Saltatu nabigazioa

4.6.3.1.- Oinplanoa

Oinplanoa  (planoa)

Basilikaren oinplanoa lau tarteko hiru habeartetan banatuta dago eta ez du  gurutzadurarik. XIX. mende amaierako erreforma orduko, elizak hiru abside poligonal zituen, erdikoak bost alde zituen eta alboetakoek hiru. Erreformarekin espazio horiek desmuntatu, eta girola bat eraiki zen. Girola horrek aldarea inguratzen du eta alboetako nabe biak elkartzen ditu.

Tenpluaren nukleoari kapera batzuk gehitu zitzaizkion. Gaur egun, epistolako habeartekoak soilik kontserbatzen dira, beste aldekoak elizapea zaharberritzerakoan kendu baitzituzten. Eliza 27 metro zabal da eta 38 luze, atxikitako girola kontuan hartu gabe. Tamaina hori, baina, nahiko txikia da neurri idealei dagokionez. Hori XV. mendeko Bizkaiko gotikoaren ohiko ezaugarrietako bat da.

Elizaren oinplanoak nahiko diseinu irregularra du, iparraldean bere ardatza desbideratu egiten baita oinetako bi tarteetan. Anomalia hori lurraren ezaugarrien ondorio izan liteke, hasieran eraikina harkaitz-muino baten gainean eraiki zela uste baita, eta horrek beharbada pilareen kokapena baldintzatu zuen.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia