Saltatu nabigazioa

7.0.- Kokapena

Behe Erdi Aroan urrezko aroan sartu zen Euskal Herriko ipar-isurialdea. Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdik industrializazio garaira arte ez zuten berriz horrelako garapenik bizi izango. Aurreko mendeetan Euskal Herriko pisu ekonomikoa barnealdeko probintzietan egon arren, garai honetan egoerak bira eman eta ekonomiaren pisua kostaldera igaro zen.

XIV. mendea krisi garaia izan zen Europa osoan. Feudalismoak bere goia jo zuen; gosete, gaixotasun, hilketa eta biolentzia egoera orokortuak demografia jaistea ekarri zuten; eta 1348. urtetik aurrera zabaldu zen izurrite beltzak Europa hustu egin zuen, zonalde batzuetan populazioaren herena edo erdia heriotzara eramanez. Euskal Herrian, leku batetik bestera, egoeraren larritasuna ezberdina izan zen. Bizkaia eta Gipuzkoan, esaterako, izurritea ez zen hain latza izan eta, izurrite olatu ezberdinak egon arren, denborarekin indarra galduz joan ziren.

Bi probintzia horiek lehenago suspertu ziren, eta horren gakoa Europan krisitik irteteko eman zen ekonomiaren birmoldaketa izan zen. Oro har, Europako hiriak hobeto eutsi zioten krisiari nekazal eremuek baino. Suspertze aldiarekin batera zenbait manufakturen eskaria igo egin zen, esaterako, armena eta burdinarena: Ehun Urteko Gerraren sasoia zen (1337-1453) eta Koroak inbertsioak egin zituen. Gainera, zonaldekako espezializazioa gertatu zen, merkataritzaren zabaltzea ekarriz. Halaber, horrek ontzigintzaren eta garraiolarien beharra hauspotu zuen.

Bizkaian eta Gipuzkoan baldintza ezin hobeak zeuden ekonomia eredu hori baliatzeko: baldintza geografikoak –kostaldean kokaturik, Europa eta Gaztelaren artean- , baldintza naturalak –mea, basoak, energia hidraulikoa– eta baldintza juridikoak –hirigintza garatua–. Testuinguru horretan, Euskal Herriko ipar-isurialdean burdingintzak, ontzigintzak, garraiolaritzak eta eskala handiko arrantzak –balea eta bakailao arrantza– garapen izugarria izan zuten.

Lekeitio eta inguruetan ere goraldi bat bizi izan zuten sektore guzti horiek. Lea ibaiaren bokalean eta ibarrean ontzigintza eta burdingintzak presentzia nabarmena izan zuten XIV. mendetik aurrera. Azken sektore horren garapenean, gainera, zeresan handia izan zuten XVIII. mendean bizi izan zen Pedro Bernardo Villarreal de Berriz  aurre-ilustratuak (margoa) eta berak aurrera eramandako moldaketa teknologikoek. Bestalde, Lekeitioko portuak garraiolaritza eta itsasoz haraindiko arrantzaren goraldia ezagutu zituen, balea eta bakailao arrantza izango direlarik, beharbada, itsas jarduera ikusgarrienak.

Ezbairik gabe, mende horietan bizitakoak eta izandako bilakaerak ondorio nabarmenak utzi zituen gure inguruan. Ez da ahaztu behar, Bizkaiko eta Gipuzkoako beste zonalde askotan ez bezala, Lea-Artibain ez zela ia industrializazio prozesurik izan. Hori dela eta, oraindik aurre-industrializazio garaiko azpiegitura eta ondarearen arrasto garrantzitsuak ikus ditzakegu. Hurrengo lerroetan ekonomiak eta aipatutako sektoreek gure herrian izandako gorabehera eta birmoldaketen berri emango dugu, gaur egun, oraindik ere ikusgai dagoen ondareari erreparatuz.

 

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia