Saltatu nabigazioa

5.5.- Gotorlekuak

Itsasotik etor zitezkeen mehatxuetatik babesteko Lekeitiok, euskal kostaldeko gainerako herriek bezala, hainbat neurri hartu izan ditu historian zehar. Itsasoa zen hiribildua munduarekin lotzen zuen atea. Bertatik sartzen eta irteten ziren arrantza-ontzi eta zamaontziak, baina, era berean, itsasotik heldutako hainbat eraso ere jasan behar izan zituzten lekeitiarrek: itsaslapurrak, armada etsaiak eta abar. Mendien artean babestuta egon arren, badia zabala du Lekeitiok eta, esan daiteke, mendeetan zehar hauxe izan zela bere defentsa lerroaren kate-begi ahulena.

Hasieran, hala moduz egiten zieten aurre eraso horiei. Esaterako, gerra sasoian, arrantzaleen ontziak arma arinez eta artilleria-pieza txikiz hornitzen zituzten, edo portuko sarrerak blokeatzen zituzten itsasontzi zaharrak edo kate handiak erabiliz. Halaber, herritarrak gerrarako trebatzen zituzten, miliziak edo alardeak antolatuz. Horrez gain, kostaldeko puntu estrategikoetan talaiariak ezartzen zituzten, arriskutsua izan zitekeen ontziren bat ikusiz gero, abisua eman eta herritarrek defentsa sasoiz presta zezaten.

Hala ere, geroz eta prestatuago zeuden etsaiei aurre egiteko, lehenengo gune gotortuak eraikitzen hasi ziren. Horrela, askotariko defentsa sistemak osatu zituzten euskal kostaldean: soldaduak babesteko lubakietatik hasi, eta artilleria piezaz hornitutako harrizko gotorlekuetaraino.   

Lekeitiok hiribildua babesteko hartutako neurriak aitzindariak izan ziren Bizkaian, beste portu garrantzitsuago batzuetakoak baino hobeak. Bere orografia menditsua aprobetxatuz, hamar bat gotorleku eraiki zituzten herriaren bueltan, besteak beste, Talabekoan, San Juan Talakon (argazkia), Artzabalen, plazan, Garraitz irlan (irudia), Santa Katalinan (argazkia), Lumentza mendian edo Likularren.

Horietako batzuek mendeetan iraun zuten zutik. Harrizko eraikuntza sendoak izan ziren, eta artilleria, beharrezko armamentua –bolbora, balak, arkabuzak– eta soldaduak hartzeko azpiegitura konplexuarekin osatuta zeuden. Beste batzuk, aldiz, gerra garairako bakarrik atondu zituzten, eta posizio xumeagoak izan ziren.

Lekeitioko gotorleku nagusia Talabekoan eraiki zuten, Amandarri muturretik gertu, portuko sarrera zuzena kontrolatzeko. 1528. urterako bi artilleria pieza ezarri ziren bertan –burdinazko bi horma-zulatzaile–, eta 1554an Koroaren aginduz, harrizko dorre sendo bat gehitu zitzaion posizioari. Mendeetan zehar, babesgune hori sei kanoi izatera iritsi zen, nahiz eta, dokumentu idatziek diotenez, XVIII. mende amaierarako gehienak herdoilduta eta baldintza txarretan egon.

Talabekoarekin batera, San Juan Talakon kokatu zuten gotorlekua izan zen kronologikoki zaharrena. Hemen ere, XVI. mende erdialderako baziren artilleria-piezaz hornitutako pare bat eraikin. Talabekoko eta San Juan Talakoko posizioak trintxera baten bidez zeuden komunikatuta, eta lubaki horiek mosketeak jartzeko zuloz osaturik zeuden.

Talabekoko eta San Juan Talako bateriak, hurrenez hurren, Lehen Gerra Karlistara arte (1833-1839) eta Bigarren Gerra Karlistara arte (1872-1876) iraun zuten. San Juan Talakokoa esparru txiki bat zen, itsasora begira zeuden lau kanoi-zuloz osatua. Horietako hiruren aztarna arkeologikoak 1992-1993 urteetan burututako urbanizatze lanetan azaldu ziren eta, gaur egun, ikusgai daude.

Aipatu ditugun bi bateria horiek izan ziren, XVI. mendetik XIX. mendera arte, Lekeitioko portuaren defentsa sarearen oinarria. Baina, antza, ez ziren nahikoa izan etsaiei aurre egiteko eta, gerra sasoietan, herriko defentsa-sistema indartu behar izaten zuten. Gaztelako Koroa etengabeko gudateetan murgildu zen XVII, XVIII eta XIX. mendeetan eta, ondorioz, lekeitiarrek euren gotorlekuak berrikusi, konpondu eta hobetu behar izan zituzten etengabe. Horixe bera gertatu zen, adibidez, Hogeita Hamar Urteko Gerraren (1618-1648) sasoian. Orduan, Lekeitiok gotorleku berri bi eraiki zituen, bata Artzabal inguruan eta bestea herriko plazan. 

Karraspio edo Artzabal inguruan kokatu zuten posizioa oso xumea izan zen. Hiru kanoi baino ez zituen izan, eta ez zuen denbora luzez iraun. 1643. urtean eraiki arren, 1650. urterako, jada, baliorik ez zuen antza. Bestelakoa izan zen plazako bateriaren kasua. Gotorleku hori gaur egun plaza azpiko aparkalekua dagoen tokian egon zen kokatuta. 1990. urtean, Independentzia enparantza berritzeko lanetan, 1,20 metro zabal zen horma sendoa agertu zen. Horma horren alde bakoitzak diamante forma zeukan, eta hainbat kanoi- eta moskete-zulo zituen. Eraiki zutenetik hainbat aldiz zaharberritu zuten (1794, 1810, 1827), nahiz eta denborarekin garrantzia galduz joan zen.

XVIII. mendera arte ez zen babeserako gune berririk eraiki hiribilduan. Baina mende horren erdialdera, Austriar Sezesio Gerra tarteko (1740-1748), defentsa sarea indartzeko neurriak hartu ziren, kostalde osoa ingelesen erasoen mehatxupean baitzegoen. Baina birmoldaketa hori Lekeitiotik haratago joan zen. Britainiarren beldurrez, Bizkaiko Foru Aldundiak itsasertzeko beste hainbat gune estrategiko gotortzeko eskaria egin zion Jaime Sycre ingeniari militarrari. Adibidez, garai horretakoak dira Bermeoko Tonpoi edo Getxoko Galea lurmuturreko gotortzeak.

Testuinguru horretan eraiki ziren Lekeition Santa Katalina eta Garraitz irlako postuak. Santa Katalina edo Antzoris lurmuturrean kanoi bateria bat eta berau zaindu behar zuten gizonentzako etxola eraiki ziren. Gutxi iraun zuen, frantziarren okupazio aldian (1808-1813) erabat suntsituta geratu baitzen. Hala ere, 2010. urtera arte heldu ziren esparru horretako aztarnak, nahiz eta, urte horretan zonaldean egindako obretan arrasto guztiak ezabatu zituzten. Oinplano trapezoidala zuen esparru txikia zen, bi kanoi-zuloz osatua.

Santa Katalinako bere ahizpa bezala, 1742-1744 urteen artean eraiki zen Garraitz irlako gunea ere Uhartearen goialdean kokatu zuten (irudia), itsasoko sarrera eta badia kontrolatzeko. Zorionez, kasu honetan, gaur egunera arte iraun dute hainbat aztarna baliotsuk. Adituen esanetan, gune arkeologiko garrantzitsua osatzen dute, bai kronologiagatik, bai elementuen aniztasunagatik. Gaur egun ingurua berreskuratu eta balioan jartzeko egitasmoa dago martxan, besteak beste, Atabaka Elkartea, Lekeitioko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimenez.      

Irlako gotorleku militarra bi gunetan banatuta dago. Alde batetik, punturik garaienean, 1,20 metroko horma sendo batez inguratuta dagoen esparru irregular bat identifikatu da. Esparru horrekin lotuta zenbait horma ere eraiki ziren uhartea bitan banatu eta esparru militarra babesteko. Horma horietan zehar artilleriako lautadak edo bateria txiki batzuk zeuden kokatuta.

Bestetik, irlaren iparraldeko muturrean oinplano angeluzuzena duen bateria gune bat eraiki zuten, kareharriz egindako harlanduzko horma sendo batez babestuta. Horma horretan lau kanoi-zulo ireki zituzten. Horrez gain, gune horrek kuartela, biltegia, eta bolborategia ere bazituen. Bolborategia harkaitz naturala aprobetxatuz egin zuten eta ganga batez estali zen. Oso eraikin berezia da, Bizkaiko kostaldean antzeko besterik ez baitago. Biltegia, bestalde, badakigu Lehen Gerra Karlistan (1833-1839) gotorlekuaren berreraikuntza lanetan jardun zuten presoen espetxe bezala erabili zela. Izan ere, borrokak izan ziren aldi guztietan behin eta berriz berreraiki zuten Garraitz uharteko gune militarra, 1742. urtetik 1839. urtera arte.

XVIII. mende amaierakoa da Lumentzako bateria ere. Muino estrategiko horretatik itsasoko sarreraz gain, Markinako bidea ere kontrola zitekeen. Gaur egun, bere gailurrean artifizialki egindako terraza bat aurki dezakegu, metro bat lodi den horma batez inguratuta. Garai batean, hiru edo lau kanoi-zulo izan zituela uste da, eta multzo militarra osatzen zuten zenbait eraikinen arrastoak ere nabarmen daitezke, txarto kontserbatuak dauden arren.

Lumentzako gotorlekua 1794. urtean eraiki zen Gipuzkoatik zetozen tropa frantziarrei aurre egiteko. 1812. urtean, frantziarrek eurek konpondu zuten eta, berriz ere, ingeles eta gerrillariek suntsitu zuten urte berean. Ostera ere, 1834. urtean zaharberritu zuten arren, ez zuen askorik iraun. 1835. urteko urtarrilean tximista batek bolborategia zartarazi zuen eta, bertako berrogehi bat soldadu hiltzeaz gain, gotorlekua birrinduta hutsi zuen. Karlistek konpondu zuten azken aldiz 1837. urtean, baina ez zen gehiagorik erabili hurrengo urteetan.

Azkenik, Mendexako lurretan egon arren, Likoalarra mendiaren tontorrean eraiki zen bateria aipatu behar da. 1875. urtean, Bigarren Gerra Karlistaren testuinguruan, Don Karlosen aldekoek Armstrong motako bi kanoi ezarri zituzten bertan, Lekeitiok jasaten zituzten erasoei aurre egiteko. Handik urte betera, gatazka amaitu zenean, bertan behera utzi zuten gune hori. 

Azpimarratu behar da, foruek indarrean iraun zuten aldian, Foru Aldundiaren eskumena izan zela jaurerriaren defentsa kudeatzea. Hori dela eta, Aldundiak eta Udalak berak ordaindu, eraiki eta mantendu zituzten aipatu ditugun gotorleku horiek guztiak. Euren ardura izaten zen gerra garairako hornidura ziurtatzea eta artilleria-piezak egoera onean izatea. Beraz, esan behar da, Lekeitio bezalako hiribilduak garrantzitsuak izan zirela defentsa sistema egituratzeko.

Hala ere, sarritan, gerra batetik bestera, ardura hori ez zen behar bezala betetzen, eta hainbat arazo sortzen ziren: lapurretak, kanoiak ontziak lotzeko erabiltzea, armak herdoiltzea eta abar. Horren aurrean, Aldundiak bolborategi txikiak eraiki zituen herriz herri. Gehienak txabola xumeak izan arren, batzuetan gotorlekuen inguruan zeuden eraikinak baliatu zituzten. Lekeitioko Santa Katalina eta San Juan Talako ermitak, esaterako, garai batean armak eta bolbora gordetzeko erabili ziren, nahiz eta eliz agintariek begi honez ikusi ez.

1876. urtean, Bigarren Gerra Karlista galdu eta foruak bertan behera utzi ostean, defentsarako eskumena Madrilgo gobernuaren esku geratu zen, eta ordutik bere zeregina izan zen gotorlekuak eraiki, soldadutza antolatu eta, oro har, gerrarekin lotutako kontuak kudeatzea.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia