Saltatu nabigazioa

4.5.- Santo Domingo komentua

Santo Domingo komentua[1] (argazkia) garrantzia handiko erakunde eta eraikina da Lekeition, sei mende eta erdi baitaramatza bertan. 1368. urtean, Bermeoko Juana Ibañez de Arsuagak Calahorrako Gotzaingoko Bikario Nagusiari Lekeition emakumezko fededun-komunitate bat sortzeko baimena eskatu zion, eta hala sortu zen komentua. Urte berean, Bizkaiko jaun Don Tellok bere babesa eskaini zion komentuari eta hainbat pribilegio eman zizkion. Hasiera batean, Santa Maria parrokiako kabildoak, bere diru sarrerak murriztuko ziren beldurrez, ez zuen ondo ikusi beste eskeko ordena bat sortu izana. Urte gutxiren buruan, ordea, kongregazio berria eta kabildoa ados jarri ziren.

Uriarte auzoan kokatu zen monasterio berriak ere Santa Maria izena hartu zuen sortu zenean, baina 1421. urterako egun duen izena jarri zitzaion. Oraindik eraikina oso xume eta txikia zen, komentuko garaiko kronikek dioten legez, hain txiki eta baxua ezen lastategi bat baitzirudien. Hala ere, komentuak hainbat eraldaketa izan zituen mendeetan zehar. Zokoei atxikitako kolomatxoen, kapitel prismatikoen eta presbiterioko gurutze-gangaren nolakotasuna dela eta, bertako eliza estilo gotikoaren azken aldian berriztatua dela uste da.

1487. urtean, Nikolas Ibañez Arteita armadoreak kapera pribatu bat eraiki zuen bertan, eta espazio horretan ere gotiko berantiarreko kapitelak ikus daitezke, eta estilo berekoa da aldeetan giltzarriak dituen tertzelete-ganga ere. Giltzarrietako bat izar batekin apainduta dago, sokekin beste bat, eta Arteita sendiaren armarria darama erdikoak. 1503. urtean, bere seme Iñigo Arteita almiranteak kapera nagusia sortu zuen, eta beraz, hori ere eremu pribatua izango zen. Hori gutxi balitz, Artietaren oinordekoak tenpluaren patronatua eskuratzen ahalegindu ziren, lortu ez zuten arren. Izatez, berton egon behar luke egun Lekeitioko eliza nagusian dagoen almirantearen hilobiak, baina baliteke XVII. mendean mugitu izana bertara, eremu horiek pribatuak izateari utzi eta komunitatearen eskuetara igaro baitziren.

XVIII. mendearen erdialdean, Mexikon bizi zen Domingo Gomendio Urrutiak Arrosarioaren kapera handitzeko dirua jarri zuen. Azkenean, ordea, tenpluaren habearte osoa, sostenguak, estalkiak eta fatxada ere berritu egin ziren. Antza, 1747. urtera arte luzatu ziren lan horiek Ignacio Iberok diseinatu zituen, eta Jose Larizek burutu.

Berriztatze lan horien ondorioz sortutako eliza burualde oktogonala duen habearte bakarreko eraikin xume bat da, arestian esan bezala, gotiko berantiarrean oinarritutako eraikin baten ondorengoa (argazkia). Lehendabiziko tartea gurutze formakoa eta zabala da, eta beste hirurak txikiagoak eta proportzio ezberdinetakoak. Sostengu bezala pilastra toskanarrak ditu. Horrez gain, estalki ezberdinak dauzka: gurutzaduran eta aldameneko tartean ertz-gangak; beste bietan ilargixka eta sabai izuna; eta hegoaldeko kaperan, linterna bidezko argiztapena duen kupula obala.

Fatxadan erdi-puntuko arku bat ageri da, eta horren gainean hiru bao eta erremate itxurako plaka-moldura bat ditu (argazkia). Goialdean kanpaientzako hiru hutsune dituen ezpataina dago. Fatxadak, oro har, diseinu sinplea dauka, apaindura gisa ezpatainaren goialdeko pinakuluak eta plakaren azpiko teilatu-hegal kiribilduak besterik ez baititu.

XIX. mende amaieran Santa Mariako elizape zaharra harriz harri desmuntatu eta Santo Domingo komentura ekarri zuten (argazkia). Elizape hau Lucas Longak diseinatu zuen 1669. urtean. Pilastra kaxeatuen gaineko erdi-puntuko hiru arku ditu, eta horien gainean, erlaitz molduradun bat tartean duela, gela ireki baten gorputza, plaka lauz inguratutako hiru leiho dinteldunekin. Longaren diseinu hau, eraikinaren gainerako aparailu apalagoen aldean, zehaztasunez moztutako kareharrizko harlandu sendo eta dotoreez egin zen.

Tenpluaren hegoaldeko aldean, angelu zuzeneko bi hegal dituen klaustro baten inguruan, komentuaren dependentziak daude. Aipatutako hegal horiek birritan berreraiki dituzte eta berritze lan horietako batean, 1508. urtean hain zuzen, atarian armarri bat gehitu zitzaion klaustroari. Armarria moldura zirkular batek mugatuta dago, lis lorezko gurutze bat du izarrez betetako zelai baten gainean, eta zutabe batzuen artean dago.

Altzariei dagokienez, Santo Domingo nahiko tenplu xumea da. Elizako elementu garrantzitsuena, 1770. urtean Gomendo Urrutia indianoaren diru laguntzari esker eraiki eta 1804. urtean Jose Lopez de la Calle margolariak polikromatu zuen rokoko estiloko erretaula nagusia da (argazkia). Hiru atal nagusi ditu, bankua, kaleko gorputza eta atikoa. Bere pilastra eta zutabe ildaskatuak rokoko estiloko ispilu eta horma-atal esekiekin daude apainduta. Alboetako kaleetako irudiak erretaularen garai berekoak dira. Ezkerrean Azako Santa Joana, Santo Domingoren ama dago, eta eskuinean Santa Maria Magdalenakoa. Biek deklamazio espresioa dute.

Titularraren irudia 1804koa da eta Eibarko Juan Bautista Mendizabal eskultoreak egin zuen. Santo Domingoren eskultura neoklasiko bikain horrek hainbat sinbolo ditu. Eskuan arrosarioa, bekokian izarra eta txakur bat zuziarekin. Tradizioaren arabera, Ama Birjinak arrosario bat eman zion Santo Domingori 1210. urtean, eta horregatik ageri da eskulturan. Zuzi bat duen txakurra, berriz, fedeak heresiaren aurkako borrokan sinbolizatzen duen argiaren adierazlea da. Azkenik, atikoan Kristoren eskultura bat dago, baina hori tailu modernoagoa da eta balio artistiko txikiagoa du.

Presbiterioan bertan beste hainbat irudi, tailu, oihal eta eskultura daude. Esanguratsuenak Haur biluzia eskuetan duen Andre Maria Arrosariokoa –XVI. mendeko irudi romanista–, komentuko lehenbiziko titularra izan zitekeen Andre Mariaren eskultura gotikoa –XIV. mendeko bigarren erdikoa–, estilo gotikoko Kristo Gurutziltzatua –XVI. mende hasierakoa– eta Haurra eskutik helduta duen San Jose dira –XVIII. mende erdialdekoa–.

Ikus dezakegun moduan, Dominiken komentua nahiko xumea da. Hala ere, azpimarratu behar da, monasterio horretakoa dela elizbarrutiko emakumezko komunitaterik zaharrena, eta bere ordenari dagokionez, Espainian daudenen artean hirugarren lekuan dagoela. Gainera, ibilbide luze eta aberatsa du, Lekeitioko monasterio horixe izan baitzen urte batzuk beranduago Bilbon, Ermuan eta Kexaan sortuko zirenen aitzindaria.      

[1] Atal hau egiteko batez ere “Muñiz, J. 2008. Lekeitioko erlijio-ondarearen gida. Lekeitioko Udala” laneko testua hartu dugu oinarritzat, zenbait kasutan moldatuta edo laburtuta, eta beste batzuetan informazio osagarria gehituta.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia