Saltatu nabigazioa

7.1.5.- Armarria

Kostaldeko herri batzuetan balearen arrantzak izan zuen garrantzia beraien armarrietan geratu da islatuta. Hala, adibidez, Hendaia (Lapurdi), Getaria (Lapurdi), Miarritze (Lapurdi), Getaria (Gipuzkoa), Zarautz (Gipuzkoa), Hondarribia (Gipuzkoa), Mutriku (Gipuzkoa), Bermeo (Bizkaia), Lekeitio (Bizkaia), Ondarroa (Bizkaia) eta Castro-Urdialeseko (Kantabria) armarrietan balea agertzen zaigu. Hona hemen, hurrenez hurren jarriak: 

Lekeitioko armarriak bertsio ezberdinak izan ditu historian zehar. Hainbat tokitan azaltzen zaigu. Lekukotzarik zaharrena pergamino bat da, De contratos, Remates, Inventario de escrituras eskuz idatzitako liburuaren hasieran josita dagoena (1569 ingurukoa) (argazkia). Horrez gain, udal aretoan ikusgai dagoen banderan –1588an Valladoliden brodatua– (argazkia), udaletxeko fatxadan (1722) (argazkia), Elección de los Señores de Gobierno de esta Noble Villa de Lequeitio liburuan (1760), Antiguako Amaren errepresentazio batean (XVIII. mendea) eta beste hainbat lekutan ere azaltzen zaigu. Armarri horiek ezberdinak izanagatik ere, guztietan ageri da balea-ehiza irudikatuta.

Gaur egun erabiltzen den bertsioak udal aretoko bandera du eredutzat, eta 1966an Udalaren enkarguz Francisco Sesmero Perezek, Real Academia de la Historiako kideak, proposatutako armarri ebakia da. Sesmero, 1932an Amantzi Urriolabeitia lekeitiarrak egindako estudio batetan oinarritu zen.

 

Honako hau litzateke bertsio horren deskripzioa (argazkia): goian, urre koloreko atzealdearekin, ezkerraldean hagin berde bat du otso beltz bi dituela aurrez aurre; eskuman, berriz, dorre bat eta aldamenetan errege moro bi, dena zelai berde baten gainean. Behean, zilar koloreko olatuen gainean baleontzi tripulatua, arpoilari eta guzti, kumearekin doan balea bat harrapatzen. Armarria honako esaldi honek inguratzen du: “Reges debellavit horrenda cette subjecit terra marique potens Lequeitio”. Hau da, “Errege ahaltsuak menderatu, balea izugarriak azpiratu, itsasoz eta lehorrez Lekeitio bulartsu”.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia