Saltatu nabigazioa

5.1.- Marierrota

Marierrota  (argazkia)

Lekeitiok eta, oro har, euskal kostaldeko herriek, atzerriko merkatuetan bilatu behar izan zuten zerealen hornikuntza, bertoko lurrak ez baitira sekula onak izan nekazaritzarako. Laboreak portura heldu eta herritarrei saldu ostean, hiribildutik hurbilen zeuden errotetara garraiatu behar izaten ziren bertan ehotzeko. Egoera hori nahiko deserosoa izateaz gain, garestiagoa zen, ehotzearen prezioari garraioarena gehitu behar baitzitzaion.

XVI. mende hasieran, lekeitiarren eta errotarien artean liskar eta kexa ugari izan ziren, batik bat, errotarien lana ordaintzeko utzi beharreko irin kopuruaren harira edo hauek egiten omen zituzten iruzurrak zirela eta. Halaber, etengabeak izan ziren ehotze tasen inguruan, hiribilduko prokuradoreen eta errotarien artean izandako gatazkak eta desadostasunak. Kontzejuak pisu eta neurrien kontrola mantendu nahi zuen –1520an, esaterako, irina pisatzeko etxea eraiki zen–, eta horretarako Durangoko agintariei gai horren inguruan zituzten ordenantzak eskatu zizkieten. 

Baina, ehotzearen gaineko benetako kontrola izateko eta gatazkak saihesteko modu bakarra, Kontzejuaren kontrolpeko errota bat eraikitzea zela ondorioztatu zuten. Gainera, konturatu ziren, herritarrei zerbitzu bat eskaintzeaz gain, Kontzejuak etekin bat atera zezakeela errota hartatik.

XVI. mende hasiera hartan, Europa mendebaldeak hazkunde demografiko eta zabalkunde ekonomiko azkarra bizi izan zituen, batez ere, merkataritzaren garapenaren eskutik. Oparoaldi testuinguru horretan, Lekeitioko Kontzejuak errota berri baten proiektua jarri zuen martxan, nahiz eta aurretik ere izan ziren huts egindako saiakera batzuk. Proiektu berri hori, 1522. urtean aipatzen da lehen aldiz, errotak izan beharreko kokalekuari buruz egindako txosten batean. 1555. urtean, berriz, Astigarragako Juan Olabide maisua aukeratu zuen Kontzejuak marea errota eta funtzionatzeko behar zuen urtegia eraikitzeko.

1554an, Gaztelako Koroak hiru marea errota eraikitzeko baimena eman zion Lekeitioko Kontzejuari, nahiz eta azkenik, bakarra egin zen. Ziurrenik, hiribildutik gertuen eraiki zitekeen errota mota zelako erabaki zuten marea errota bat egitea. Gainera, ibaietako ur errotek ez bezala, mota horretakoek ez lukete inolako arazorik izango lehorte aldietan.

Marea errota hori (irudia), Mendexaren menpeko lurretan eraiki zen, Algortape izeneko paduran, eta Isuntzako errota izena jarri zitzaion. Ustez, leku hori oso aproposa zen, bai errota egiteko, baita beharrezkoa zen urtegia eraikitzeko ere. Izan ere, itsasoko uraz gain, ur gezaz ere horni zitekeen balizko urtegia, bertan itsasoratzen baita Kurutzeko erreka. Gainera, kokaleku horrek ez du Lea ibaiaren ibilbide nagusia hartzen, beraz, oztoporik gabe igaro zitezkeen ontziak ibaian barrena. Aipatu behar da, garai hartan, Isuntza izenez ezagutzen zirela –Dokumentuetan, Esunça– Lea ibaiko moilak eta aldamenean zegoen egurrezko zubi altxagarria ere.   

Marea errotak eraikitzeko teknologia Europa iparraldetik iritsi zen gurera. Azken ikerketen arabera, XII eta XIII. mendeetatik aurrera, Atlantiko aldeko itsasbazter osora zabaldu zen halako errotak eraikitzeko ohitura. Sistema sinplea zen, mareak igotzen zuen heinean ura biltegian pilatzen zen, itsasgora arte. Une horretan konportak ixten zituzten, pilatutako ura, goitik behera, hodi batetik pasa zedin eta, sortutako indarrarekin, errotarriak mugi zitezen. 

Badirudi, frantsesak izan zirela Gipuzkoan mota horretako errotak eraiki zituzten lehenak. Bizkaira, berriz, gipuzkoarren eskutik iritsi ziren; ikusi bezala, Lekeitioren kasuan Juan Olabide astigarragarraren eskutik. Aurrerago, bizkaitarrek Kantabria aldera hedatu zuten teknologia berria. Badakigu, Lapurdin, Gipuzkoan eta Bizkaian, gutxienez, 34 marea errota izan zirela XVI eta XVIII. mendeen artean. Hala ere, gaur arte iraun duten gehienak oso egoera kaskarrean daude. Lapurdiko marea errotetatik, bi eraikin eta horien dikeak baino ez dira geratzen; eta Gipuzkoan, Orioko marea errotako dikea bakarrik. Bizkaian, bi errota daude ibiltzeko moduan: Gautegiz-Arteagako Portu-errota eta Lekeitiokoa. Halere, Busturiako Marerrota eta Plentziako Gazteluondo errotaren hondar batzuk ere geratzen dira.

Marierrotaren eraikuntza prozesura bueltatuz, esan behar da, errota eraikitzeko kontratuan obraren baldintza teknikoak zehaztasun osoz ageri direla. Hala eta guztiz ere, obra burutzeko orduan, hasiera-hasieratik, zenbait arazo izan zirela dirudi. Agian ez zen behar bezala prestatutako langile nahikorik lortu, edo beharbada, aurreikuspenak ez ziren zuzenak izan. Dena dela, 1569an, Olabidek lanak amaitzeko zituen ezintasunen berri emango du; eta besteak beste, aukeratutako kokalekua ezegokia zela adieraziko du. Egin diren ikerketa arkeologikoek errota lur buztintsuaren gainean eraiki zela erakutsi dute. Antza zailtasunak izan ziren buztinaren azpiko harri naturala aurkitzeko. Orubea finkatzeko egurrezko egitura bat gehitu zitzaion eraikuntzari, baina ez zen nahiko izan, eta gerora, hainbat izan ziren egonkortasun arazoen erruz burutu beharreko konponketak.

Marea errota hori hiru komunikazio-kanaleko eraikin batez osatuta egon zen: kanal bat uraren sarrerarako eta bi irteerarako. Guztia lau ehotze unitatera zegoen bideratuta, hau da, bi unitate irteera-arku bakoitzeko. Jatorrian, 17.300 metro karratuko biltegiratze eremua zeukan eta 160 metrotako harrizko dike bat.     

Dirudienez, errota 1625. urtean jarri zen martxan, Ziarra izeneko hargin kortezubiarrak gidatutako azken lanak amaitu ostean. Urte berean, Mendexako arotz batek dolare batzuk gehitu zizkion. Ez dago argi txakolina ala sagardoa egiteko. Baliteke eraikitze lanek suposatutako gastuei aurre egiteko jarri izana martxan dolare hura. Hala ere, hiribilduak ez zituen esperotako etekinak atera marea errota hartatik, eta 1631. urtean, bere gaineko eskubideak enkantean saldu zituen. Urte horretatik aurrera marea errotaren gaineko berriak oso urriak dira.

1723. urtean bizi izan zen lehorte aldian, Kontzejua errotaren jabearekin jarri zen harremanetan, berriz ere errota martxan jar zezan. Jabeak marea errotaren egoera tamalgarria zela erantzun zuen, martxan jartzeko berreraikitze lanak burutzea ezinbestekoa zela argudiatuz. Hortaz, badirudi, ordurako errota bertan behera utzita zegoela. Horrez gain, jabea errotaren errentagarritasun eskasa aipatu zuen, eta kontratuan lau errotarri aipatzen baziren ere, hiru baino ez zituela esan zuen. Hori gutxi balitz, ubideetan ere arazoak omen zituen.

Hemendik aurrera, marea errotak eraldaketa bat jasan zuen. Urtegia lehortu egin zen labore lurrak lortzeko, eta errotarriak zeuden eraikina bizileku bihurtu zen. Nekazal lur horiek lehortzeko horma berri bat eraiki zen, eta horren eta aurreko hormaren artean, ubide estu bat geratu zen. Ubidea igarotzeko zubitxo bat jarri zen. Azkenik, handik hamarkada batzuetara, 1980. urtean eraikin nagusia eraitsi egin zen, oso egoera kaskarrean baitzegoen (argazkia).

Ikusi dugun moduan, Marierrotak jarduera eta ekoizpen ezberdinenak izan ditu denboran zehar. Hasiera-hasieratik hainbat zaharberritze eta konponketa behar izan zituen errotak; gainera, itsasbeheretan pilatzen zen hondarrak bere jarduna oztopatzen zuen. Errota berri horrek ez zituen finkaturiko helburuak bete, baina ezin uka daiteke anbizioz betetako proiektua izan zenik. Erdi Aroa hiltzen eta Aro Berria jaiotzen ari zen une hartan, Lea ibarra pil-pilean zegoen, eta Lekeitioko Kontzejuak eraiki eta bultzatutako marea errota hark ere bere alea jarri zuen.   

XXI. mende hasieran, errotaren erreplika bat eraiki zen, eta irinik ehotzen ez den arren, jendeari garai bateko ofizioa erakusteko interpretazio zentroa dago bertan. Horrez gain, dikea eta kontserbaturiko beste elementu batzuk zaharberritu egin ziren, eta gaur egun elementu horietatik gehienak nahiko egoera onean mantentzen dira. Hala ere, marea errotak hasieratik izan zituen ar

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia