Saltatu nabigazioa

3.2.2.- Lekeitioko erromatar okupazioaren kokapena

Oraingoz, erromatar garaian okupatutako nukleoaren hedadura hipotetiko bat baino ezin dugu marraztu eta gaur egun ez da guztiz zuzena (irudi hipotetikoa). Intxaurrondo kalearen eta Gamarra plazaren artean legoke asentamendua, eta Independentziaren enparantza eta Andre Maria eliza ere barnebilduko lituzke. Andre Maria elizak funtzio garrantzitsua bete izan du Erdi Aroko hiribilduaren espazio-antolaketan, eta 1996. urteko indusketek iradokitzen duten moduan, baliteke erromatar aldian ere elementu garrantzitsuren bat egon izana bertan.

Horrez gain, Uribarren kalea eta Independentzia enparantzak dauden tokian –egun itsasoari irabazitako gunea– portu bat egon zitekeela uste da. Horren zantzua litzateke Arranegiko 2. zenbakian –udaletxe aurrean–, bi metroko zabalera duen harresi lodi bat aurkitu izana. Bertan itsatsita aurkitu diren liken eta goroldio arrastoek garai hartako portuaren moiletako bat izan daitekeela iradokitzen dute. Nahiz eta ezin daitekeen ziurtasun osoz baieztatu.

Baina horrek ez du baztertzen, arestian aipatu bezala, Arropainen beste ainguraleku bat egon izana. Ez da harritzekoa bi portu izatea, nahiz eta herriaren ondoan kokatuko litzatekeen merkataritza funtzioa beteko lukeena.

Hala ere, bost mendeko okupazio aldi luzean, Lekeitioko erromatar nukleoak garapena izan zuen. Okupazioaren lehen garaian (I. eta II. mendeak), Arranegi kalearen inguruan legoke asentamendua, itsasoaren alboan. Mende batzuk beranduago, ordea, Azpiri kaleko muinora igo ziren, hemen aurkitu baitira aztarnarik berrienak. Mugimendu horren arrazoi zehatzak jakin ezin baditugu ere, pentsa daiteke, krisi garaiko ezegonkortasunak herria defendatzeko beharra ekarriko zuela, eta ondorioz, defendatzeko errazagoa denez,  maldan gora lekualdatu zirela.

Jakina da, IV. mende amaieran, penintsulako iparraldean aldi guztiz kaotikoa bizi izan zutela. Garai horretako gertakari politiko eta militarrak, hala nola Pirinioetako defentsa lerroa suntsitzea edota herri germaniarren sarrera, bizi izandako segurtasun ezaren arrazoi dira. Horrek guztiak herriak izan zituen defentsa beharrizanak azaltzen dizkigu. Baliteke, gorago aipatu dugun Lumentxako estratua ere horren seinale izatea, ohikoa baitzen erasoaldi eta ezegonkortasun aldietan jendeak haitzuloetan babesa bilatzea.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia