Saltatu nabigazioa

7.2.1.- Bideak

Historiaurretik bertatik bideak beharrezkoak izan dira gizaki eta merkantzien mugimenduak errazteko. Hasieran, ziurrenik, suharri meategietara edo ehiza oparoagoa zen zonaldeetara heltzeko erabiliko ziren bidezidorrak. Gero, abeltzaintza eta nekazaritzaren behar berriekin eta gizataldeak sedentario bihurtzearekin, herrixken arteko komunikazio bideak finkatuz joan ziren. Aurrerago, merkataritza garatu ahala, distantzia luzeagoko garraioa orokortu zen. Horrela, mendeetan zehar, jendearen joan-etorriek berez sortu zituzten geroago galtzada, errege-bide, gurdibide edo oinezbideak izango ziren ibilbideak.

Hasieran, garaiera jakin batetik igarotzen ziren bideak lehenesten zituzten. Orientaziorako baldintza hobeak izateaz gain, horietatik bailara osoa menpera zitekeen eta edozein arriskuren aurrean babes gehiago eskaintzen zuten. Hala ere, Behe Erdi Arotik aurrera, merkataritzaren garapenarekin, bide zabalagoen beharrizana sortu zen. Hori dela eta, ibaien arroei jarraituz kalitate hobeagoko bideak eraiki ziren. Bideok herri eta hiribilduak zeharkatzen zituzten eta bidaiariek atseden har zezaketen.

Lekeition, eta Lea-Artibai osoan ere, erromatar galtzaden arrastorik ez dugun arren, badugu Erdi Arotik aurrera eraiki ziren bideen berri. Lekeitioko Udal Artxiboan, esaterako, badira bide horiek aipatzen dituzten XVI eta XVIII. mendeen arteko hainbat dokumentu. Horietako batzuetan Bizkaiko korrejidoreak edo hiribilduaren gainetik zegoen bestelako erakunderen batek Kontzejuari agintzen dio Lekeitio inguruko herriekin lotzen zuten errege-bide, galtzada eta bestelako bideak baldintza onetan mantentzeko. Izan ere, beraien ardura zen jaurerriko komunikabideak egoera onean izatea. Adibidez, dokumentuetako batean, Lea ibaia Isuntza ingurutik igarotzen zuen errege-bidearen berri ematen da, baldintza txarretan zegoela eta konpontzeko behar izana zuela zehaztuz. 

Errege-bideak ziren garai bateko komunikazio bideen arteria nagusiak. Sarri lau metroko zabaleraraino irits zitezkeen bide horiek, Erdi Arotik aurrera, merkataritza eta garraioaren garapena ahalbidetu zuten, eta hiribildu nagusiak lotu zituzten. Bizkaiko Foru Zaharrean bide mota horren gorabeherak azaltzen dira. Oro har, harriz egindakoak ziren eta erregeak zuen beraien eraikuntzaren, mantenuaren eta zaintzaren ardura. Hortik datorkio izena.

Bide nagusi horien ostean, gurdibideak ziren, zabalerari dagokionez behintzat, garrantzitsuenak. Gutxi gorabehera bi metro izatera irits zitezkeen, eta izenak dioen bezala herri, herrixka eta produkzio guneen artean merkantziak eta salgaiak garraiatzeko erabiltzen ziren. Hala ere, zehaztu behar da, Behe Erdi Aroan oraindik garraiolariek astoa, mandoa edo bestelako zamariren bat erabili ohi zutela bidaia luzeetarako. Gurdia distantzia laburretarako edo zama astunak garraiatzeko –eraikuntza lanetarako, meha garraiatzeko– baino ez zen erabiltzen. Jendeak ere, gaixoek izan ezik, oro har, oinez bidaiatzen zuen, eta ohikoa izaten zen gurdibidearen aldamenean oinezkoentzako bide estu bat eraikitzea, animalien oinatzek utzitako lokatzetan ez zikintzeko.

Azkenik, bidezidor edo oinezbideak zeuden. Guztietan estuenak, metro eta zentimetro gutxiko zabalera izan ohi zuten, eta errege-bide edo gurdibideak heltzen ez ziren lekuetara heldu ohi ziren, baserri, herrixka edo toki isolatuenetara. Oinez nahiz zaldiz, bide mota horixe zen erabiliena. Gurdibideen kasuan bezala, auzolanean eraikitzen, konpontzen eta zaintzen ziren bide hauek.

Aro Berrian orokortu egin ziren errege-bide eta gurdibideak. Ez da ahaztu behar, besteak beste, artile edo burdingintzako produktuen merkataritzak izan zuen garapena. Ordutik aurrera, gero eta garrantzia handiagoa hartu zuen bidaien iraupenak. Diligentzia eta bestelako garraiobide azkarrek kalitate hobeko bideak eskatzen zituzten. Horrela, XVIII, XIX eta XX. mendeetan, errepide sarea hedatuz joan ahala, zoladura mota ezberdinak erabili ziren. Horien artean berritzaileena automobilaren eskutik iritsi zen galipota.

XIX. mendearen lehen erdialdean, Lekeitio eta inguruko herri eta bailaren artean, hainbat errepide (errege-bide) berri ireki ziren, gehienak ziurrenik aurretik zeuden bideen ibilbideei jarraituz. Adibidez, garai hartakoak dira gaur egun oraindik erabiltzen diren Gernika-Lekeitio errepidea edo Munitibar-Lekeitio errepidea. Bide horien ertzetan ohikoa zen mugarriak jartzea, bidaiariei herri batera edo bestera heltzeko geratzen zitzaizkien legoak adierazteko. Gizaburuaga eta Aulestiko lurretan oraindik badira garai hartako mugarriak.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia