hobiak barruan. Bere arropen tolesduren bolumena eta sendotasuna ikusita, XVI. mende amaierako irudi erromanista bat izan liteke. Hala ere, ez da erraza data jakin bat zehaztea, irudiak herri izaera handia baitu eta askotan margotu eta zaharberritu baitute. Irudi hori harresiak Arranegiko zabalean zuen atean egon zen, 1888. urtean, atea eraitsi eta orain dagoen lekura mugitu zuten arte.

Santa Maria elizatik kanposantura doan bideari jarraituz gero, Andre Maria Doloretakoaren horma-hobia ikusiko dugu, hilerri ondoan dagoen pasio-izaerako tailu xehea (argazkia). Azkenik, Tortola kalean, arku gotikoko horma-hobi batek santu bizardun baten buruaren tailua gordetzen da, herrian San Pedro Baltza izenez ezagutzen dena. Argi dago eskultura honek ez duela Galileako arrantzalea irudikatzen. Baliteke San Telmo Palentziakoa izatea (Pedro Telmo Gonzalez de Fromista), eta hortik eratortzea “baltza” ezizena. Izan ere, diotenez, Gabon egun batez desfile batean zihoala zalditik erori eta basaz beteta, zikin-zikin eginda, geratu zen pertsonaia hori.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia