Saltatu nabigazioa

6.4.4.- Abaroa jauregia

Gaur egun Lekeitioko Udalarena da Abaroa jauregia (argazkia). Lekeitioko Udalak monumentu izendatzea eskatu zuen eta hori lortzeko, ikerketa sakon bat eskatu zion Gorka Perez de la Peña adituari. Azterketa horri esker gaur egun gehiago dakigu jauregi honi buruz.

Abaroa jauregia 1891an hasi zen eraikitzen, Jose Maria Abaroa Abaroa (1855-1902) lekeitiarrak udako egoitza jaioterrian kokatzea pentsatu zuenean. Orduan, Pariseko Abaroa bankuaren jabe zen eta Alfred Feine arkitekto frantziar ospetsuari jauregi eder bat diseinatzeko eskatu zion. Era honetara, Abaroak Bigarren Inperioko estiloa ekarri zuen Lekeitiora, Frantzian Napoleon III.aren garaian (1852-1870) nagusitu zen joera artistiko handizalea.

Bigarren Inperioko estilo eklektikoa, Eugenia de Montijoren bitartez heldu zen Euskal Herrira XIX. mendeko 60ko urteetan, Miarritzen neguko egoitza eraiki zuenean. Sasoi hartan eraiki ziren, baita, Miarritzeko kasinoa eta Palais hotela ere.

Abaroa jauregian joera oso neobarrokoa eta handizalea hartzen du Bigarren Inperioko estilo eklektiko horrek. Apaingarri ugariz hornituta dago. Eraikitzeko modu horren adibide garbiena Parisko opera izango litzateke, 1857an berreraikia Haussman baroiaren eskutik, Senako prefektua.

Abaroa jauregia, paristar gustuko aristokrata baten egoitza da. Harresiz kanpo zegoen mendixka baten lursail zabalean eraiki zen jauregia, bolumen kubiko nagusi batean oinarrituz eta lorategiz inguratuta.

Erdisotoa dauka oinarri, eta bertara patio ingeles batetik ere sartu daiteke atzeko fatxadatik. Erdisotoaren gainean behe solairua dago eta, honen gainean, eraikuntzaren gorputza, bi solairuduna. Arbel beltzez egindako teilatua fatxadatik atzeratuta dago, balaustre sendo baten atzean. Erreteilaren arbelezko pieza laukizuzenak lotzeko zinka eta beruna erabili ziren.

Fatxada nagusiak eta atzekoak, bost ardatz dituzte. Atzekoak leiho handi bat du erdian eskailera argiztatzeko.

Barruari begiratuz gero, korridoreek gurutze forma hartzen dute (oinplanoa). Eskailera nagusiak erdiko espazio batera garamatza eta erdiko espazio horrek, solairu bakoitzeko espazio desberdinetara mugitzeko aukera ematen digu. Lehenengo solairuan, gune sozialak kokatu ziren: saloi nagusia, saloi txikia, jangela, billarrean jokatzeko gela, itxarongela eta liburutegia. Liburutegia bulego legez erabiltzen omen zen. Bigarren solairuan, espazio pribatuak dira nagusi: logelak, komun pribatuak eta kapera.

Jauregiak bigarren inperioko estilo eklektiko frantsesari fidel jarraitzen dio, eta apaingarriak tokirik txikienetan ere ageri dira. Nabarmentzekoak dira, adibidez, leihoetako heldulekuetan dituen itsas zaldiak (argazkia).

Familia aristokratiko batentzako, jauregia ez litzateke egingo eraikinaren zati eder bat zerbitzuarentzako bideratu barik. Horrela, erdisotoan, sukaldea, biltegiak, garbiketarako eta plantxarako gelak eta bestelako etxe-lanetarako gelak zeuden (oinplanoa). Bodega eta kalefakzio sistemaren berogailua ere bertan kokatuta zeuden. Kalefakzio sistema zentrala aurrerapen handia zen jauregia eraiki zen garai haietan; bakanak dira ezaugarri hori duten etxeak, solairuetan zehar aire beroa barreiatzen dutenak.

Teilatupeko solairuan zerbitzuaren logelak zeuden eta, baita, josketarako gelak eta ganbarak ere (oinplanoa). Bigarren eskailera batek, zerbitzuarenak, solairu guztiak lotzen ditu. Eskailera nagusiaren paralelo doa, baina ezkutuan. Bitxia da, baita ere, sukaldetik jangelara doan plater igogailua.

Abaroa Jauregiak XIX. mendeko goi burgesiako familien bizimodua ondo ulertzeko aukera ematen digu. Eraikinean errez bereiz daitezke jarduera biren espazioak: zerbitzuarena eta familia aristokratikoarena (oinplanoa I / oinplanoa II). Lorategiak ere bazituen,  aisialdirako nahiz ortu bezala erabiltzeko.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia