Saltatu nabigazioa

6.4.- Eklektizismoa. Abaroa jauregia eta gainerako eraikinak

Arkitekturari dagokionez, eklektizismoak iraganeko estilo ezberdinak hartu eta era malgu batean bateratzen ditu. Eraikinetan dekorazioak hartzen du nagusitasuna, fatxada ikusgarriak sortuz, eta benetako elementu eusleak estaliz. 1860 eta 1920. urteen artean izan zuen bere garai oparoena, eta helburua burgesiaren nagusitasuna eta boterea irudikatzea zen.

Azken batean, historian zehar sortutako arkitektura mugimendu nagusien ezaugarri eta elementuak bereganatu zituen eklektizismoak, horiek konbinatu eta estilo berri eta dotore bat sortzeko. Batez ere estilo klasikoko ezaugarriak nabarmentzen diren arren, estilo gotikoko elementuek ere bere pisua daukate. Nabarmentzekoak dira, burgesen etxebizitzen kasuan, egin ziren miradore edo begiratoki ederrak. Gehienbat hiri handietako zabalguneetan izan zuen presentzia estilo arkitektoniko honek. Azpimarratzekoa da bereziki, XIX. mendearen erdialdetik aurrera, Haussman planaren ondoren eratu zen Paris berrian izandako eragina.

Estilo horrek garapen garrantzitsua izan zuen Lekeition ere, herri hau Euskal Herri mailan eklektizismoaren aitzindari bihurtuz. Maila handiko eraikinak egin ziren, esanguratsuenak Uribarren kaleko 2 eta 6 zenbakiak, Gamarra Plazako 1a edo Abaroa jauregia bera. Horiek guztiak Parisen bizi ziren Uribarren Abaroa bankarien leinukoei lotuta egon ziren, eta herriari itxura berezia eman zioten, euskal kostaldeko gainerako herriek ez dutena.

Eraikin horiez gain, estilo eklektikoa jarraitzen duten lan gehiago ere egin ziren, adibidez, Talako etxe-dorrea (Pascual Abaroa etorbidea, 42), Arranegiko 8, 10, 12 eta 14 zenbakiak, Nautika Eskola, Santa Katalinako itsasargia, Plazako kioskoa, Uribarren Abaroa zahar-etxea edo hilerria.  

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia