Saltatu nabigazioa

8.1.1.- Aratusteak

Euskal Herriko herri gehienetan bezala, aratusteek tradizio luzea dute Lekeition. Hain zuzen, Bizkaian aratusteen gainean dagoen aipamen zaharrena Lekeitioko Udal Artxiboko dokumentu batean aurki dezakegu, Maria Diaz Harokoak 1331ko urtarrilaren 22an Lekeitioko hiribulduari bidalitako eskutitz batean: “Que baian de pies et de cabeza a morar a las dichas sus casas, et facer vecindad hasta el dia de Carrastoliendas primero que viene”. Carrastoliendas, carnestolendas, carniestolendas eta antzeko aldaerak aratuste eguna adierazteko erabiltzen ziren garai batean.

 Sustrai aurre-kristauak dituen jai hau neguaren amaiera aldera ospatu izan da, otsailean edo martxoan. Jendea, mozorroak jantzita, jai giroan murgiltzen zen abesti eta dantza artean. Historikoki, beste jai batzuen aldean, umorea eta parodia baliatuz gizarte ordena iraultzea izan da aratusteen berezko ezaugarria. Euskal Herriko beste zonalde batzuetan inauteri izena ere hartzen du jai honek eta naturaren esnatzearekin eta udaberriaren etorrerarekin lotu izan da.

Beste batzuek nekazaritzarekin eta urteko garai horretan nekazal munduak bizi duen arrisku goreneko unearekin lotu izan dute: intsektuen udaberriko eklosioaren ataria –mozorroek zomorro izurriteak irudikatuko lituzkete–, nekazariek euren jarduerako lan nagusiak egin behar dituzten aldia –zuhaitzak inausi eta sailak jorratu–, iazko uzten agorpena… Mehatxu horien guztien aurrean estrategiak finkatzeko garaia izaten da inauteri sasoia. Beraz, gosea, gaixotasuna edo eromena uxatzeko helburua izango lukete inauterietan burutzen diren antzezpen eta errituek. 

Alabaina, denborarekin kristautasunaren kutsua bereganatuz joan da. Aratuste izenak berak adieraziko lukeen gisan[1], haragi uztearekin lotuta egon da azken mendeetan. Izan ere, Garizumaren aurretik ospatu izan da eta, nolabait, sasoi horrek dakarren debeku eta baraualdiaren –haragi uztearen– aurretik indarrak hartzeko baliatu izan da. Eguneroko arau eta mugak ahaztuz, egun horietan nahi adina jan eta edaten zen.

Festa hauen data aldatu egiten da urte batetik bestera, Garizumaren eta Pazko domekaren arabera. Izan ere, Aste Santuak ez du data zehaztik. Nizeako Kontzilioan (325. urtea) Pazko domeka udaberriko ekinozioaren osteko lehen ilargi betearen ostean ospatzea erabaki baitzen.

Oro har, Garizumaren aurreko astean eta Pazko aurreko zazpigarren igandean hasi ohi dira aratusteak, eta hausterre-egunaren bezperara arte luzatzen dira. Alabaina, Gabonetatik Garizumara artean ospatzen diren neguko hainbat jai ere –Kandelaria, San Blas jaia, Santa Ageda eta abar– aratusteen zikloaren partetzat jo izan ditu zenbait adituk.

Jaia kristautasunak bereganatu arren, ez ditu sekula bere sustrai paganoak galdu, eta horren ondorioz jazarria izan da. XX. mendearen hasieran, esaterako, galtzeko zorian izan zen, hainbat urtez debekatu egin baitzuten. 1923. urtean, Primo de Riverak maskarak debekatu zituen eta Francok ere, lehen urteetan, jaia guztiz galarazi zuen bere izaera “profanoa” aitzakiatzat hartuta. Mendeetan pairatutako jazarpen horren ondorioz, hainbat urtetan ezin izan ziren aratusteak ospatu, eta hainbat elementu eta ohitura ahanzturan galdu ziren.

