Saltatu nabigazioa

4.6.5.- Kapera nagusiko bigarren mailako altzariak

Erretaula nagusiaren aldean xumeagoak izan arren, badira bigarren mailako altzari interesgarriak kapera nagusian. Esate baterako, Ereñoko marmol gorrian eginiko bataio-iturria (1713), kanapea (1716), edota zutargi gotikoak (1881-1883). Horietan esanguratsuena, hala ere, ataka rokokoa da (1757). Arrokaian, C itxurako elementuetan eta kurba kontrajarrietan oinarritutako diseinu dotore eta fina dauka. Era berean, diseinuak arintasuna eta dinamikotasuna islatzen du. Ataka hori Baionan egin zuten Paul Laplaceren tailerrean.

Urte eta egile berekoa da pulpituko burdineria ere (argazkia). Ohikoena pulpitua ebanjelioaren aldean egotea den arren, kasu honetan epistolaren aldean dago. Tradizioaren arabera, San Bizente Ferrerrek 1408an herria bisitatu omen zuenean predikatu zuen lekuaren omenez. Pulpituaren gaineko ahots-itzulkina, berriz, Jose Urrutia eta Juan Urkiza tokiko artistek egin zuten. Egur urreztatuan egina dago eta goian domingotar entzutetsuaren irudi polikromatua dauka. Irudi horrek hegoak ditu eta ezker eskuan Azken Judizioaren tronpeta.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia