Saltatu nabigazioa

2.1.- Jose Miguel Barandiaran eta ikerketen kronologia

Jose Miguel Barandiaran Ataunen jaio zen 1889. urtean. Vitoria-Gasteizko seminarioan Teologia eta Filosofia ikasketak egiten ari zela piztu zitzaion etnografiarekiko eta Historiaurrearekiko jakin-mina. 1916. urtetik aurrera, Telesforo Aranzadi, Enrique Eguren eta hirurek burutuko zituzten gerra aurretik Euskal Herrian egindako ikerketa arkeologiko eta etnografiko esanguratsuenak. Horrela, ordura arte arlo horretan burututako afizionatu lanek maila zientifikoa hartu zuten.

Hain zuzen, 1926 eta 1929. urteen artean, talde honek Lumentxako haitzuloan egindako indusketak izan ziren Lea ibarrean egindako lehen ikerketa sistematikoak (argazkia). Goi Paleolitotik erromatar kulturaren aztarnen garaira arteko sekuentzia estratigrafikoa aurkitu zuten. Barandiaranek inguruko kobetan jarraitu zuen lan hori burutzen, besteak beste, Atxurran 1934 eta 1935. urteen artean.

1936. urtean, ordea, gerraren ondorioz Lapurdira alde egin behar izan zuen, eta ez zen bere jaioterrira itzuliko hamazazpi urte pasatu arte. 1956. urtean erbestetik itzultzean, historialari eta arkeologo belaunaldi berri batekin berrekin zien gerragatik bertan behera utzitako lanei: J. Altuna, J.M. Apellaniz, I. Barandiaran, A. Llanos. Beste aztarnategi batzuen artean, 1963 eta 1964. urteetan Lumentxa berriro aztertu, eta Santa Katalinako haitzuloan ere aztarnategi bat zegoela egiaztatu zuten.

Barandiaran erretiratu arren, bide bera urratuz jarraitu zuen ondorengo belaunaldiak. Esaterako, Berganza eta Arribasek, 1982tik 2000ra bitarteko hainbat kanpainatan, Santa Katalina eta Lumentxa ikertu zituzten, hurrenez hurren. Azken haitzulo hau 2012an izan zen berrikusia Diego Garateren gidaritzapean, eta ordura arte aurkitu gabeko labar artea azaldu zen. Baita, 2014. urtean Atxurrako koban ere. Azkenik, 2016. urtean ADES espeleologia taldeko kideek hainbat urbanizazio lanen ondorioz estalita zegoen Armintxeko harpea aurkitu zuten, eta bertan, Paleolitoko grabatuz osatutako galeria garrantzitsu bat.  

Ikerketa horietan guztietan oinarrituz, garai hartako gizakien bizimodua, giza egoitzen bilakaera eta denboraldi luze horretan zehar gertatu ziren ingurugiro baldintzak ezartzea lortu da. Hala ere, ez da zehaztasun osoz argitu noiztik dagoen giza presentzia lurralde honetan, nahiz eta Lumentxan aurkitutako aztarna zaharrenek, gutxi gorabehera, K.a. 30000. urte ingurura garamatzaten.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia