Saltatu nabigazioa

9.2.3.- Begibakarra eta zeineroak

Begibakarra eta zeineroak[1]

Arrantzaleak itsasora irten aurretik, zeineroek nolako eguraldia zegoen aztertu behar izaten zuten. Egunsentian Talara joaten ziren izarrak eta zerua aztertzera eta, garai hartan, herria gaizki argiztatuta zegoenez, lanpara txiki bat eramaten zuten bidea ikusteko.

Behin, San Juanera iritsi zirenean, emakume ahots goxo-goxo bat entzun zuten handik gertu. Ingurutik zetorren, iluntasunetik, baina ezin zuten inor ikusi. Gauaren iluntasunean norbait abesten ari zen. Egun hartatik, gauero errepikatzen zen kontu berbera: egunsentian San Juanera iristen zirenean emakume bat entzuten zuten abesten, baina han ez zegoen inor. Zeineroak maiteminduta zeuden ahots harekin eta nor zen jakin nahi zuten.

Gau batean, betiko ahotsa entzun ostean, katu handi bat ikusi zuten uretan. Katua irlatik hondartzara zetorren igerian. Harea zapaldu bezain pronto, katuak emakume itxura hartu zuen, eta hantxe ikusi zuten neska eder eta liraina beraien begien aurrean. Baina, hurrengo goizean, gertatutakoa arrantzaleei kontatu zietenean, inork ez zituen sinetsi.

Orduz geroztik, gauero adi-adi eta zain egon arren, ez zuten emakume hura gehiago ikusi. Baina aste batzuk igaro ondoren, betiko erronda egiten ari zirela, han agertu zen katua berriz ere. Zeineroetako batek harri bat jaurti eta eskumako begian jo zuen. Hala ere, katuak ihes egitea lortu zuen.

Biharamunean, arrantzale batzuei bart gertatutakoa kontatzen ari zirela, herriko neskarik ederrena igaro zen beraien aldamenetik. Harrigarria zirudien arren, neska hark eskumako begia benda batez estalita zeraman. Orduan, guztiek pentsatu zuten bera zela aurreko gauetan abesten entzun zuten emakumea, eta nahi zuenean katu bihur zitekeela.

Emakume hark Karlota zuen izena eta Tortola kalean bizi zen, Urkiza dorretxean. Begibakarra zen, eta jendeak zioenez, zeineroak katuari emandako harrikadaren ondorioz galdu zuen begia. Katu hura bera baitzen. Horregatik, sorgina zela uste zuten, eta bere etxean ondasun handiak gordetzen zituela zabaldu zen herrian. Hala ere, gehienek beldur zioten eta, ondorioz, beti ibiltzen zen bakarrik.

Egun batean, gaixotu egin zen. Medikuak esan zuenez, ez zegoen zer eginik. Apaiza eta auzokideak hurreratu ziren bere etxera, azken agurra eman eta zer gertatzen zen ikustera. Karlotak kaxa handi bat zeukan bere logelan, eta auzotarren artean zeuden kuxkuxeroek zabaltzeko keinua egin zuten. Hura ikustean, hil hurren egon arren, begibakarra ohetik jaiki eta ez zien kutxa zabaltzen utzi. Guztiak geratu ziren aho zabalik eta zurrumurru artean kaxoi hartan urrea edo zerbait baliotsua izango zuela iradoki zuten. Hil zenean, kutxa zabaldu eta barruan ereinotz orriak baino ez zituzten aurkitu. Herritarren uste gaiztoen gainetik, Karlota begibakar gajo bat baino ez zen.

[1] Ipuin hau Bittor Txakartegiri (Lekeitio, 1932) 2012an jasotako bertsioan oinarrituta idatzi da.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia