Saltatu nabigazioa

4.4.7.- Likona dorrea

Arranegiko zabalgunean kokatua, oso eraldatuta iritsi zaigu Likona dorrea (argazkia). Badakigu XVIII. mende erdialdean zaharberritze lan handiak jasan zituela. 1510. urteko PH dokumentuan likonatarren jabetzatzat jotzen da, eta badirudi, XV. mende hasierakoa dela. Hala ere, likonatarrek XIII. mendetik Uriarte inguruan beste dorretxe bat izan zutela uste da, nahiz eta euren jatorrizko orubea Mendexako elizatean izan.

Aurreko atalean aipatu dugun moduan, 1414. urtean yarzatarrek eta likonatarrek borrokaldi bat izan zuten, eta lehenengo, azken horien dorretxeari eraso ziotela aipatzen da bertan. Hala ere, ez dakigu pasarte horretan aipatzen den dorretxea zein izango ote zen, Uriartekoa ala Arranegikoa. Egia da, pasarteko dorretxea harresi barruan zegoela iradokitzen dela, likonatarren aliatuek harresia igaro behar izan baitzuten laguntzeko. Beraz, Uriartekoa izan zitekeela pentsa dezakegu. Alabaina, kontua ez dago guztiz argi.

Ondoko lizentziak babestua Creative Commons: aitortu 4.0 Lizentzia