Lekeition, XX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera berreskuratu eta biziberritu zen jaia, baina gaur egun ez dauka lehenago zen jai haren itxurarik. Hala ere, ahoz aho kontatu diren bizipenei esker, badakigu gutxi gorabehera, nolakoak izaten ziren XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako aratusteak.

Lekeition, historikoki, aratuste bezala ezagututako egunak eguen zuria, aratuste domeka, aratuste astelehena eta aratuste martitzena edo turuturu eguna izan dira. Egunez egun, jai giroa eta jendearen parte hartzea goraka joaten ziren, martitzenean herriak eztanda egiten zuen arte. Herrian onarpen eta parte hartze handia zuen jai horrek eta, garai batean antza, sanantolinak baino alai eta ospetsuagoak izaten ziren.

Eguen zuria sasikoipetsu bezala ere ezagutzen zen, eta batez ere herriko gazteenek ospatzen zuten. Arratsalde aldera, herriko zelai, ortu edo mendixketara joan eta bertan txorizo eta bestelako jakiak jaten zituzten jai giroan. Eluntzetako baserriaren inguruko zelaietan ere biltzen zen jendea, gaztaina erreak jan, erromerian dantza egin eta musikariak entzuteko. 

Mozorroa domekatik aurrera janzten zen. Eguerdi aldera marmoak azaltzen ziren Lekeitioko aratusteei hasiera emanez. Marmo horiek ume eta gaztetxoak zirikatzen eta harrapatu nahian ibiltzen ziren kalerik kale, bereziki, Arranegi inguruan. Domekatik aurrera herri guztia mozorroz jantzi eta jai giroan murgiltzen zen.

Aipatu ditugun marmoak izaten ziren aratusteen ikur nagusia. Pertsonaia horiek mozorro bereziak eramaten zituzten. Gorputza larruekin, aspaldiko arropekin, zaiekin edo trapu zaharrekin estaltzen zuten, eta aurpegia  maskara ezberdinekin. Maskara mota ezberdinak erabiltzen ziren, hala nola alanbrazko maskaria, estudiantinen maskaria edo txinoko torre.

Lehenengoa, izenak dioen moduan, alanbre harilkatuz egina zegoen eta, antza, maskara guztien artetik dotore eta garestiena zen, dirudunek baino ezin izaten zuten eskuratu. Bigarrena begiak estaltzen zituen kareta batez eta ahoa estaltzen zuen oihal batez osatuta zegoen; batez ere, musikariek eramaten zuten, maskara horrek musika tresnak jotzea ahalbidetzen baitzien. Hirugarrena, merkeena zen eta aurpegiera ezberdinak imitatzen zituen. Horiez gain, baziren mota gehiagotakoak ere, baita etxean norberak asmatutakoak ere.

Maskara eta mozorroak etxean egin ezean, baziren berauek eskuratzeko zenbait denda. Horien artean ezagunenak Perutxu, Petra Laka eta Seberinorenak ziren. Horietan mozorroak saltzeaz gain alokatu ere egiten ziren. Jendeak dendan bertan uzten zituen bere eguneroko arropak eta, mozorroa erabili ondoren, berriz ere jantzien bila bueltatzen zen.

Izan ere, aratusteetako mozorroaren helburua nortasuna erabat ezkutatzea izaten zen, egun horietan zehar burutzen ziren ekintzak anonimotasunean uzteko eta pertsonaren erabateko eraldatzea lortzeko. Horretarako, ahotsa aldatzea, ibilera disimulatzea edo aurpegia ezkutatzea ezinbestekoak ziren. Inork ez ezagutzea benetako erronka izaten zen. Hala ere, baziren espazio bereziak ere. Adibidez, marmoek ezin izaten zuten elizapera mozorrotuta sartu. Beraz, ume eta gaztetxo asko bertan babesten ziren.

Aratusteetako pertsonaia horiekin lotuta bada abesti edo lelo ezagun bat Lekeition. Haurrek marmoei kantatzen omen zien desafio plantak eginez, hauek umeei gozokiak ahoan sartzen ahalegintzen ziren bitartean:

“Bat, bi, hiru, lau

horrek marmu horrek

konpitxak emon nau

ez pa hau emoten

eztot kantako”[2].

Arestian esan bezala, aratusteek irauten zuten egunetan bapo egin arte jateko ohitura zegoen. Lekeition, aratuste martitzenean, aurreko egunean harrapatutako bisigua jateko ohitura zegoen. Horrez gain, etxe batzuetan txerri hanka eta belarriak ere jaten ziren, saltsa berezi batez prestatuak. Baina egun horietako jakirik esanguratsuena, zalantzarik gabe, aratusteetako tostadak ziren. Domekan eta martitzenean jaten ziren batez ere, biak jai eguna baitziren.

Aratuste astelehenean –gaur egun domekan– estudiantinak alaitzen zituen herriko kaleak. Gitarra, bandurria, pandereta, bibolin, flauta eta klarineteez armaturik, habanerak, jotak, mazurkak eta bestelako abestiak jotzen zituzten. Arratsalde partean, plazara abiatzen ziren, kioskotik bertan batzen zirenak dantzan jartzeko.

Izan ere, domekan, astelehenean eta martitzenean, arratsaldeko zazpietan dantzatzeko musika egoten zen herriko plazan. Domekan eta martitzenean musika bandak jotzen zuen eta astelehenean, esan bezala, estudiantinak. Inguruko herrietako jendea ere, mendexarrak, ispastertarrak eta amotarrak adibidez, Lekeitiora jaisten ziren. Dantzak irauten zuen bitartean derrigorrezkoa zen egun guztian zehar izandako mozorroa kendu eta besteei aurpegia erakustea.

Mozorro eta musikaz gain, bestelako ikuskizunak ere izaten ziren. Santa Maria elizako nahiz udaletxeko kontu paperek erakusten digutenez, hainbat ikuskizun diru publikoz ordaintzen ziren, hala nola antzerkiak, idi probak, sokamuturra edo zaldiz egiten zen antzar jokoa. Izan ere, XIX. mendean antzar jokoa ez zen sanatolinetan bakarrik egiten, ezta beti portuan ere.

Aratuste egunari dagokionez, 1800. urtekoak dira antzar jokoaren berri ematen diguten lehen agiriak. Urte hartan, hamalau antzar ekarri ziren Mendarotik 113 errealen truk. Garai hartan, antzar jokoa ez zen itsasora mugatzen eta, aratusteetan adibidez, zaldiz eta lehorrean egiten zen. 1818ko agiriek erakusten duten moduan, plazan makila eta sokaz osatutako egitura bat ezartzen zen, bertatik hegaztiak zintzilik jarri ahal izateko.  

Esan bezala, oparotasunez betetako aratuste alai eta zaratatsuek Garizumari ematen zieten lekukoa. Errauts eguaztenetik aurrera, Jesusek basamortuan igarotako berrogehi egunak imitatuz, baraualdi eta norbere baitaratze sasoia heltzen zen. Kristautasunak zorrotz ezarritako aldi horretan, fededuna kristau bizitza zintzoagoa izaten ahalegindu behar zen, otoitza eta baraua uztartuz. Garizumaren xedea Aste Santurako prestatzea zen.  

[1] Aratuste: “Haragi” eta “uzte” hitzez osatua,  berba berezia da. Lekeition “haragi” eta “utzi” hitzak erabiltzen ez diren arren, “aratuste” berbak tradizio luzea du. Beste batzuek, ordea, “arazturi” hitzetik (zuhaitz inausiak landatzea) etor daitekeela uste dute, inausketa garaia dela argudiatuz.

[2] Dueñas, E.X. eta Irigoien, I. 1997. “La fiesta, recuerdos y vivencias: entorno festivo en la historia de la villa marinera de Lekeitio”. Zainak. 15, 101-139. Bilbao: Eusko Ikaskuntza. 116.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia