Saltatu nabigazioa

7.1.9.- Arrain industria eta kabanak

XVI. menderako arrainaren gaineko industria presente zegoen Lekeition. Hasieran ez zen erraza izan sektore hau finkatzea, arraina kontserbatzeko eraldaketa prozesuek arrain freskoaren edo prozesuan bertan erabili beharreko lehengaien –olioa, gatza, ozpina– prezioa igotzen baitzuten. Hala ere, 1585. urtean, Kofradia eta Udala akordio batera iritsi ziren industria hori arautzeko.

XVII. mendeko krisiaren garaian, kontserba industria ia desagertu egin zen herrian, ekoizle gehienak Frantziako portuetara mugitu baitziren. Hala ere, XVIII. menderako berriz suspertu zen sektorea, eta ordutik aurrera goraka jarraituko zuen XX. mendera arte.

Hasieran Arrantzaleen Kofradiak zeukan arrain kontserben gaineko monopolioa Lekeition, eta gauza bera gertatzen zen gainerako herrietan ere. Kofradiek kontrolatzen zituzten produkziorako behar ziren baliabide guztiak eta baita salneurriak ere. Erakunde horrek alokatutako lonjetan burutzen ziren kontserba-lanak, herriko etxeen azpiko sotoetan, gehienak esparru txikiegiak eta gaizki aireztatuak. Garai honetan, batez ere bisigu eta atunaren eskabetxean oinarritzen ziren kontserbak. Geroago, antxoa eta sardinak hartu zuten garrantzia.

Jose Navarrete XIX. mende amaierako idazleak zehatz azaltzen digu nola burutzen zen eskabetxe prozesua. Merezi du hitzez hitz hona ekartzea:

“Los bonitos se destripan en la mar y les quitan las cabezas, en el muelle, mujeres que lo hacen sin salario, quedándose con la mitad de aquéllas, cuya grasa utilizan para alimentar los candiles en los caseríos. Llegado el bonito a la fábrica, se trocea con machetes, sobre unos bancos muy toscos, siendo de notar la rapidez y la destreza con que lo ejecutan dos ó tres hombres, sin discrepar en una línea los gruesos de unos trozos á los de otros. Estos se salan, lavan, secan, fríen, tornan á secarse, se meten en barriles de haya con flejes de castaño ó de avellano, se les echa vinagre, se prensan un poco, poniéndose una mujer de pié sobre una tabla que cubre el bonito en el barril, se cierra éste y queda listo para su exportación, siendo los principales mercados Valladolid, Palencia, Zaragoza, Haro, Burgos, Madrid, en cuyas pescaderías figuran, á la puerta, en primer término, los barriles de escabeche.

Los besugos, cuando llegan á la fábrica, se escaman, descabezan, destripan, salan, y lavan perfectamente, y (…) se tienen secándose antes de freírlos y echarles el vinagre en los barriles, un par de días, ó más si es preciso, colgados en ganchos de que están llenos los enrejados de madera [en los desvanes de las fábricas] que forman unos listones verticales, cruzados por otros horizontales clavados á ellos”[1].

Esan dezakegu, XVIII. menderako, kontserba industriak, batez ere eskabetxeak, indar handia zeukala Lekeition. Izan ere, merkatal bide nagusietatik urrun, bertako arraina merkaturatzeko beharrezkoa zen eskabetxetan jartzea. Kontserba modu hori egokia zen gainera, bisigua edo atuna bezalako mami gogorreko arrainentzako, garai hartan arrantzaleek gehien harrapatzen zituzten bi espezieak alegia.

1783. urtean Kofradiak azpiegitura hobetzeko asmoz, Arrieta izeneko etxea erosi zuen Ezpeleta kalean, portutik hurre eta arraina garraiatzeko toki egokian baitzegoen. Horrez gain, badakigu, Untzeta etxea ere alokatzen zuela –gaur egungo keleria (argazkia). Hala ere, bi eraikin horiekin nahikoa ez eta, 1803an, gaur egun kofradia zaharra izenez ezagutzen dugun eraikin handia egin zuen portuan bertan (argazkia).

Eraikuntza prozesua garestia eta neketsua izan zen. Lanez Manuel Bizente Laka Madrilgo Errege Akademiako arkitektoa arduratu zen, eta halaber, hainbat langile espezializatu kontratatu behar izan ziren. 200.000 erreal kuartoko kostua izan zuen guztira eta, behin lanak amaituta, horiei aurre egiteko Kofradiak hainbat industriali alokatu behar izan zien eraikina. Ezbairik gabe, proiektu hori gertaera garrantzitsua izan zen arrain industriarentzat, eta lanak amaitu zirenean ospakizun berezia egin zuten herritarrek, Antiguako Amari eskainitako meza eta guzti.

Kofradiek zuten monopolio hori hausteko lehen ekimena XVIII. mende hasieran burutu zuten hainbat herritarrek Lekeition bertan. Urte horretan Frantzisko Barandikak, Jose Galdonak, Antonio Meauriok eta Marina Amistegik arrain eskabetxeak egiteko kontserba konpainia bat sortu zuten, eta 1745. urtera arte egon zen martxan. Behin bidea zabalduta, atzetik bestelako ekimen batzuk etorri ziren. Horrela, adibidez, 1772an Euskal Herriko lehen kabana eratu zen Ajangizen. Hala ere, ekimen horiek salbuespena baino ez ziren izan, XIX. mendera arte kontserba industriak kofradien esku iraun baitzuen.

Mende horretan hainbat aldaketa gertatu ziren. Batetik, 1810ean Bizkaian eskabetxegintzan jarduteko askatasuna ezarri zen. Bestetik, Lehen Gerra Karlista (1833-1839) amaitzearekin batera aduanak kostaldera mugitu eta ekonomiaren liberalizazioa hasi zen. Egoera berri horretaz baliatuz, hurrengo urteetan kofradien monopolioa hautsiko zuten hainbat enpresa berri sortu ziren. Arrain kontserben industria berri horrek garapen ekonomikoa ekarri zuen euskal portuetara.

XIX. eta XX. mendeetan, behin Arrantzaleen Kofradiaren monopolioa gaindituta, kabanek garapen handia izan zuten. Horrela, 1850eko hamarkadan hainbat enpresa pribatu sortu edo finkatu ziren Lekeition. Horietan lehenengotariko bat Juan Presilla Acha Castro-Urdialeseko kabana jabearena izan zen, herrian “El castreño” izenez ezagutzen zena. 1857rako hamar enpresa zeuden herrian: Juan Domingo Abaituarena, Timoteo Ruizena, Roman Urrizena, Gregorio Urrearena edo Damaso Goikoetxearena besteak beste. XX. mendera heldu ahala gora egin zuen kopuruak.

Horrez gain, Italia eta Frantzian sardinen arrantzak izandako beherakadaren eta Frantzia eta Espainiaren arteko aduana-zergak jaistearen ondorioz, 1860tik aurrera, Europako eskabetxe-egile asko Euskal Herrian finkatuz joan ziren. Horrela, Lekeition kontserba enpresa berriak ezarri zituzten frantses zein italiarrek. Frantsesen artean esanguratsuenak Ribet anaiak, James eta Dumas industria gizonak edo Brieu & C. sozietatea –Croix Roux kontserba marka famatuaren jabea– izan ziren.

Horien atzetik agertu ziren italiarrak. Manuel Pedemonte siziliarra, Salvador Cusimano, Sparaxino Alioto, Angelo Cefalu, Pietro Marino, Juan Billante eta abar. Izan ere, hemen antxoak eta sardinak merkeagoak ziren Italian baino, gainera lekeitiarrak trebeak ziren kontserbagintzan, eta ez zegoen azpiegituretan inbertsio handirik egin beharrik. Hori dela eta, industria gizon horiek negozioa egiteko aukera paregabea ikusi zuten. Udaberritik udazkenera kontserbak egiten zituzten, gero neguan Italiara bueltatu eta bertan saltzeko.

Dokumentuen arabera, Lekeition ezarri zen lehen italiarra aipatu dugun Manuel Pedemonte izan zen. Honek 1892an hirurehun metro karratuko kabana xume bat ezarri zuen portuan. 1930. urtera arte iraun zuten italiar gehienek. Alabaina, joaten azkena Angelo Parodi izan zen, 1964. urtera arte jardun baitzuen berton.

Frantses eta italiarrez gain, XX. mende hasieran zenbait herbeheretar ere etorri ziren Lekeitiora: Theis de Rok, Jay Neÿzen, Enrique Bloem eta abar. Baina frantses eta italiarrek ez bezala, holandarrek ez zituzten kontserbak Lekeition burutzen. Hauek arraina gatzetan jarri eta euren herrialdera bidaltzen zuten kupeletan, gero bertan, kontserbak egiteko.

Laburbilduz, 1860tik 1890era, eta batez ere Lehen Gerra Karlistaren ostetik (1833-1839), eskabetxe industria haziz joan zen Lekeition, bertako nahiz kanpoko jendeak sortutako lantegi berriak zirela eta. XIX. mende amaieran, Elantxobe eta Bermeoren atzetik, Lekeitioko industria zen Bizkaiko garrantzitsuena. Garai hartan, gainera, eskabetxearen ondoan, gatzatzea indarra hartzen hasi zen. Tarte horretan sortu zen, esaterako, La Activa (1865-1991) Garavilla familiaren enpresa. Atea kalean zabaldu zuten lantegia, harresitik kanpo (argazkia). Urteak egin ahala, eraikina handitzen joan zen, eta 1917rako sei etxek osatutako industria-gunea zen.   

XX. mendea oso gorabeheratsua izan zen. Gerra garaietako lehengai eskasia –ontziak egiteko metala esaterako–, produktuak merkaturatzeko zailtasunak edo 1929ko krisiak golpe latza suposatu zuten kontserba industriarako. Hala ere, ekoizleek neurriak hartu zituzten euren ekoizpena babesteko, hala nola salmentak barne merkatura bideratzea edo Kantauriko kontserba ekoizleen federazioa sortzea. Garai horretan sortutako bi enpresa esanguratsu La Universal (1891-1970) (argazkia) eta Conservas Amaya Garavilla (1934-1979) (argazkia) izan ziren. Lehenengoa Bonifacio Okamikak zabaldu zuen Pascual Abaroa etorbidetik hurre, Basoladean. Eskabetxeak eta kontserbak egiten zituzten bertan, eta latak egiteko makinak ere bazituzten. Bigarrena ere Pascual Abaroa etorbidean eraiki zen, eta La Activa enpresa bezala, hau ere Garavilla familiarena zen. Enpresa honen lantegia aurrekoak baino funtzionalagoa zen, hobe argiztatua eta gune zabalez osatua.

Izan ere, XIX eta XX. mendeek, eta industriaren liberalizazioak, aldaketa kuantitatiboez gain kualitatiboak ere ekarri zituzten. Aurreko mendeetan etxeen azpiko lonjetan burutzen bazen kontserba-lana, ordutik aurrera, eraikin modernoetan burutzen hasi ziren. Porlanez egindako fabrika berriak eraiki ziren, aireztatze egokia eta argiztapen ona zutenak.

Kabana berri horiek, oro har, lantegia eta jabearen edo arduradunaren etxea biltzen zuten. Lan-lekua beheko solairuan egoten zen eta etxebizitza, haren gainean. Izan ere, ez zen gehiegizko makineriarik behar izaten kontserbak egiteko. Arraina egosteko upelekin, zatitzeko lanabesekin eta kontserba ontzietan sartzeko beharrezkoak ziren mahaiekin aski izaten zen.

Kontserba industriak herriari oparotasuna eta garatzeko aukera eskaini zion eta, era berean, Lekeition mende horietan egin ziren hirigintza eta hobetze-lanek industria gehiago garatzeko aukera ekarri zuten. Izan ere, gerora Pascual Abaroa etorbidea izango zen lotura-bidea, batik bat, herriko industrien komunikazioak hobetzeko bultzatu zen. Horrela, ordura arte alde zaharrean zeuden kabana zaharrak lekuz mugitu eta, etorbidearen inguruan, aipatu ditugun kabana modernoak eraiki ahal izan ziren. 

Eraldaketa horrek hainbat arazorekin amaitzeko balio izan zuen: kiratsak, garraio arazoak, zaratak, irisgarritasun eskasa eta abar. Beraz, esan daiteke, arrain industriak ere zeresana izan zuela gaur egun ezagutzen dugun herriaren hirigintzan. Kaia, zabalgunea, azpiegiturak eta abar kontserba industriarekin batera joan ziren garatzen.

XX. mende erdialdetik aurrera ekoizpena ia erdira jaitsi zen. Hemendik aurrera gatzatutako arraina izan zen kontserben %77. 1957tik aurrera oreka bat lortu zuen sektoreak zazpi fabrikarekin, eta 1968 arte haziz joan zen. Hala ere, mende amaieran gainbeheran sartu zen kontserba industria, eta XXI. menderen hasieran itxi zituzten ateak azken lantegiek (grafikoa).

Gai honi amaiera emateko, emakumeek sektore horretan izan zuten garrantzia azpimarratu behar da (argazkia). Emakumeak izan ziren arrainaren eraldaketa eta kontserbazio prozesuaren oinarria. Mendeetan zehar arrantzaleen etxeetan emakumeek burutu zituzten arraina kontserbatzeko lanak, nahiz eta eskala txikian eta familia kontsumorako izan.

Sektorea merkatura begira jarri zenean eta lantegiak zabaldu zirenean, emakume berberek bete zituzten lantegietako lanpostu gehienak, nahiz eta enpresen jabeak gizonezkoak izan. Hori dela eta, emakumeek ez zuten euren lan baldintzen gainean erabakiak hartzeko inolako aukerarik: ordutegiak, lan-sariak, funtzioak eta abar. Ordura arteko rol tradizionalek indarrean jarraitu zuten lan munduan ere.

Datuek erakusten dutenez, arrain industriako langileen %94 emakumeak ziren. Horiek hamanbi ordutik gorako lan egunak izaten zituzten eta gizonezko baten soldataren erdia baino ez zuten jasotzen. Gainera, lan kontratuak behin-behinekoak izan ohi ziren. Lantegiko lan neketsuenak emakumeen esku zeuden, hala nola arrainari tripak kentzea, garbitzea, egostea, kupel eta kaxetan sartzea edo karga eta deskargako lanak egitea.

Gizonezkoak %5 inguru baino ez ziren izaten eta, esan bezala, fabrikan lan bera egiteagatik askoz gehiago kobratzen zuten. Aldea handiagoa zen baldintza berberetan lan egiten zuten nerabe eta haurrekin alderatuz gero.

[1] Apraiz, A. 2016. “Kabanak”. Kurik. Ate zulotik ikusten da Lekeitio. 1, 50-65. Lekeitio: Lekeitioko Udala. 51.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia