Saltatu nabigazioa

8.1.2.- Estudiantina

Lekeition, beste hainbat herritan bezala, bertso eta kanturako ohitura handia egon da. Han eta hemen ikusitakoak, herrian gertatutako pasadizo eta xelebrekeriak bertsotan jartzen ziren, eta jai giroan, tabernan, bazkalostean edo lagunartean abesten ziren. Oro har, asmatutako letrak aurretik ezagutzen zituzten erritmo eta melodietara egokitzen zituzten herritarrek. Hor ditugu, adibidez, Antero eta Singerren gorabeherak edo aeroplanoen istorioa.

Hala ere, gure herrian benetako konpositoreak ere izan dira. Horien artean, Kasimiro Etxebarria aipatu behar dugu, berau izan baitzen gerora Aratuste Alai estudiantina izango zenaren aitzindarietako bat. XIX. mende amaieran bizi izan zen eta, arotza izateaz gain, herriko musika bandako zuzendaria zen.

Udalarekin izandako tira-bira ekonomiko batzuen ondorioz, Kasimirok eta gainerako kideek udal banda utzi eta beste bat sortu zuten, La Independiente. Udalak bere aldetik, banda berri bat eratu zuen, eta La Independiente bandaren aurkako boikot kanpaina abiatu zuen, Lekeition aritzea debekatuz. Hori dela eta, Kasimiro eta bere kideen bandak inguruko herri eta jaietan jo ohi zuen. Urte batean, aratuste egunez, estudiantina bat eratzea otu zitzaien. Txamarra berdez, galtza beltzez eta lumadun txapel gorriz jantzita Elantxobe, Gernika eta Bermeon zehar ibili ziren musika jotzen, eta arrakasta handia izan zuten antza. Urteak igaro ahala, estudiantina herrian errotuz joan zen. Uda sasoian, aratusteetan eta jai egunetan irteten ziren herriko kaleak alaitzera.

Kasimirok lekukoa Higinio Etxebarria semeari eman zion. Honek aitaren bideari jarraitu zion eta urte luzez jardun zuen estudiantina zuzentzen. Bere arduren artean zeuden abestien errepertorioa mantentzea, materialak prestatzea eta taldea dinamizatzea. Horrez gain, letra berriak jaso eta musika ere konposatzen zuen.

1915. urtean, Lekeitioko Udalak musika bandako zuzendari postua oposiziora atera zuen, eta gorabehera batzuen ostean, azkenean Beobidek eskuratu zuen. Zuzendari horrek, musika konponzatzaile bikaina izanda, ekarpen bikainak egin zizkion estudiantinari ere. Azpimarratu behar da, besteak beste, berak konposatutakoak direla gaur egun Athleticek ereserki bezala darabilen Altza gaztiak edo Lekeitioko ikurrinaren ereserkia. Bandako zuzendari izan zen garaian, berak gidatu zuen estudiantina, eta bibolina jotzen zuen.

Beobideren ostean, Larreta izan zen bandako zuzendaria, baina honek ez zuen zuzenean estudiantinan parte hartu. Hala ere, melodiaren bat edo beste konposatu zituen. Larreta izan zen gerra aurreko azken zuzendaria.

Frankismoaren lehen urteetan aratusteak debekatu egin ziren. Isilune horren ostean, Higino Etxeberriak berreskuratu zuen estudiantina 1948an. Hala ere, aurreko urteetako utzikeria eta debekuen ondorioz, partitura gehienak galdu edo erre egin ziren, eta urte horietan lan gogorra egin behar izan zuten estudiantina berriz ere martxan jartzeko. Merezi du 1948. urte hartan eskaini zuten abesti baten lehen bertsoak hona ekartzea:

“Aratuste eguna dela ta

Kalera gaur urteten dogu

Gendia poses betetziarren

Alegiña egingo dogu

Negu txarrari

kazu einbarik

Sabela bete

gaur egizu

Antxoa ederra

agertutzian

Sorrak guztijak

pagakozuz”[1].

1962. urtean Migel Arrieta heldu zen Lekeitiora bandako zuzendari postua betetzera. 1964. urtean bandurria jole moduan hasi zen estudiantinan. Garai hartan, Andres Ordorika zen taldearen burua eta saioen prestatzailea, berriz, Markos Santamaria. 1969. urtean, Itxaropena sortu zen, umeen lehen estudiantina. Antza, estudiantinako zahar batzuek ez baitzuten nahi umeekin jo.

Handik gutxira, Migel Arrietak hartu zuen estudiantinaren gidaritza, berau sendotu eta berregituratuz. Ordutik, hainbat abesti eta melodia berri sortu ditu, eta gaur egun estudiantinak jotzen duen errepertorioa berak armonizatutakoa da. Hauek dira kanta ezagunenetako batzuk: Arranegi, Gabota 2, Otoio, Gabota 4, Paparduak, Biribilketa, Eskolape, Kaltzapintxo, Aittitta Makurra, Karraspio, Zumatzeta, Sugelandaria, Maite, Hamalau Kirriskarro, Talatik Portaleraino, Lekitto bai polita, Kukua, Trabola, Kanal de Mantxatik, Otzaratxu bat.

2010. urtean Traola jujian. Lekitton kantaten I. liburuan bildu ziren abesti horietako asko.

[1] Garatea, F. 1989. “Lekeitioko aratusteak (1862-1987)”. Dantzariak. 46, 24-48. Iruñea: Euskal Dantzarien Biltzarra. 35-36.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia