Saltatu nabigazioa

7.2.3.- Isuntza zubia

Isuntza zubia (irudia)

XIV. menderako egurrez egindako zubiak batzen zituen Lea ibaiaren bi aldeak. Inguru hartan, ziur aski, zubiaz eta Isuntzako moilaz gain hainbat ofizio eta jarduera biltzen ziren ordurako. Dokumentuetan “la puente de Esunça” bezala izendatzen den egurrezko zubi hura, ordea, arazo iturri zen Udalarentzat. Itsasoz nahiz lehorrez hiribildura sartzeko berezko bidea zenak buruhauste bat baino gehiago eman zituen urteen joan-etorrian. Bere sendotasun faltagatik itsasoak behin baino gehiagotan hausten zuen eta horrek konponketa kostu handiak zekartzan berarekin.

Era berean, zubiaren ezegonkortasuna arazo larria zen inguruko bizilagunentzat, isolatuta geratzeaz gain ekonomiari ere kalte eragiten baitzion. Maiztasun handiz izaten zituen aberiek burdinolen eta merkatarien jarduerak eteten zituzten. Horrez gain, sarri asko, zubiak zuen egoera tamalgarriaren ondorioz, bidaiariek arriskuan jarri behar izaten zuten euren burua handik pasatzeko. Konponketa gastuei aurre egin ahal izateko Udalak zerga berezi bat ezarri zuen. Bai lehorrez bai itsasoz, zubitik igaro nahi zuten guztiek diru sari bat ordaindu behar zuten. Badakigu, adibidez, 1544an hamaika itsasontzi igaro zirela bertatik eta tamainaren arabera bakoitzari erreal bat edo erreal erdi kobratu zitzaiela.

Hala ere, behin eta berriz konpondu arren, egurrezko zubi altxagarri hark ez zuen askorik irauten (irudia). Hori dela eta, udal agintariek harrizko egitura bat eraikitzea erabaki zuten. 1520. urtean lehen aldiz harrizko oinarria ezarri zitzaion zubiari, sendotasun eta irmotasuna emateko asmoz. Hala ere, XVI eta XVII. mendeetan ez zen zubia behin betiko egonkortzerik lortu. 1735. urteko deskripzio anonimoak dioenez, [1740an, zubia] era de madera sobre dos pilastrones de piedra labrada con una parte movediza por donde pasan los návios”[1].

Azkenik, XVIII. mende amaieran, finantziazioari eta beste kontu batzuei zegozkien gorabeherak gainditu, eta porrot egindako hainbat saiakera izan ostean, harrizko zubi sendo bat eraikitzeko lanei ekin zitzaien. Jose Santos Calderon ingeniariak zuzendu zituen lanak. Horrela, 1773an, 52 oineko altuera eta 149 ½-ko diametrodun arku bakarra zituen harrizko zubi ederra eraiki zen. Lanek 60.802 erreal eta hamalau marabediko kostua izan zuten.

Alabaina, gaur egun ikus dezakegun zubia 1865. urtean Lafarga ingeniariak eraikitakoa da. Aurrekotik bi espigoi baino ez dira antzematen. Zubi berri hau aurrekoa baino garaiagoa da, eta orduko hainbat grabatutan ikusten den bezala, hasiera batean, erpin markatu bat izan zuen erdialdean (grabatua). Hala ere, beranduagoko erreformen ondorioz jada ezaugarri hau galdu egin du, eta gaur egun bidea askoz ere leunagoa da. 

[1] 1735. urteko deskripzio anonimo izenez ezagutzen duguna, XVIII. mendeko lehen erdialdean, idazle anonimo batek Lekeitioko herriaren inguruan egindako deskripzio lan bat da. Idatzi horretan Lekeitiori buruzko informazio baliotsua dator. Erreferentzia: Rodriguez, A. 1970. Descripción sumaria de la villa de Lequeitio de (1740). Transcripción, prólogo y notas. RSVAP.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia