Saltatu nabigazioa

7.1.2.- Ontzigintza. Mendieta ontziola

Bizkaiko itsas hegia labarrez josia egon arren, Erdi Arotik aurrera bertako hondartza eta itsasadarrak ontzigintzarako azpiegiturak eraikitzeko baliatu izan dira. Lekeition, Arropain eta Isuntza inguruan egon izan dira historikoki ontziolak, baina badakigu lehen garaietan hondartzan eta gaur egun plaza dagoen eremuan ere egon zirela (irudi hipotetikoa). Hain zuzen, 1338. urtekoak dira jarduera horren berri ematen diguten lehen erreferentzia idatziak.

Hiribilduko ekonomiaren motorra itsas jarduerak izanda, beharrezkoa zen ontzigintza indartsu bat eta, ondorioz, lekeitiar askoren ofizio bihurtu zen sektore hori. Behe Erdi Arotik aurrera, lekeitiar asko eta asko aritu ziren industria horri lotutako zereginetan: arotz, sokagile, istinkari eta beste lanbideetan. Langileek estatus ezberdina zuten, baziren maisuak, ofizialak eta baita ikasleak ere, eta ontziola asko gurasoengandik semeengana igarotzen ziren. Herritarrez gain, kanpotar asko ere etortzen ziren hiribildura lan horiek burutzera. 1533. urtean, adibidez, ontzigintzarako beharrezkoak ziren material eta lanabesak gordetzeko, eta kanpotik zetozen langileei ostatu emateko etxe bat eraikitzea erabaki zen.

XVI. mendean bizi izan zuen Lea arroko ontzigintza industriak bere goren aldia. Garai hartan, 340 tonako gaitasuna zuten ontziak ere eraiki ziren, ezbairik gabe, azpiegitura garrantzitsua eskatzen zutenak. Bi motatako ontziak eraikitzen ziren: batetik, kabotajerako eta baxurako arrantzarako erabiltzen ziren ontzi txikiak –txalupak, pinazak, batelak eta abar–; eta, bestetik, nao edo itsasontzi handiak, itsasoz haraindiko garraio lanetarako. Izan ere, Indietako merkataritzak mende horretan izan zuen garrantziak ontzi eskaera handia ekarri zuen. XV eta XVI. mendeetan hiribilduko ontziolek mota bietako ontziak eraikitzen zituzten, arrantzontziak nahiz garraio ontziak. Eta, sarritan, baita Koroak sustatuta gudarako ontziak ere.

1566. urteko lekukotza batek dioenez, Lekeition urte horretan ontzi handiko bederatzi maisu zeuden, bederatzi pilotu eta txalupako berrogeita hamar maisu. Ziur aski, urte horiek izan ziren inguruko ontzioletan oparotasun handieneko urteak.

XVI. mendeko garai distiratsua igarota, gainbeheran sartu zen ontzigintza. Badirudi, XVII. mendean gogor astindu zuela krisiak, ia ez baitugu jarduera honen berririk dokumentuetan. XVIII. mendean, berriz, Lekeitioko ontziolak arrantzontzien eraikuntzan espezializatu behar izan zuten, Bizkaiko kostaldean hainbat ontziola baitzeuden –Plentzia, Bilbo, Bermeo, Ondarroa, Mundaka– eta horiek konpetentzia latza baitziren. Merkataritza kolonialak zekarren beharrak asetzeko, Koroak ontzigintza industria sustatuko duen arren, Lekeitiok ez zuen proiektu horretan parte hartu, dagoeneko bigarren mailako portua baitzen. 

XVIII. mendetik aurrera, beraz, Lekeitioko ontziolek arrantzontziak edo kabotajeko ontzi txikiak baino ez zituzten eraiki. Orduko ekoizpenak, jada, ez zuen garai batekoarekin zerikusirik. Gainera, burdingintza industriak eskatzen zuen egur eta ikatz kopuruak eta nekazaritzarako luberritzeek lehengai gabe utzi zuten behin baino gehiagotan ontzi industria.

XIX. mendeko gerrak igarota, berpiztu egin zen ontzigintza. Horrela, mende erdialdean hazkunde bat izan zuen industria horrek, beti ere, arrantzontzien ekoizpenari lotuta. Teknologia berrietara moldatzeko ahalegin bat egon zen, bela-ontziak egitetik lurrun makinadun ontziak egitera igaroz –ikatza zerabiltenak erregai gisa–, eta horietatik motordunetara pasatuz –gasoliodunak–. Era berean altzairuak egurra ordezkatu zuen. Esaterako, lehen baporea, Bilboko ontziola batean eraikitako Comercio izeneko ontzia, 1856an iritsi zen Lekeitioko portura. Baina 1945erako ia ez zen baporerik geratzen, guztiak gasoliodun motorra zuten ontziek ordezkatuak izan baitziren aurreko hiru hamarkadetan. 

Eraldaketa horretan zeresan handia izan zuen 1912. urteko galarrenak. Baporezko ontzi guztiek, haize eta olatu bortitzei aurre eginez, portura heltzea lortu bazuten ere, bela- eta arraun-ontzi gehienak ondoratu egin baitziren. Ezbehar horren ondorioz, ontzidia modernizatzeko beharra azaleratu zen.

XX. mendearen lehen herenean, Lekeitio inguruko ontziolak izaera industrial handiagoa lortu zuten, azpiegiturak egonkortuz eta hobetuz. Hala ere, oraindik instalaziok prekarioak ziren eta ez zen sekula mekanizazioa iritsi. Mende horretan, aurrekoan sortutako hainbat ontziolak martxan jarraitu zuten oraindik. Hain zuzen, 1910. urtera arte hiru izan ziren martxan jarraitu zuten ontziolak: Andres Mendietarena (argazkia) –bederatzi tonako tamainarainoko ontziak eraiki ziren bertan–, bere senide Antonio Mendietarena (30 tona) eta, azkenik, Esteban Eiguren, Atxurrarena (argazkia) (40 tona). Lekeitioko ontzigintzak 1950 eta 1960ko hamarkadetan bizi izango du bere azken une oparoa, eta data horretatik aurrera gainbehera ia erabatekoa izango da. Azken ontziak 1990eko hamarkada hasieran eraiki ziren.

Hala ere, oraindik garai bateko ontziolen arrastoak geratzen zaizkigu Learen ibilbidean. Ontziola gehienak ibaiaren ertzetan kokatuta zeuden, itsaso txarretik babestuta. Oraindik ere, Isuntza hondartzako muturrean, aurki dezakegu 1885ean sortutako Mendieta ontziola (argazkia), eta bere egiturak ontziola tradizional baten ia ezaugarri guztiak mantentzen ditu.

Egurrez eraikia, bere bloke nagusia hiru espaziotan banatuta dago. Erdikoan itsasontziak eraikitzeko eta itsasoratzeko gurdidun arrapala dago, Lea ibaiaren korrontearen aurkako noranzkoan jarrita. Gainerako bi atalak erdikoaren aldamenetan daude: bat makinaria astuna, tailerra eta bestelako materialak gordetzeko erabiltzen zuten, eta bestean gurdidun zerra zegoen. Metro batzuk gorago bigarren arrapala bat ikus daiteke, garai baten zuen estalpea mantentzen ez den arren. 1993. urtera arte mota guztietako ontziak eraiki eta konpondu ziren ontziola honetan; txalupa eta traineruetatik hasi, bapore eta diesel motordunekin jarraitu, eta atun eta legatz arrantzarako itsasontzi modernoetaraino. Bere balio historikoa eta kontserbazio maila dela-eta, Ondare Monumentu bezala izendatu zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 2010. urtean.  

Ibaiaren beste ertzean, Mendexako lurretan, 1920. urtean eraiki eta mende amaieran eraitsi zen Domingo Mendietaren ontziolaren (argazkia) harrizko plataforma eta arrapala ikus daitezke. Isuntza zubia igarota, berriz, garai batean Esteban Eigurenena izandako ontziolako dago (argazkia), 1978. urtera arte aktibo egondakoa. Hala ere, bere egitura goitik behera zaharberritu zen 1980 hamarkadan, eta ez du jatorrizko elementurik mantendu. Azkenik, ibaian gora jarraituz gero, Arropain auzoan, Murelaga ontziola aurkituko dugu, 1933an eraikia eta, egun ere, ontzi txikien mantentze eta konpontze lanak burutuz, aktibo jarraitzen duen bakarra.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia