Saltatu nabigazioa

6.2.- Emigrazioa

Euskal Herrian izandako emigrazio prozesua ez da kontu isolatu bat, Iberiar penintsula osoan –batez ere Katalunia eta Kantauriko kostaldean–, eta Europan izandako antzeko prozesuen barnean ulertu behar baita. Izan ere, herrialde batetik bestera doazen emigrazio uholde masiboak sortzeko, beharrezkoa da sorterria uztera behartzen duten arrazoiak eta, aldi berean, helburu den herrialdean harrera on bat ziurtatzeko baldintzak izatea. XIX eta XX. mendeetan euskaldunak emigratzera bultzatu zituzten arrazoiak asko diren arren elkarlotuta daude ezinbestean.

XIX. mendean, ekonomiak eraldaketa prozesu handia bizi izan zuen Euskal Herrian. Lehen sektorean oinarritutako gizarte bat izatetik, gizarte industrial baterako bidea egiten hasi zen. Prozesu hori 1850etik eta, batez ere, 1875etik aurrera gertatu zen, eta hainbat ondorio ekarri zituen. Ondorio nagusien artean, euskal nortasunaren galera, lehen sektorearen ahultzea, estatuko beste eremu batzuetatik jasotako immigrazio masiboa eta hiri nahiz nekazal paisaiaren eraldaketa bortitza ditugu.

Eraldaketa horrek burdin mea izan zuen oinarrian –batez ere Bizkaian–, beste lurralde batzuetan ez bezala, hemengoa oso erraza baitzen ustiatzeko. Era berean, eraldaketa ekonomiko hori izan zen, Euskal Herria gogor astindu zuten bi gerra karlisten (1833-1839 eta 1872-1876) sorburuetako bat. Industrializazioak eskutik ekarri zuen liberalismoak, eta euskal tradizio sozioekonomikoak talka egin zuten. Liberalismoak hainbat eraldaketa ezarri nahi izan zituen, hala nola desamortizazioa, Elizaren boterea ahultzea, foruen ezabatzea, nahitaezko soldaduska, Ebroko aduanak kostaldera mugiaraztea, lehen sektorearen kalterako bigarrenaren eta hirugarrenaren indartzea eta abar.

Liberalek irabazi zituzten gerra biak, eta nekazal mundua kaltetua atera zen prozesu hartatik. Hori dela eta, landa munduko herritar askok gizarte berri horretan geratu baino, nahiago izan zuten Amerikara emigratu. Izan ere, industria gizon handientzat fabriketan lan egin ordez, Ameriketan euren lur jabetza izan zezaketen.

Horrez gain, gerrateek utzitako kalte eta zauriek ere euskaldun asko emigratzeko bultzatu zituen. Ez da ahaztu behar, gerra galtzearen ondorioz, 1876ko uztailaren 21ean Canovas del Castillo Espainiako gobernuburuak euskaldunak ere hiru urteko soldaduska egitera behartzen zituen legea sinatu zuela. Ordutik aurrera, estatuko gainerako lekuetan bezala, Euskal Herriko gazteak ere behartuak egon ziren, gainbeheran zegoen inperioak kolonietan bizi zituen gerra ezberdinetan parte hartzera: Kuba, Puerto Rico, Filipinak eta Maroko. Ezbairik gabe, neurri horrek iheslariak eta emigranteak ekarri zituen berarekin. Aberatsen semeek, hala ere, dirua ordain zezaketen euren ordez ejertzitora beste batzuk joan zitezen.

Gerra karlistez gain, kontuan izan behar da, XIX. mendean eta XX. mendeko lehen herenean, nekazal krisi ezberdinak izan zirela eta, horrek ere, nolabait, gazteak sorterritik alde egitera bultzatu zituela. Baina bestelako arrazoiak ere izan ziren. Oro har, biztanleria haziz joan zen XVIII. mendetik aurrera, batez ere, medikuntzan izandako aurrerakuntzen ondorioz –1787. urtean milioi erdi inguru izatetik 1910ean ia milioi bat izatera–, eta populazioaren areagotze horrek ere gazteria kanpora bultzatu zuen. Gainera, maiorazkoaren ondorioz, seme-alabetan batek bakarrik jasotzen zituen baserri eta lurrak ondorengotzan, eta gainerako neba-arrebek bestelako irtenbideak bilatu behar zituzten, apaiz edo moja sartzea, ejertzitoa edo baita emigrazioa ere.

Ezin ukatu batzuentzat emigrazioa negozio bihurtu zela. Gantxo eta emigrazio agentziek paper garrantzitsua jokatu zuten horretan guztian. Maiz emigranteak zorretan geratzen ziren bidaiatu ahal izateko, eta behin helmuga zuten herrialdera iritsitakoan, zorra kitatzeko egiten zuten lan denboraldi batez.

Arestian aipatu ditugun faktore horiei guztiei, helmuga ziren herrialdeek zeukaten immigrante beharra gehitu behar zaie. Espainiatik independentzia lortu ostean, Ameriketako herrialde gehienek kostaldea eta hiriburuan zeukaten kontzentratua populazioa, eta lur eremu zabalak zeuden oraindik populatzeko zain. Argi azaldu zuen behar hori Alberdi Argentinako presidenteak “gobernar es poblar” esaldi famatua jaurti zuenean. Gainera, Latinoamerikako herrialdeetarako emigrante egokiak ziren euskaldunak. Garaiko testigantzek dioskuten bezala, euskaldunak langile fama izateaz gain, katolikoak baitziren eta gehienek gaztelaniaz hitz egiten baitzekiten. Hortaz, herrialde ezberdinetako erakundeetatik ere sustatu zen euskaldunen emigrazioa.

Amaitzeko, azpimarratu behar da, behin Atlantikoaren beste aldean finkatutako euskaldunek ere emigrante berriak erakarri zituztela urteen joan-etorrian, dei-efektua izendatu izan den horren eraginez. Bestalde, emigratutako euskaldunek sare estuak eraiki zituzten, arlo ekonomiko, politiko nahiz soziokulturalean. Horrela jaio zen euskal diaspora bezala ezagutu izan dena. Sare horiek erraztu egiten zuten helmuga ziren herrialdeetan aurrera egitea.

Ondorioz, kontuan izan behar ditugu zerrendatutako faktore guztiak XIX. eta XX. mendeetan izandako euskal emigrazioa ulertzeko. Emigrazio olatu hori XIX. mende hastapenetan hasi zen, mende erdialdean zehar izan zuen gorengo unea –Espainiak 1853an emigrazioa liberalizatzean–, eta motelaldi bat izan ondoren, berriz ere gora egin zuen 1875etik aurrera, Frankismo garaira arte.

Lekeitiarren kasuan ere emigrazio zerrendak ditugu XIX. mende erdialdetik hasita. 1875etik aurrera lekeitiarrek Amerika aukeratu zuten norako bezala. Batez ere Kaliforniara joaten ziren. Arrantzale asko joan ziren herrialde horretara lanera, batzuetan emakume eta guzti. Baina Filipinetara, Panamara eta Argentinara ere emigratu zuten.

Koldo San Sebastianek bere Basques in the United States (2015) lanean jaso zituen hainbat herritako zerrendak, tartean Lekeitiokoa. Laurehun inguru dira San Sebastianek bildutako lekeitiarrak, guztiak XIX eta XX. mendeetan Estatu Batuetara emigratu zuten gizon nahiz emakumeak. Tamalez, gainerako herrialdeetara joandakoak ez daude zerrendan.  

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia