Saltatu nabigazioa

4.3.- Bando gerrak. Likonatarrak eta Yarzatarrak

Bando gerren gaineko historiografia oso zaharra da. Horien inguruan idatzi zuen lehena Lope Gartzia Salazar banderizoa izan zen, eta Bienandanzas e Fortunas lanean (XVI. mendea) utzi zuen bere testigantza. Gartzia Salazarrek bando gerrak terminoa erabiltzen du jada, eta tradizionalki horrela ezagutu izan da fenomeno hori. XIX. mendeko historiografia tradizionalak ohore kontuengatik familia handien artean izandako gerra legez azaldu izan ditu garai hartako gertakariak: oiñaztarrak eta ganboatarren arteko borrokak. Baina, berez, askoz gertakari konplexuagoa izan zen.

Gutxi gorabehera mende batez, hau da, XIV. mendeko bigarren erditik XV. mende erdialdera, tentsio eta indarkeriak markatutako zenbait belaunaldi bizi izan zituzten euskal lurraldeek. Han eta hemen borrokak ugaldu ziren, behe eta goi mailakoen arteko indarkeria ugaritu egin zen, ia endemikoa bihurtzeraino. Prozesu horretan aliantza ezberdinak sortu ziren. Baina ez ziren gerra handiak izan, ez zen bataila handirik egon, eta lurraldea ez zen bitan banatu. Gatazka sozial bat izan zen, eta prozesu horretatik, oro har, burgesia atera zen garaile eta noblezia galtzaile. Hemendik sortu ziren erregimen forala eta kaparetasun unibertsala.

XX. mende amaierako historiografiak bizi izan ziren eraldaketen bitartez azaldu izan du garai gatazkatsu hura, batez ere, XIV. mendeko krisiaren eta ondorengo dinamismo areagotuaren bidez. Izan ere, XIV. mendean krisi sakona bizi izan zuen Europak, eta nobleek ekonomikoki sufritu egin zuten. Oinarri ekonomikoen erosioak populazioa jaistea ekarri zuen, horren ondorioz, zerga bidezko sarrerek behera egin zuten, debaluazioak izan ziren eta gastuak igo ziren –gerra armamentua eta abar–. Egoera horren aurrean nobleek euren estatusa eta pribilegioak erabiliz erantzun zuten, zenbait estrategiaren bidez.

Batetik, Koroaren mesedeak (mercedes) bilatu zituzten. Gaztelako Koroa ere krisian egonda, fideltasunak behar zituen, eta horiek lortzeko lurraldea berjaurestatu zuen –batez ere Araban–. Nobleek euren botereak berrindartu zituzten horrela, eta jabetzak handitu. Era horretan, ia erregearen beraren papera beteko zuten, errentak kobratuz, karguak izendatuz, edo bizitza publikoa eta ekonomikoa kontrolatuz. Gainera, diru iturriak urritu zirenez legeak estutu zituzten, zama berriak ezarriz atarramendu gehiago ateratzeko. Berjaurestatze prozesu hori tentsio eta indarkeria egoera sortzeko arrazoietako bat izan zen, nekazariek ez baitzuten ondo hartu.

Bestetik, nobleek lehendik zituzten laborariak presionatu zituzten betiko zamak –errenta eta zerbitzuak– astunduz, berriak sortuz, monopolioak indartuz –errotaren gainekoa adibidez–, edo herri lurrak usurpatuz –burdingintzarako egur eta urak balio handia zuen–. Legez kontrako inposaketa hauek ere tentsioa eta indarkeria ekarri zuten, errepresio eta erantzunen gurpila martxan jarriz. Erresistentziak erreprimitzeko jipoiak, erreketak, segadak eta abar prestatu zituzten jauntxoek.

Horrez gain, nobleak hirietan esku hartzen ahalegindu ziren, karguak eta aliatuak erosiz. Izan ere, hiriak merkataritza, artisautza eta negozio berrien errentetara iristeko giltza ziren. Azkenik, noble batzuek zuzenean jo zuten delinkuentziara. Lapur taldeak kontratatuz lan zikinetarako, xantaiaz babesa salduz, edo bidesariak kobratuz. Lau estrategia horiek lurraldean indarkeria giroa sortzeko baldintzak erein zituzten, eta bando gerra bezala ezagutu zirenen sorburu nagusia izan ziren.

Ezinbestean, egoera horrek nobleen arteko lehia eta konpetentzia ekarri zuen. Hirien eta laborarien kontrako indarkeriaz gain, ahaide nagusien arteko tentsioak sortu ziren, aliantza ezberdinak eratuz. Beraz, gatazka mota ezberdinak egon ziren: noble eta laborarien artekoak, noble eta hirien artekoak, nobleen leinu ezberdinen artekoak, eta baita hiri ezberdinen artekoak ere. Izan ere, hiri batzuetako agintariak nobleekin egin zituzten aliantzak, fiskalitate eta lurren banaketak zirela eta. Egoera horrek, nahiz eta lurraldean zehar aniztasun handia izan, indarkeria giro orokortu bat sortu zuen. Azken batean, gatazka sozialtzat har dezakegun egoera bizi izan zen.

Zalantzarik gabe, testuinguru horretako protagonistak ahaide nagusiak izan ziren. Pertsonaia horiek bando nobiliarioen buruak ziren, hau da, leinu edo familia zabal baten buruak –krisi garaian gehiago zabalduko zirenak gainera–. Krisi garaian eta beraz, testuinguru kritiko eta defentsibo batean egonda, familia egiturak zurrundu egin ziren, eta ondarea zatiezin bihurtu zen. Ordutik aurrera, aitak seme bakarrari utzi zizkion bere ondasun guztiak, maiorazgorako bidea hasiz. Ahaide nagusi hori bihurtu zen horrela, familiaren buru, ondarearen zaindari eta leinuaren etsaien aurkako mendekuaren erantzule.

Ahaide nagusi horien sinboloa dorretxea izan zen. Horrela, jatorrizko orubearen bihotzean dorreak eraiki zituzten. Euren boterearen ikurrak izateaz gain, egoitza aristokratikoak ziren, eta baita beste ahaide batzuen erasoetatik defendatzeko babeslekuak ere, nahiz eta, adibidez, erregearen artilleriaren aurka balio militarrik ez izan. Hala ere, dorrea ez zen elementu isolatu bat. Bere inguruan habitat txiki bat zuen, eliza pribatua, zerbitzarien etxeak, urkamendia, errotak, olak eta abar. Gaur egun, ordea, oso eraldatuak iritsi zaizkigu, gehienak dorre-baserri handi legez.

Ahaide nagusi horiekin borrokatu zutenen sarea ez zen familiara mugatzen. Besteak beste, tregua bidez lortutako gerra kideek –akordioak elkar laguntzeko–, gomendatuek –indarrez lortutako behe mailako jauntxo edo nekazariak–, sikario taldeek –lan zikinak egiteko ordainduak– eta abarrek osatutzen zuten. Testuinguruaren arabera, beraz, oso egitura malgua osatutzen zuten ahaide nagusien bandoek.

Arestian aipatu bezala, lurraldea ez zen bitan banatu –Gipuzkoan gehiago–, eta han eta hemen borroka eta eraso ezberdinak izan ziren. Beharbada, ikusgarrienak ahaide nagusi ezberdinen arteko borrokak izan ziren. Bataila handiak –300-400 kidekoak– ere egon ziren arren, salbuespena izan ziren. Ugarienak, gerlari gutxik burututako zakuraketa, erreketa, segada eta jipoiak izan ziren. Eta, jakina, biktima nagusia herri xehea izan zen. Jaun baten kontra egiteko bere jabetzak eta mendekoak erasotzea baitzen errazena. Hala ere, hirien aurkako erasoak ere egon ziren, esan bezala, horien artean ere frakzioak egon baitziren. Entzutetsuena, agian, 1448. urteko Arrasateren erreketa izan zen.

Lekeition, garai hartan, likonatarrak eta yarzatarrak izan ziren bi leinu nagusiak. Hala ere, familia garrantzitsu gehiago egon ziren: txurrukatarrak, leagitarrak, loinikiztarrak, artietarrak eta abar. Likonatar eta yarzatarrek elkarren aurkako hainbat gatazka izan zituzten. Bi bandoen arteko borrokek hiribildua erasan zuten behin baino gehiagotan, eta inguruko lurretako biztanleek ere horien ondorioak pairatu zituzten.

Cavanillesek[1] dioenez, Yarza familia Don Pelaioren garaitik (VIII. mendea) bizi omen zen Lekeition. Hori ziurtatzea ezinezkoa den arren, badakigu Lekeitio inguruko familia zaharrenetakoa dela, eta hiribildua sortu zenetik leinu nagusienetako bat izan zela bertan. Leinu horretako ondorengo batzuk Espainiako erregearen kontseiluko idazkariak izan omen ziren, beste batzuk Bizkaiko alkateak, edo hiribilduko agintariak. Lekeitioko hiribilduan jabetza handiak izateaz gain, jaurerriko mugak gainditzen zituen kargu eta errenten jabe ziren, horrela, euren abizena jaurerriko goi mailan sartzeko eta gortera heltzeko gauza ere izan ziren.

Euren botere militar eta ekonomikoaren eraginez, leinu horren nagusitasuna oso agerikoa izan zen Lekeition. Euren bizileku eta jabetza ezagunena Zubietako jauregia izan zen, garai hartan dorretxe zena. Esan bezala, hainbat ondasun eta kargu izan zituzten, agerikoenak aipatzearren, hiribilduaren gaineko probestutza, Lekeitioko eliza eta ermiten hamarrenen herena, Ereño, Bedarona eta Eako elizateetako patronatuak, edo Arcos hiriko alkatetza nagusia.

Lekeitiori dagokionez, zalantzarik gabe, kargu esanguratsuena hiribilduko probestutza izan zen. Probestua erregearen –eta aurretik Bizkaiko jaunaren– ordezkaria zen hiribilduan. Hiribildu bat sortzean, errege edo Bizkaiko jaunak ordezkari bat izendatzen zuen bertan, bere aginduak betearazteko, emandako pribilegio eta betebeharrak gainbegiratzeko eta zergak jasotzeko. Kargu horrek botere politikoaz gain, ezbairik gabe, ohorea eta prestigioa ematen zizkion zeramanari. Esaterako, probestua alkate nagusiaren aldamenean esertzen zen elizan, lekurik pribilegiatuenetako batean.

Nahiz eta garai batzuetan kolokan egon, ziurrenik, 1325. urtetik bertatik, belaunaldiz belaunaldi izan zuten yarzatarrek kargu hori euren esku, eta horrek Lekeitioko gainerako herritarren gainean aginte eta pribilegio estatusa izatea ahalbidetu zien. Hori dela eta, probestutza mantentzea leinuaren lehentasunetako bat izan zen mendeetan zehar, eta ez soilik aipatu berri dugun botere politikoa eta prestigioa eskaintzen zituelako, baita onura ekonomikoak zekartzalako ere. Horrela, kargu horri esker, 1487. urtean 50.800 marabediko sarrerak izan zituztela kalkulatzen da, eta 1573an 112.500 marabedikoak. Horrez gain, badakigu, probestutza kargua Kontzejua kontrolatzeko erabili zutela. Hiribilduko kargu ezberdinetan lagun eta senideak kokatu zituzten, klientelismo sare bat sortuz.

Likonatarren leinua izan zen hiribilduko beste familia boteretsuenetako bat. Horiek euren orubea Mendexan, hots, lur lauean eduki arren, Arranegin –eta aurretik agian Uriarte inguruan– eraiki zuten dorretxea. Hain zuzen, hiribildura lekualdatu ziren euren estatus ekonomikoari eustearren, bertako jarduera ekonomiko berrietan sartuz. Hala ere, ikusiko dugun moduan, likonatar batzuek 1414. urtean hiribildutik irten behar izan zuten, yarzatarrekin izan zuten gatazkaren ondorioz. Edozelan ere, euren abizena ez zen Lekeitiotik desagertu. Horrela, hurrengo mendeetan ere, hiribilduko jarduera nagusietan jardun zuten, bai merkataritzan, bai arrantzan, eta behin baino gehiagotan baita hiribilduko kargu garrantzitsuetan ere. Bi leinu horiek eragin zituzten gatazken gaineko hainbat lekukotza heldu zaizkigu.

Adibidez, Lekeition, ahaide nagusien borrokak gerta ez zitezen, 1381. urtean, Kontzejuak hiribilduan dorretxeak eraikitzeko debekua ezarri zuen, eta Bizkaiko jaunak berretsi egin zuen agindu hori. Hala ere, ez ziren borrokaldiak saihestu. Esaterako, Lope Gartzia Salazarrek dioenaren arabera, borroka latza izan zen 1414. urtean:

“A la madrugada (…) entraron en Lequeitio, quebrantando los muros, los de los solares de Arteaga, Abendaño y Urdaibai, con muchos de sus facción que venían en auxilio de Martín Perez de Licona. Empeñóse la acción en la calle y hubo muchos muertos y heridos (…) una saeta rompiendo la cota de malla, privó de vida a Adán de Yarza. Apaciguó la contienda el célebre Corregidor de Vizcaya, Dr. Gonzalo Moro, concertando treguas. Licona se ausentó de la Villa, fue a poblar Ondárroa, y casándose con una señora de aquella Villa, fue tercer abuelo de San Ignacio de Loyola”[2].

Esan bezala, yarzatarrek Lekeitioko hiribilduko hainbat kargu garrantzitsu bete zituzten eta, oro har, hiribildua euren kontrolpean egon zen: “El linaje de Yarça de Lequetio es linaje antiguo e de buenos escuderos (...) e deste suçedieron sienpre los probostes de aquella villa”. Likonatarrak hiribilduan ezarri zirenean euren boterea kolokan ikusi bide zuten eta talkak sortu ziren bi familien artean: [Nahiz eta] la dicha villa desde antiguedad fue a mando e ordenança del solar linaje de Yarça leuantose contra ellos Martjn Peres Licona (1414. urtean), que era vn mercadero mucho rico, e allegó parentela, e fuese al solar de Arteaga, que era vecino, e enemjgo destos de Yarça”.[3]

Horrela, 1414. urtean, arestian aipatutako borrokaldia gertatu zen. Yarzatarrek euren aliatu mugikatar eta aulestiatarrekin batera Martin Perez de Likonaren dorretxeari eraso eta su ematen ahalegindu ziren. Baina likonatarren aliatu ziren arteagatar, abendañotar eta urdaibaitarrak hauei laguntzera heldu ziren harresiko ateetako bat behera botaz. Hiribilduko kaleetan gertatutako borrokaldian, hildako eta zauritu asko egon ziren, eta horien artean Rodrigo Adan de Yarza zendu zen. Gatazka horiei amaiera emate aldera, Bizkaiko korrejidore Gonzalo Morok Likona jauna hiribildutik kanporatu zuen, eta Ondarroara joan behar izan zuen bizitzera. Baina zigorra ez zen leinu guztira hedatu, eta horregatik, hurrengo mendeetan ere presente izan zen abizena hiribilduan.    

1417. urtean ere, Ondarroa eta Lekeitio artean borrokaldi handi bat izan zen Aranzibia eta Yarza leinuen artean. Bertan, Adan de Yarzaren seme Sancho eta Fernando hil omen ziren, bandoko beste zortzi kiderekin batera. Aranzibiaren aldetik, beste sei lagun zendun bide ziren, horien artean bere bi sasiko.

1418. urtean ere, Arteaga, Albiz, Belendiz, Arenzibia eta beste leinu batzuetako kideek, mendeku arrazoiak tarteko, Lekeitioko hiribildua setiatu omen zuten arpilatzeko asmoz. Bizkaiko jaunaren aginduz, ordea, bertan behera utzi behar izan zuten erasoa. 1457. urtean, Gaztelako errege Henrike IV.ak ahaide nagusien dorretxe guztiak erausteko agindua eman zuen, baita yarzatarren Zubieta ere. Hala ere, bere horretan iraun zuen azken horrek.

1419. urtean, berriz, zenbait gizonek “de noche, quebrantan las çerraduras de las puertas de la dicha villa, e entraron e anduvieron por ella por ferir e matar a algunos vesinos de la dicha villa e por cometer a otros criminales delitos si pudieran”[4]. Baina Gaztelako erregeak, Hondarribian baitzen bisitan, erasotzaileak zigortzeko agindua eman zien Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako korrejidoreei.

1420. urtean, beste botere borroka baten berri dugu. Oraingo honetan, Frantzisko Adan de Yarzak eta Nikolas Artieta kapitainak ika-mika bat izan zuten elizan zegozkien eserlekuen harira. Lehenengoak bere aldamenean berak aukeratutako zenbait bando kide jarri nahi zituen, Artietaren ustez, ordea, berari zegokion toki hori. Azkenik, epaimahaiak Artietari eman zion arrazoia. Ez dugu ahaztu behar, eserlekuak bakoitzaren estatusa zein zen erakusten zuela.

Beste behin, Ispasterko elizan, Yarzaren semeek, aurreko batean izandako ika-mika baten harira, hainbat labankada eman zizkioten Juan Arrasate Likona sastreari. Eragindako zaurien ondorioz hortik gutxira hil zen arren, astia izan zuen yarzatarren aurkako salaketa bat jartzeko. Salaketa horretan leinu horrek aurretik burututako gehiegikeria eta erasoen berri ematen da. Likonatarren, arteitatarren eta beste leinu batzuetako kideen aurkako jipoiak, mehatxuak, bahiketak edo erasoak aipatzen dira besteak beste.

Arteitatarrei dagokienez, antza, leinu hau hiribiduko probestutza kargua bereganatzen saiatu bide zen garai hartan, eta badirudi yarzatarrak gogor jardun zirela hori ekiditeko. 1525. urtean, elizako eserlekuaren harira, Nikolas Artietarekin izandako ika-mika ere baliteke lehia horren parte izan izana.   

Juan Arrasate Likona sastrearen heriotzarekin jarraituz, 1526. urtean, erasotzailea heriotzara izan zen kondenatua. Horrez gain, bere pribilegioen galera eta hirurehun dukateko isuna ezarri zitzaion, eta Yarza leinuko beste kide batzuk ere zigortuak izan ziren. Hala ere, hainbat helegite jarri ondoren, azkenik, heriotz zigorra bertan behera geratu zen, eta gainerako zigorrak ere leundu egin ziren. Antzeko egoera bizi izan zen 1604. urtean ere. Martin Uribe de Yarzak elizako aldara nagusiaren aldamenean labankadaz larriki zauritu baitzuen Sebastian Lopez del Puerto eserleku kontuengatik.

Gertakari horiek oso adierazgarriak dira yarzatarrek hiribilduan zuten boterea norainokoa zen konturatzeko. Ahaide nagusi estatusak, erregearen basailu eta probestua izateak eta hiribilduko Kontzejuan zuten influentziak ia ukiezin bihurtzen zituen, mota guztietako bidegabekeria eta hilketak burutzeko inpunitate osoa emanez.   

Euskal lurraldeetan erreakzio ezberdinak egon ziren ahaide nagusi eta jauntxoen eraso eta indarkeria orokortu horren aurrean. Hasieran lokalizatuak izan arren, gutxika hedatuz joan ziren. Oro har, ahaide nagusien aurkako jarrera zabaldu zen, eta jarrera hori babestu eta bultzatu zutenak, batez ere, loraldi ekonomiko berriaz hazten ari ziren sektoreak izan ziren, hots, artisau, laborari, merkatari, hiritar jendea eta baita jauntxo txiki batzuk ere. Erreakzio horietan garrantzitsuena hirietako kontseiluen eta hermandadeen sorrera izan zen. Baina beste mota bateko erantzunak ere izan ziren. Adibidez, erregeak ahaide nagusiei ezarritako zigor eta auziak, edo herritar xumeen altxamendu armatuak.   

Bando gerren testuinguru horretan sortu ziren hermandadeak garrantzitsuak dira euskal probintzien bilakaera ulertzeko. Erregearen baimen eta laguntzaz, herritar xeheak eta hiriak hermandadeetan batu ziren, milizia bat eratuz eta lurraldean justizia ezarriz –kode penal propioa–. Erakunde horiek etorkizuneko erregimen foralaren oinarria izan ziren, Diputazioak horietatik eratorri baitziren.

Horrela, denborarekin, indarkeria orokortu hori baretuz joan zen euskal lurraldeetan. Esaterako, erregearen ekimenez, Gipuzkoan ahaide nagusiek botere politiko eta militar osoa galdu zuten hirietako oligarkien mesedetan. Hala ere, Bizkaian, prozesu horretatik ahaide nagusiak ahuldurik irten ziren arren, nolabaiteko oreka mantendu zen horien eta hirietako oligarkia berriaren artean. Hurrengo mendeetan sortu zen erregimen forala ere berezia izan zen herrialde horretan, krisitik ere modu mailakatuagoan ateraz. Alabaina, Bizkaiko nobleziaren ahultze horren seinaleetako bat, 1526. urteko Foru Berrian kaperatasun unibertsala baieztatu izana da. Neurri horren bidez, jaurerriko biztanle guztiek estatus juridiko eta politiko bera lortu zuten.

Baina, badirudi, Lekeition behintzat, gatazkak ez zirela guztiz desagertu. 1688. urtean, Adan de Yarzak gainerako kapareen artetik gailendu nahi izan zuen. Gainerako lekeitiarrak baino gehiago zela frogatzeko auzi bat ireki omen zuen, eta bere estatus gorena Elizako eta hiribilduko agintariek onartu ziezaiotela eskatu zuen. Ildo horretan, prozesioetan alkatearen ondoan joateko pribilegioa, elizan sartzeko eta jauna hartzeko lehentasuna nahi zituen; baita hiletetan Zubieta etxeko hilberrien lehentasuna ere. 

Esan bezala, ordea, ordurako Bizkaiko Foru Berriak kaparetasun unibertsala ezarria zuen. Hori dela eta, Calahorrako Bikario Nagusiak ez zion inongo pribilegiorik onartu. Are gehiago, Zubietako etxeak elizan zeukan mausoleoa kentzeko, eta prozesio eta ekimen publikoetan lehentasunik ez aitortzeko agindu zuen.

Hala ere, arestian aipatu bezala, Bizkaian ahaide nagusiek nolabaiteko boterea mantendu zuten oraindik. Horren erakusle izan daiteke, 1624. urtean Gernikako Batzarrean Yarzak Lekeitioko hiriari irabazitako auzia. Yarzak bere etxe eta lurrak hiribilduaren jurisdikziopetik salbuetsi nahi zituen, eta lur lauko parte bihurtu. Hori lortzeko erregearen mesede bat lortu zuen, eta hau bere eskubidea zela aldarrikatu zuen, Bizkaiko Foruak eskubide hori aitortzen ziola argudiatuz. Nahiz eta, Gernikako Batzarrean, hiribilduetako ordezkariak erabaki horren aurka agertu, eta Foruaren kontrakoa zela argudiatu, Adan de Yarza berearekin irten zen eta, gaur egun, neurri horrek indarrean dirau.    

[1] Cavanilles, A. 1858. Lequeitio en 1857. Madrid: José Martín Alegría.

[2] Ocamica, F. 1966. La villa de Lequeitio (ensayo histórico). Bilbao: Imprenta Provincial. 54.

[3] Gonzalez Cembellin, J. M. Murallas y torres en el Lekeitio medieval. Lekeitioko Udal Artxiboa. 7. Argitaratu gabea. 11.

[4] Gonzalez Cembellin, J. M. Murallas y torres en el Lekeitio medieval. Lekeitioko Udal Artxiboa. Argitaratu gabea: 5.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia