Saltatu nabigazioa

4.6.3.3.- Euskarriak eta arkuak

Euskarriak eta arkuak  (planoa)

Euskarriak zilindro itxurako zutabeak dira, oro har, sekzio txikiagoko beste batzuk atxikita dituztenak. Azken horiek gangen eta definitzen dituzten arkuen nerbioak jasotzeko funtzioa dute. Horrela, berme faszikulatuak eratzen dituzte. Kapitelak faxa sinpleak dira, lauak eta apaingarri funtzioa dutenak. Sistema hori Kantauri aldeko gotikoan oso hedatua dago, eta Burgosko katedralaren eraginez zabaldu zela pentsa daiteke. Arku toraleko zutabeetan, berriz, eredua apur bat ezberdina da. Horiek nukleo zilindriko hirukoitzak dituzte eta konplexuagoak dira.

Habearteetako tarte guztietan ohiko arku gotiko zorrotzak antzeman daitezke. Bestalde, beheko argiztapen baoak ere esanguratsuak dira. Burualde zaharrean kontserbatu den bakarra, girolaren erdiko tartetik ikus daiteke. Oso sinplea da, baina era berean izugarri dotorea. Hiru triangelu kurbatuko burbuila da, bi arku trilobulatu zorrotzen gainean, trilobuluak osatzen dituena.

Hegoaldeko habeartearen eta oinetako tarteetako itxidura-horman ageri diren leihoetan ere sinpletasun eta dotorezia berbera antzeman daiteke. Habearteko leihoak hiru leihate zorrotz eta idi-begi bat dira, eta 1979. urteko zaharberritze lanak burutu arte itxita egon ziren. Bestalde, mendebaldeko fatxadako idi-begien trazeria, zirkulu zentral batean oinarrituta dago.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia