Saltatu nabigazioa

2.2.1.- Aurignac Aldia (K.a. 33000-22000)

Lumentxako kobazuloan Aurignac Aldiko maila estratigrafiko bat aurkitu da, eta bertan daude gaur arte gizakiak Lea ibarrean utzitako aztarnarik zaharrenak. Sasoi horretako aztarnategi gutxi daude Bizkaian, eta beraz, badirudi gizakiaren presentzia ez zela handia. Gure eskualdetik hurbilen dagoen garai horretako aztarnategia Santimamiñe da.     

 Aurignac Aldia azken glaziazio garaian kokatzen da, eta tenperaturak nahiz prezipitazioak egungoak baino baxuagoak ziren. Horren eraginez, paisaia eta ekosistema guztiz bestelako zen. Garai horrek iraun zuen milurtekoetan aldi hotz eta epelagoak tartekatu ziren. Aldi hotzenetan, paisaia subdesertiko hotza zen nagusi, pinu batzuk ziren inguruko zuhaitz bakarrak, eta kostaldea gaur egun baino hamabost kilometro haratago zegoen. Horrez gain, urte osoan elurrak zurituta zeuden 1.000 metrotik gorako lurrak. Sasoi epelenetan, ostera, konifero baso lehorrak hedatzen ziren, baita haritz eta hurritz batzuk ere. Kostaldea, berriz, gaur egun baino hiru eta zazpi kilometro haratago zegoen, eta elur maila 1.800-2.000 metro inguruan.

Baldintza horietan bizi behar zuten gizataldeek ekonomia ehiztari-biltzailea zeukaten. Gure aztarnategietan garai hartako arrasto gutxi agertu bada ere, adibidez, hezurrezko xabalina puntak eta hauek lantzeko buril batzuk azaldu dira. Tresna hauek dituzten mugak ikusita, pentsatzekoa da ehiza nahiko gogorra izango zela.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia