Saltatu nabigazioa

4.2.1.- Lehen harresia

Alde zaharrean egin diren ikerketa arkeologikoek, I. mendetik V. mendera bitartean, erromatar asentamendu bat egon zela erakutsi dute. Erromatarren hirietan ohikoa zen eran, baliteke orduko nukleoa, jada, harresi batez babestuta egon izana. Hala ere, gaurkoz hipotesi hutsa baino ez da hau.

Hiri-gutunean aipatzen den hesia da dokumentatuta dagoen lehenengoa. 1325. urtean, Lekeitio elizate txiki bat baino ez zen garaian, hesi batez babesturik zegoen jada. Aforamendu agiriak dioen moduan, Bizkaiko andere Maria Diaz Harokoak lekeitiarrei dohaintzan eman zien hesiak barnebiltzen zuena: “A los dichos pobladores [dohaintzan ematen diet] todo lo que es dentro de la çerca, que era de Sancta Maria e mio”[1].

Aipatzen den “çerca” horren tipologia zehatza jakitea ezinezkoa zaigun arren, egurrezko hesi edo itxitura bat izan zitekeela uste da. Izan ere, garai hartan nahiko ohikoa zen, eta jakin badakigu, adibidez Elorriok mota horretako oholesi bat izan zuela. Hala ere, nahiko elementu korapilatsua da. Alde batetik, oso zaila da izan zezakeen trazatu eta hedadura zehaztea.

Gonzalez Cembellinek eliza, jauregiak, eta herrigunea inguratzen zituela defendatzen du. Berak dioenez, hiri-gutunean argi gelditzen da harresiaren barnean zeuden lur eta etxe guztiak ez zirela anderearenak edo Elizarenak.

Ildo honetatik, hesia elizaren inguruan hasiko zela dio, ziurrenik berau ere hesiaren parte izanda. Handik Lumentza mendiko hegian gora eginez, gaur egungo Dominiken komenturantz joko zuen eta Uriarte jauregiaren ingurura helduko zen. Hortik aurrera, zalantza gehiagorekin, Uriarte jauregiaren atzealdetik Gerrikabeitia eta Dendari kaleen arteko bidegurutzeraino jaitsiko zela uste du, handik, beharbada, elizaren ingurura itzuliz Dendari kalean zehar.

Halaber, harresi horrek zenbait ate izan zitzakeela uste da. Haietako bat Andre Mariaren elizaren ondoan egon bide zen, geroago eraiki zen Elexatea delakoaren aitzindaria. Gonzalez Cembellinen trazatua onartuz gero, Gerrikabeitia eta Dendari kaleen bidegurutzean beste bat egon zela pentsa daiteke, eta agian hirugarren bat Berriotxoa kalearen beheko muturrean, Gamarra enparantzaren ondoan.

Oro har, Velillak ere bat egiten du trazatu horrekin. Are gehiago, bere ustez, Uriarte toponimoak lehen gune hesitu horri egingo lioke erreferentzia. Izan ere, Uriarte hitzaren etimologia aztertuz, honek “harresi barruko herria” esan nahi duela dio. Beraz, laburbilduz, eliza, jauregiak eta Uriarte inguruko lehen herrigunea bilduko lituzkeela uste da, eta zenbait ate zeuzkala. 

Bestetik, bere trazatuaz gain, beste hainbat zalantza ere sortzen ditu hesiak. Izan ere, garai hartan ez zen ohikoa lur lauaren parte zen eremu bat hesitua egotea, eta beraz, argitzeko dago, zein den hesiaren jatorria, nortzuk bere sustatzaileak eta zeintzuk eraikitzeko arrazoiak. Honela mintzo da Valle Lersundi auzi hauen inguruan:

La construcción de la muralla plantea una serie de problemas, ya que siendo Lequeitio un concejo de la tierra llana, es difícil que los banderizos le permitieran edificarla. Es posible que por alguna razón de defensa fueran los señores de Vizcaya, que tenían allí su palacio, los que la promovieran, pero es raro que no le dieran en ese momento el fuero de villa. El otro problema es el de la datación que es imposible por el momento”[2].

Velillak asmo ekonomiko edo erlijiosoak izango lituzkeen gune bat sustatzeko nahia ikusten du Lekeition lehen asentamendu hau sortzeko arrazoi nagusi bezala. Bere ustez, hiribildua sortu aurretik zegoen gunea, jauntxoen edo elizgizonen interesek bultzaturik sortua litzateke. Eta oholesia eraikitzeak gune hori babesteko beharrari erantzungo lioke. Jakina baita, garai ezegonkor haietan, gune baten garapenerako ezinbestekoa zela segurtasuna bermatuta egotea.

Ez da uste berdinekoa Cembellin. Nahiz eta, edozein hesiren oinarrizko arrazoia defentsazkoa dela onartu. Bere ustez, garai hartan ez legoke horretarako behar berezirik, bando gerrak oraindik hasi gabe baitzeuden eta ez baitugu piraten edo bestelako taldeen erasorik ezagutzen. Gainera, bere ustez, benetako eraso baten aurrean horrelako oholesi bat ez litzateke batere eraginkorra izango. Beraz, hesiaren benetako funtzioa bi esparru ezberdintzea litzatekeela dio: barruan, balizko erregearen pribilegioak jasoko lituzketen itsasgizon eta merkatariak; kanpoan, usadio zaharren menpe leudeken nekazari eta abeltzainak.

Gune gotortu hori toki horretan eraiki izanaren arrazoiei dagokionez, Bengoetxea, Cajigas eta Peredak hipotesi bat mahai gaineratu zuten. V. eta X. mendeen arteko informazioa oso urria den arren, euren ustez, aurretik egon zen erromatar asentamenduarekin nolabaiteko lotura izango luke lehen hesi horrek babestuko lukeen gunearen sorrerak. Euren hipotesiaren arabera, baliteke erromatarren asentamenduak mendeetan jarraitu izana erreferentziazko gune bat izaten inguru honetan, baita ezegonkortasun aldietan ere.

Hori horrela izanda, ez litzateke harritzekoa erromatarren harresiaren hondarretan eraiki izana gune gotortu hau. Izan ere, Kantauriko kostaldean ohikoa izan zen Goi Erdi Aroko asentamenduak lehenagoko erromatarren kokalekuen gainean berreraikitzea. Errege kristauek bultzaturiko hainbat birpopulatze, erromatar garaiko portuak eta arrain industria kokatu zen lekuetan burutu ziren, horien hondarrak aprobetxatuz. Horren adibide dira, esaterako, Coruña, Bermeo edo Laredo. Leku askotan itsas jarduerek ez baitzuten etenik izan erromatar inperioa erori ostean ere.

Hala ere, gaurkoz ez da hipotesi hori frogatuko lukeen inolako aztarna arkeologikorik aurkitu. Lekeitioko erromatar garaiko aztarnak, batez ere, herriaren beste aldean aurkitu dira orain arte, baina orain gutxi agertutakoak badoaz hurbiltzen Kanpilloko gunera. Izan ere, 2018ko otsailean eliza atzeko gasolindegian egindako indusketa arkeologikoan erromatar aztarnak azaldu ziren.

[1] Enriquez, J., Hidalgo de Cisneros, C., Lorente, A. eta Martinez, A. 1992. Colección documental del archivo de Lequeitio (1325-1474). Fuentes documentales medievales del País Vasco. Donostia: Eusko Ikaskuntza Fundazioa. 30-34.

[2] Valle de Lersundi, J. 1977. “La primitiva villa de Lequeitio” Boletín de la Real Sociedad Bascongada de Amigos del País. Año 33. Cuaderno 1-2, 147-177. Donostia. 176.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia