Saltatu nabigazioa

7.2.4.- Arraina eta ardoaren bidea

Arraina oinarrizko elikagaia zen Erdi Aroan. Sardinak, bisiguak, sardinzarrak eta bestelako arrainak, fresko edo kontserban, ohikoak ziren Iberiar penintsulako barne merkatuetan. Ezin da ahaztu kristauek urteko zenbait egunetan ezin izaten zutela haragirik jan eta, ondorioz, arrainak toki garrantzitsua hartzen zuela euren dietan.

Horrela, Ondarroa, Bermeo edo Lekeitio moduko euskal kostaldeko herriak merkatarien jomuga bihurtu ziren, eta gaur egun arrainaren eta ardoaren ibilbidea deritzoguna sortu zen.

Lekeitioren kasuan, Lea ibarra zeharkatuz, Durangora eta hortik Urkiolako mendatea igaroz Gasteizera iristen ziren mandazainak. Garraiolari eta merkatariak Arrantzaleen Kofradiarekin jartzen ziren harremanetan arrain freskoa erosteko. Batez ere neguan esportatzen zen arrain freskoa, elurrez betetako kupelen barruan sartuta eta urtaroko tenperatura baxuak aprobetxatuz. Arrainarekin batera kantauriar isurialdeko burdinoletako burdina ere esportatzen zen.

Ibilbidea kontrako noranzkoan egiten zutenean garia, gatza, artilea, ozpina edo ardoa ekartzen zuten. Izan ere, arrain eta zerealen truke horren abaroan hasi zen ardoa bezalako luxuzko produktu baten komertzializazioa. Ardo gehiena Arabako Errioxatik zetorren, eta Lekeition ekoizten zen txakolin edo sagardoa baino garestiagoa izanagatik ere, askoz estimatuago zen. Hori dela eta, bertoko txakolina babesteko hainbat neurri protekzionista ezarri ziren.

Garraiolariek orografia bihurri eta zailari egin behar izaten zioten aurre egunero. Izan ere, egunero iristen zen Gasteizko merkatura kostaldeko arrain freskoa. Arrainaren eta ardoaren ibilbidea deritzona oso erabilia izan zen XV. eta XVIII. mendeen artean. Urduña zeharkatzen zuen errege-bidea eraiki eta hobetu zenez geroztik, ordea, behera egin zuen joan-etorrien kopuruak. Hala eta guztiz ere, XX. mende hasierara arte erabili zen. Mendeetan komertzioa erraztu zuen ibilbidea izateaz gain, kostaldea eta barnealdea elkarlotu eta beraien arteko harremanak sendotu zituen bide garrantzitsuenetako bat izan zen.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia