Saltatu nabigazioa

4.4.- Nagusitza erakusteko dorretxeak

Lur lauko dorretxeak nolakoak ziren badakigun arren, zailagoa zaigu hiribilduetakoen nolakotasuna zehaztea, gutxi baitira gaurdaino iraun dutenak eta gehienak mendeetan zehar hainbat eraldaketa eta zaharberritze jasan baitituzte.

Aurreko atalean esan bezala, XIV. mendeko krisiaren ondorioz, tentsio eta indarkeriak markatutako zenbait belaunaldi bizi izan zituzten euskal lurraldeek. Han eta hemen borrokak ugaldu ziren, eta behe eta goi mailakoen arteko indarkeri ugaritu egin zen. Testuinguru horretan ahaide nagusiek hartu zuten protagonismoa, eta horiek izan ziren dorretxeak eraiki zituztenak, euren boterearen sinbolo izango zirenak.

Gehienetan jatorrizko orubearen bihotzean eraiki zituzten, hau da, lur lauean. Baina hiriak garatu ahala, bertako jarduera ekonomiko berriak kontrolatzeko asmoz eta karguak eskuratu nahiez, hiribilduetan ere finkatzen hasi ziren, eta horietan ere dorretxeak eraiki zituzten. Egoitza aristokratikoak ziren, beste ahaide batzuen erasoetatik eta, oro har, euren etsaietatik defendatzeko babeslekuak. Baita inguruko lurraldea kontrolatzeko kokaguneak ere. Sarritan, batez ere lur laukoen kasuan, inguruan habitat txiki bat zeukaten. Hau da, eliza pribatua, zerbitzarien etxeak, urkamendia, errotak, olak eta abar. Hirietan eraiki zituzten dorretxeetan eranskin horiek murriztu egin zituzten, ez baitziren beharrezkoak. Gehienak, hala ere, oso eraldatuak iritsi zaizkigu, eta ezin daiteke jakin hasieran, zehatz-mehatz, nolakoak ziren.

Hirietako dorretxeak bertako biztanleen arteko ezberdintasun hierarkikoaren isla garbiena ziren. Sarritan hiriaren leku garai eta esanguratsuenetan –Torrezar edo Uriarte– edo harresiaren aldamenean kokatu ohi ziren –Torrezar bera edo portuko atearen ondoan zegoena, kasurako–. Hiriko leku estrategikoak kontrolatuz, eta hiriko urbanismo uniformea apurtuz. Horrez gain, leinuaren armarria izan ohi zuten etxeko aurrealdean, eta denborarekin eta familien aliantzekin gero eta dotore eta konplexuagoak bihurtu ziren. Lekeition, adibidez, ilargi eta izarrarekin ageri den lis loredun konposizioa dugu yarzatar, arteitatar eta likonatarren armarrietan.

XVI. mendean Bizkaia egonkortasun aro batean sartu zen. Horrela, bando gerren amaierarekin dorretxeek euren hasierako funtzio defentsiboa galdu zuten. Erosotasuna lortzeko defentsarako ezaugarriak –almenak, saetak eta abar– galdu zituzten, leiho handiagoak zabaldu ziren eta horietako askok jauregi itxura hartu zuten. Horrez gain, eraldaketa harekin batera, hiriaren egituraketa berrietara egokitu ziren, kasu batzuetan eraikin zibilak atxikiz eta jauregi itxura hartuz. Hala ere, leinuen ikur izaten jarraitu zuten, dorretxe horietan bizitzeak prestigioa baitzekarren eta leinu ohoretsu baten ondorengotza adierazten baitzuen.

Lekeition, hiri-gutuna jaso aurretik Uriarte inguruan bazeuden defentsa funtzioa betetzen zuten dorretxe batzuk, horien artean Torrezar izenez ezagutzen duguna. Hiri-gutuna jaso eta urte gutxira, 1381ean, Gaztelako errege Juan I.ak, ziurrenik botere borrokak saihesteko asmoz, dorretxe gehiago eraikitzeko debekua ezarri zuen hiribilduan: “Otrosi que (…) no fagan casas fuertes de cal o de canto con cortijos ni con menas dentro (…) nin fuera”[1]. Baina argi dago agindu hau ez zela bete.

Erdi Aroko dokumentuek ia ez digute hiribilduan zeuden dorretxeen gaineko informaziorik eskaintzen. Hala ere, Aro Berriaren hasierako informazio iturri ezin hobea daukagu: 1510. urtean ondasunen gainean egindako errolda: Padrón de la Hacendera –hemendik aurrera PH–. Dokumentu horretan hamalau bat dorre daude jasota, eta nahiz eta ez den argi gelditzen hauetatik zenbat ziren benetan nagusitza erakusteko dorretxeak, informazio iturri garrantzitsua da.

Hortaz, oraindik, guztiak zehatz-mehatz ezin koka ditzakegun arren, badakigu XVI. mende hasierarako zabalgune bakoitzean dorretxe bana zegoela, Elexatea auzunean beste bat, Arranegin hiru, Plaza zaharrean bi, Dendari kalean bat eta lau Uriarte auzoan. Horiez gain, beste dokumentu batzuek erakusten dutenaren arabera, baziren dorretxe gehiago ere. Horietatik esanguratsuenak aztertuko ditugu jarraian.

[1] Velilla, J. 1992. Arquitectura y urbanismo en Lekeitio. Siglos XIV a XVIII. UPV-EHU: Serie Tesis Doctorales. 246.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia