Saltatu nabigazioa

6.6.1.- Gerraren testuingurua

1936ko uztailean, Espainiako armadako buruen talde bat Espainiak menderatutako Afrikan Errepublikako Gobernuaren aurka altxa zen. Harekin bat egin zuten Nafarroan agintzen zuen Mola jeneralak eta erreketeek. Araban, lurjabe handi eta boteretsua zen Jose Luis Oriol karlista altxamenduaren alde jarri zen, Arabako zati handi bat erakarriz. Bizkaia, ordea, Errepublikaren alde lerratu zen, eta Gipuzkoan hasiera batean tirabirak izan arren, altxatuen aldekoek ez zuten lurraldea kontrolatzerik lortu. Halere, azken probintzia honek gutxi iraun zuen Errepublikaren menpe.

Hasiera batean, altxatuek EAJ euren alde jartzea espero zuten, karlismotik hurre zegoen alderdi tradizionalista eta kristaua baitzen. Azkenean, Errepublikaren alde lerratu arren, jeltzaleen artean eztabaida izan zen azken unera arte. Bizkaia eta Gipuzkoan zalantzarik barik egin zuten gobernuaren alde, baina Nafarroa eta Araban, jarrera horren aurkako joerak izan ziren. Zalantza horiek zirela-eta, Molak abuztuaren 18ra arte itxaron zuen abertzaleek kontrolatutako erakundeak deuseztatzea agintzeko.

Euskal Elizaren jarrera ere ez zen berdina izan lurralde bakoitzean. Nafarroan gehienak matxinoen alde egin zuten, batzuk baita armak hartuta ere. Bizkaian eta Gipuzkoan, ordea, apaiz asko abertzaleak zirenez, apezpikuarengandik zetozkien aginduei muzin egin eta jeltzaleen aldean lerratu ziren.     

Aurrerago ikusiko dugun moduan, 1936ko urrian altxatuek Gipuzkoa bereganatu zutenetik, iparraldeko frontea egonkor mantendu zen. Asturiastik Bizkairaino zihoan iparraldeko fronteko milizia errepublikazaleak hiru zatitan banatuta zeuden: asturiar miliziak, kantabriar miliziak eta euskaldunak. Gutxika milizia horiek armatuz joan ziren, eta ofentsiba txikiren bat prestatu zuten. Euskal miliziek Eusko Gudarostea eratu zuten Eusko Jaurlaritzaren esanetara jarriz eta, Legutioren aurkako ofentsiba bat jaurti zuten, arrakastarik gabe.

Baina 1937ko martxoaren 22an, Madril hartzeko porroten ostean, Francok iparraldeko frontera bideratu zituen ahaleginak. Iparraldeko lurralde hauek politikoki zatituta egoteaz gain, txarto armatuta zeuden, eta gainera ekonomikoki garrantzitsuak ziren: Bizkaiak burdina eta industria zeukan eta Asturiasek, berriz, ikatza. Francok Mola jarri zuen eginkizun horren arduradun gisa. Izan ere, Madrilek gogor eutsi zien altxatuen erasoei, eta horiei ez zitzaien beste erremediorik geratu. Gerra azkar amaitzeko asmoak bertan behera geratu ziren.  

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia