Saltatu nabigazioa

9.1.2.3.- Aditz-morfologia

  1. Gainerako euskalkietako *-io-ren ordez, mendebaleko herri gehienetan bezala, Lekeition ere *-ino- erroa dago: diñot (92), diñóu, diñúe.

  2. Erdialdeko eta ekialdeko hizkeretan “ari izan” edo “jardun” erabiltzen badira ere, mendebal gehienean bezala, Lekeition “egon” eta “ibili” darabiltzate: arotz ibilli ixan nas bixi gustijan, baina gaur egunian arrantzale nabil, arotz ixatéko ikasten dago.

  3. Nor-Nori-Nork saileko adizkietan *eutsi erroa dago mendebal guztian bezala: déutze (52), eutzaun (81), néutzen (90), dotzo (65)

  4. *Edun duten adizkietan -o- erroa agertzen da: dot (123), dosúe (20). Baina pertsonan -au- erroa dago: dabenian (<dauenian) (54). Lehenaldian eta baldintzetan -eu- erroa ere badago: eseban (39), ében (30), neuko (138). Ezaugarri hauek mendebaleko euskalkietakoak dira. Erdialdeko euskalkietan -e- erro dago eta ekialdekoetan, berriz, -u-.

  5. Nor-Nori-Nork saileko adizkien ordez, Nor-Nork sailekoak erabiltzen dira Nori lehenengo pertsona singularra edo plurala denean: amak emon nau liburúa (eta ez amak emon dost liburúa) eta amak emon gaitxu liburúa (eta ez amak emon dosku liburua). Orainaldian eta geroaldian arau hau salbuespen barik betetzen bada ere, lehenaldian Nor-Nori-Nork sailekoak ere ager daitezke: amak emon naben liburúa / amak emon euskun liburúa, amak emon gaitxu liburúa / amak emon euskun liburúa. Mendebal guztian Lekeition bakarrik dago arau hau, baina, Lapurdiko hego-mendebaldean eta Lezo eta Irun inguruan ere badago. Hala ere, bertan indartsuagoa da eta Nor-Nori saileko adizkietan ere Nor-Nork edo Nor-Nori-Nork sailekoak baliatzen dira: gustatu nau -eta ez gustatu zait-.

  6. Batez ere gazteenagan, Hego Euskal Herriko hizkera guztietan bezala, gaztelaniaren eraginez Nor-Nork saileko aditz laguntzailearen ordez, Nor-Nori-Nork sailekoa agertzen da Lekeition: Ikusi saitxut kalian / ikusi dotzut

  7. Nor-Nori saileko adizkietan z- orokorraren ordez, j- dago Lekeition: jakon (28), jatzu (63), jat (68), jakésen (88). Hau mendebaleko ezaugarri da, baina, sartaldetik sortaldera goazela ahoskera ezberdina garatu da: [y]/[ʒ]/[x]. Mendebal gehienean adizki hauek ez partikularekin gehitzean etxako, .. bezalako formak sortzen dira, baina Lekeition ejako, ejat... bezalakoak.

  8. Urten eta i(g)on aditzak iragankorrak dira Hau mendebaleko ezaugarria da: Ariñ-aríñga urten dot biarrétik eta bertátik etxera ion dot sua amata barik itxi dot eta.

  9. Gaztelaniazko -ado partizipioak -a egiten dira eta -ido, berriz, -idu: pasa (64), flipa, aparka, resikla, aburridúta (70), inbertidu, kabidu, mantenidu. Arau hau oso emankorra da, eta jatorriz mendebaleko izan arren erdialdera zabaltzen dago.

  10. Eduki-ren aditz trinkoak nagusitu dira eta *edun laguntzaile bezala baino ez da agertzen: suluu daukona (45) atzian dauko bat (84) arkia eukan (129), gixa[x]íak eseukan esébe (140).

  11. Hika eta berorika erregistroak ia erabat galduta Zaharrenen ahoetan hikako forma ihartu batzuk entzun daitezke, baina irizpide zehatz barik darabiltzate: emójok, esáijok, edarra botok.

  12. Iraganaldiko 3. pertsonetan Ø- da Nor-i dagokion ezaugarria, z- orokorraren ordez: eban (19), euan (124), eukan (129), ekijena (10). Salbuespenak izan-en adizkiak dira: san (10), siriin (13). Beraz,
    adizki gehienetan z-rik ez dagoenez, ez partikularekin batzen direnean frikaria ahoskatzen da; ez Euskal Herri gehieneko afrikatua: eseban (39), eseuan (94), eseukan (140).

  13. Pluralgileei dagokionez, -te orokorragoaren ordez, -e da Nork-i dagokiona 3. pertsonan: dábe (137), ében (141), ebésen (147). Gainerakoan bi pluralgile daude: -it- eta -s. Batzuetan biak batera ager daitezke aldaera pleonastikoak sortuz: ditxu (47), ditxus, daus, gaitxus, gaitxu, nitxu, nitxus.

  14. Aditz trinkoak erabiltzen dira Lekeition. Mendebaldean ez dira adizki trinkoak guztiz galdu, baina egitura perifrastikoetan partizipio burutua erabiltzen da.

    1. Lau aditz iragangaitz daude:

      1. Juan. Honek adizkiek mendebal sortaldeko ezaugarria den -i- daramate: badoia (31), zóiaz, góiaz.

      2. Egon. -s pluralgilea darama, eta ez leku gehieneko -de: daos, saso, gaos, saóse...

      3. Ibilli. -s pluralgileaz batera -tza- ere eraman dezake forma pleonastikoak sortuz. Hori bai, -tza- bakarrik ez darama inoiz: dabis/dabiltzas, gabis/gabiltzas, sabis/sabiltzas...

      4. Etorri: dator, zatoz, etosan, jatortzus, jatorkus...

    2. Bost aditz iragankor daude:

      1. Erun. Mendebal sortaldeko ezaugarria den -i- darama Lekeition ere: daroia, daróie, daroiágu...

      2. E(d)uki: daukon (131), taukéla (38), badaukes (91), eukan (129)...¡

      3. Ekarri: ekarren, dakarre, dakargu...

      4. Jakiñ: ekijena (10), estakitx (135), estakixe (51)...

      5. *-iño erroarekin esan: díñot (92), diñou, diñoskue...
  1. Partizipioarekin -ta dago mendebal zabalean bezala, eta ez ekialdeko -rik: aburridúta (70), enamoráta (105), markáta (121).

  2. Nork-Nor saileko adizkietan -au- > -a- bilakaera dago: nasu, nasúez.

  3. Mendebal gehienean -e- egon arren, eduki aditzaren forma trinkoetan -au- erroa dago Lekeition: daukona (45), badaukes (91).

  4. Mendebal guztian bezala, aginteran, ahaleran eta subjuntiboan egin saileko aditz laguntzaileak daude Lekeition: ein daigun, emon daijéla, jáixu (< jan éixu), emóixue (< emon eixúe).

  5. Aspektu burutugabeak:

    1. -i eta -n-z bukatzen badira partizipio perfektuak -ten (edo -txen bustiduraz) dago: eséitxen (61), imítxen (134), entzúten (47), esáten (53), ásten (55), ikústen (58), júten (69), itxóten (114), ísten (131), etórten (7)

    2. -tu-z (edo -du-z) bukatzen bada zaharrenek -tuten (-duten) egiten dute baina gazteenek -tzen, transkripzioko gizonak 84 urte dituenez -tuten egiten du beti (salbuespen bat dago: sabáltzen (132)): esautúten (39), ixilddúten (53), sentiúten (71), siñistúten (113), bedeinkatúten (136).

    3. Gainerako kasuetan, hau da, -itu, -idu, -a, -o, -atu eta abar -ten gehitzen da beti: pentzáten (36), gomutáten (38), kantáten (49), altzáten (52), topáten (57), kontáten (65), aburridúten (71), ba[x]atúten (57), jóten (117), íltxen (132).

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia