Saltatu nabigazioa

9.2.2.- Kanpotar ezezaguna

Kanpotar ezezaguna[1]

Orain dela urte asko, Lekeition gizon arraro bat bizi zen. Gutxitan irteten zen kalera, eta ateratzen zenetan, ez zuen inorekin hitz egiten. Uda izan nahiz negua izan, gorputza osorik estaltzen zion kapa bat eramaten zuen beti, eta buruan begiak, sudurra eta ahoa baino ikusten uzten ez zizkion kapela handi bat. Zurrumurru artean, herritar batzuek gizon zahar bat zela esaten zuten, eta beste batzuek mutil gazte bat. Baina, egia esan, inork gutxik ezagutzen zuen.

Urruneko herrialde batetik etorria zela zabaldu zen, eta hango ohiturei jarraiki estaltzen zuela burua. Inork ez zekien zein zen bere izena, eta denborarekin On Lotsati deitzen hasi zitzaizkion. Ez zen sekula mezatara agertzen, ezta igandeetan ere. Hala ere, Antzoris muturrera joatea maite zuen eta hantxe igarotzen zituen arratsaldeak. Apenas hitz egiten zuen herritarrekin, janaria erosi ohi zion dendariari baino ez zizkion hitz apur batzuk esaten. Hark zioenez, ez zekien euskaraz, eta beti hitz egiten zuen Gaztelako mintzairan.

Garai hartan, herrian bi bizargin zeuden eta, egun batetik bestera, haietako bat desagertu egin zen. Inork ez zekien nora alde egin zuen. Bere emazteari galdetuta, hark txalupan ibiltzera joana zela esan zuen, baina eguerdia heldu eta agertu ez zenez, bere bila joan zela portura. Bizarginaren txalupa hantxe zegoen, betiko lekuan, baina bera ez omen zen inon ageri. Gertaera hartatik hilabete batera edo, beste bizargina ere desagertu egin zen. Herritarrak oso harrituta zeuden, eta ezin zuten gertatutakoa sinetsi. Guztiek galdetzen zioten elkarri ea zer gertatu ote zen herriko bizarginekin.

Bi edo hiru egun beranduago, lehendabizi desagertu zen bizargina agertu zen. Ikusi bezain pronto, herritarrak beragana joan ziren ea azken asteetan non izan zen galdetzera. Honek ez zien ezer argirik erantzun. Jada, ez zirudien lehengo bera. Agertu zenez geroztik, ez zen bere lagunekin elkartzen, goibel zebilen eta, emakumeak zioenez, etxean ez zuen hitzerdirik ere esaten. Antza, lorik ere ez zuen egiten, eta gaua aulki batean eserita ematen zuen. Egunero joaten zen mezatara eta egunero konfesatu ohi zen. Baina apaizari galdetuta, honek ezin zuela ezer esan erantzuten zien herritarrei. Handik gutxira, bizarginak bizartegia itxi zuen, jendearen galdera eta txutxu-mutxuez nazkatuta.

Egun batean, arrantzale batzuek herritik irteten ikusi zuten. Aitzurtxo bat zeraman eskuan. Marierrota ingurura heldu zenean, kanaberadi baten azpian zulotxo bat egiten hasi zen. Zuloa amaitu zuenean, eta inguruan inor ez zebilela ziurtatzean, burua zulo barruan sartu eta hitz batzuk jaurti zituen bertan. Esaldi berbera hiruzpalau aldiz errepikatu ostean, zuloa lurrez estali zuen. Orduan, erabat lasaituta, ahoan irribarre ederra zuela itzuli zen Lekeitiora.

Zer esan ote zuen bizarginak zulo hartan? Inork ere ez zuen jakin izan bizpahiru aste beranduagora arte. Eskolara piper egin zuten mutiko batzuk Marierrota ingurura joan ziren olgetan ibiltzera. Hango kanaberadia ikusita, hainbat kanabera ebaki zituzten txistuak egiteko. Egin berri zituzten musika tresnekin pozik, herrira abiatu ziren. Baina, txistuak jotzen hastean, gauza arraro bat gertatu zen: kanaberetatik musika doinuak irten ordez, bizarginak lurperatu zituen hitzak ateratzen ziren: “On Lotsatik asto belarriak ditu, On Lotsatik asto belarriak ditu”.

Mutikoek, txistuak jo eta jo, herriko kaleetatik zabaldu zuten mezua. Gertatzen ari zenaz jabetzean, On Lotsati ziztu bizian joan zen bizarginarengana. Paparretik heldu eta mehatxu egin zion: “Nolatan aitortu duzu asto belarriak ditudala? Ez al nizun esan sekretua isilean gorde ezean hil egingo zintudala?!”. Bizarginak, etsita, erantzun zion ezinezkoa zitzaiola sekretu harekin bizitzea, eta ilea mozterakoan deskubritu zuena Marierrotan lurperatzea otu zitzaiola.

 Gertatutakoa ikusita, hasiera baten On Lotsati sutu egin bazen ere, egunak igaro ahala, bat-batean, jada agerian zeramatzan asto belarriak txikitzen hasi ziren. Egun batzuen buruan, asto belarri zirenak belarri arrunt bihurtu ziren, eta herritarrak gizon arraro hura begi onez ikusten hasi ziren. Horrela, damututa, bizarginari barkamena eskatu zion eta bahituta zeukan bigarren bizargina ere askatu egin zuen.

[1] “Ajubita, J.L. 1988. “Notas históricas y un par de leyendas”. Lekeitio. Ederti, etnografi eta edestiaren aldizkaria, 1. 12-13. Bilbao: BBK.”. Agerkari horretan argitaratu zen Juan Luis Ajubitak 1966 inguruan bildutako ipuin hau. Hark zioenez, besteak beste, Daniel Zendoia arrantzale erretiratuak kontatu zion.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia