Saltatu nabigazioa

4.6.3.7.- Gangak

Gangak  (argazkia)

Tipologia ezberdineko gurutze-gangek estaltzen dituzte elizako tarte guztiak. Xumeena diagonalean gurutzatutako bi nerbioekin osatutako gurutze-ganga sinplea da, eta alboko habearteetan eta girolan ikus dezakegu. Gangek, nerbioak elkartzen diren lekuan, apaingarri ezberdinak dituzte: izarrak, kardu floroiak, San Pedro eta San Pabloren irudiak eta abar. Girolan Andre Mariaren eta San Pedroren erretaulei dagozkien tartekoek soilik dituzte figurak, beren titularren irudiekin. Azken horiek pieza gotikoak dira, beharbada jatorrizko absideetatik berreskuratutakoak, eta gainerakoek elkar-gurutzatutako P eta A hizkiak dituzte, Pascual Abaroa lanen sustatzailearen omenez.

Gangen diseinua landuagoa da habearte nagusian, eta are gehiago, tenpluaren oinetara hurbildu ahala. Presbiterioan gurutzeria erradiala ikus daiteke eta, arku toralarekin bat egiten duen nerbioan, izar batekin eta gurutze hankadun batekin apaindutako bi plaka. Nerbio guztiak daude apainduta koroatutako emakumezko buruekin. Horiek triforioaren azken tartean ikus ditzakegunen antzekoak dira. Deikunde dinamiko bat irudikatzen duen giltzarri borobil zizelkatu eta polikromatu batean elkartzen dira.

Lehenbiziko tartea sei horma-ataleko gangak ixten du. Bere nerbioetan koroa duten emakumezko buruak ikus ditzakegu berriro ere. Giltzarriak kardu urreztatuen artean dagoen bost buruko emakumezko baten irudia du apaingarri bezala, ezaugarri gotikoa berau.

Bigarren tartearen estalkia tertzelete-ganga bat da. Nerbioek triangelu txikiagoak eratzen dituzte, eta giltzarriraino iritsi beharrean, oktogono zapal bat osatzeko elkartzen diren erdibideko puntu batzuetaraino iristen dira. Giltzarriek hirusta-lobuluak dituzte, luzetarako nerbioaren muturrekoek izan ezik. Bertan Pascual Abaroak finantzatutako zaharberritze lanei buruzko inskripzioa dago.

Erreforma horien data hurrengo sektoreko erdiko giltzarrian dago idatzita: “1883”. Gainerako hamarrak lauak dira eta tertzelete eta kontratertzelete ganga izartuetan banatuta daude. Azkenik, atzeko tartean, itxura zapala duen itxidura-horman, estalkiaren planteamendua landuagoa da. Ganga izartu konplexua du, hogeita sei giltzarrikoa eta erdikoak soilik ditu hirusta-lobuluak.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia